“Sondikako alaba naiz, bertan hazi eta bizi izan naiz, eta harrotasuna ematen dit herri honen alde nire hondar aletxoa jarri ahal izateak”, aitortu du EAJ-PNVko hautagaiak gaurko alkate Xabier Zubiaur Agirreren lekukoa hartzean
Naia Landa Bilbao (Sondika, 1988) EAJ-PNVk Sondikan hauteskundeetan aurkeztuko duen zerrendako burua izango da Xabier Zubiaur Agirre egungo alkateak utziko duen aginte makila jasotzeko. Herriko egungo agintari gorenari eskertu dio “ematen ari den laguntza eta indarra”. Orain arteko ildotik jarraituz bidea ondo zehaztuta dauka Landak “Sondika eraikitzen jarraituko dugu sondikoztarren euren eskutik; hurbiltasunez eta herritarrekin, elkarteekin eta gure herriari bizitza ematen dioten taldeekin elkarlanean; ez dago beste modurik”, baieztatu du. Zerrendaburu gaztea “oso harro” agertu da eta ez du ahaztu nahi ondorengo hilabeteetako jardunak “lan eta dedikazio handia” eskatuko diotela, “baina prest nago. Sondikoztarra naiz, berton hazi eta bizi izan naiz beti eta harrotasuna ematen dit herri honen etorkizunaren alde nire hondar aletxoa jarri ahal izatea”, aitortu du harrotasunez.
Landak azaldu du egungo alkateak eta bere lantaldeak “topera” lan egiten jarraituko dutela hemendik aurrera geratzen diren 7 hilabeteotan “eman zen hitza betetzen jarraitzeko”. Bien bitartean “niri dagokit neure burua aurkeztea eta entzutea,etorkizunerako proiektu komun koherente eta iraunkorra diseinatu ahal izateko. Sondikaren behar eta erronketara ondo moldatuko den proiektua”, aurreratu du.
Naia Landa Gizarte Lanean graduatu zen Deustuko Unibertsitatean eta Familiako Esku Hartze eta Bitartekaritza masterra dauka. Gaur egun bere lanbidea uztartzen du Bizkaiko Batzar Nagusietan EAJ-PNVko ahaldun gisa dituen eginkizunekin. Musika da bere pasioetako bat eta Sondikako Pentagrama elkarteko kide bihurtu zen duela 23 urte. Soinua jotzen du aurten 25 urteurrena bete duen taldean. “Biziki gozatzen dut, arnasgunea da niretzat”, aitortu du. Soinu joleen talde gisa sortu zena `sound band´ bihurtu da eta gitarra eta tronpeten soinuak integratzen dira “errepertorio anitza” eskaintzeko “euskal musika, rock eta pop, soinu bandak, eta abar”, azaldu du. Halaber, 25 urtetan Sondikako dantza taldeko dantzari izan da eta herriko `jai batzordeko´ kide izan zen.
Bere herriaren ezaugarrien artean bat aukeratu beharko balu, hautagaiak ondorengoa nabarmendu du: “denok ezagutzen dugu elkar, eta niretzat oso ezaugarri positiboa da hori”, adierazi du. “Beti dago laguntzeko eta indarrak batzeko borondatea: elkarteek, kultur taldeek, kirol taldeek eta bestelako taldeek gure herria bizirik mantentzen dute eta lagunartean gozatzen dudan giroa sortzen dute; ez nuke ezergatik aldatuko”, amaitu du.