Julen Karrion Lamikizek baieztatu duenez Muruetan “hurbiltasunez kudeatzen jarraituko dugu”

2023ko udal hauteskundeei begira, EAJ-PNVko alderdikideek egungo alkatearenganako konfiantza berretsi dute eta honek bere hautagaitza onartzean adierazi du “betiko ilusio, konpromiso eta apaltasunarekin” egin duela “baina baita askoz ere esperientzia handiagoarekin ere”

Julen Karrion Lamikizek baieztatu duenez Muruetan “hurbiltasunez kudeatzen jarraituko dugu” 17Azaroak
2022
2022 AzaroaK 17 |
MURUETA

PARTEKATU

Muruetako Udaleko buru gisa azken lau urteotan egin duen lanak balio izan dio Julen Karrion Lamikiz alkateari EAJ-PNVko alderdikideek Muruetako talde jeltzaleak 2023ko udal hauteskundeetan aurkeztuko duen zerrendako buru aukeratu dezaten. Berriz alkatetzara aurkezten den hautagaiak esan du “betiko ilusio, apaltasun eta konpromisoarekin” onartu duela hautagaitza, “baina askoz ere esperientzia handiagoarekin”. “Muruetako alkate izatea ohore bate da, eta ez dira hitz hutsak”. “Hurbiltasunez kudeatu dugu eta hori izango da gure herrikideei aurkeztuko diegun eredua. Auzolana funtsezkoa da gurea bezalako udalerrian”, baieztatu du.

“Ia lau urteko trebakuntza izan da, pandemiaren eraginez areagotu dena, baina hurbiltasunez kudeatu dugu, zorroztasunez eta sen ona aplikatuz”, adierazi du. Covid-19ak eragin dituen egoeren gainetik, azken hiru urte hauetan Karrionek eta bere lantaldeak 2019ko udal hauteskundeetan Muruetako herritarrei hitzemandako konpromiso gehienak bete dituzte. Hauen artean dago Udalbarri eraikinaren goitik beherako erreforma, udal tabernan berriarekin eta osasun kontsultategi berriarekin; pilotalekua eraberritzeko lanak, alboko itxitura berriarekin, argi berriekin eta dutxa eta komun publiko berriekin; hilerriaren erreforma eta hobekuntza lanak eta bere sarbideak; antzinako eskola erabilera anitzerako gune bihurtzea; aparkaleku berria Eleizalden; Muruetako auzo guztietan gaikako birziklapenerako guneak jartzea; udaletxe berria amaitzea eta martxan jartzea, ikasketa eta lan gela berriarekin; kolektore orokor berria eta Hiri Antolamenduko Plan Orokor Berria, udalerriarentzat hain garrantzitsu eta beharrezkoa dena.

Muruetako EAJ-PNVk lehen urratsak eman ditu dagoeneko hurrengo urteetan garatuko diren proiektuen ildo nagusiak planteatzen, muruetarrek beren konfiantza ematen badiote, jakina: “Bidegorria hobetzen jarraitu nahi dugu, Lorategitik Olatxurainoko bidea eginez; oinezkoen bidea egiten Olaburu-Atzen, Txitxienen, Busturiarekiko lotunean; etorkizuneko ludoteka eta gimnasioa diseinatu nahi ditugu; landa bideak hobetzen eta moldatzen jarraituko dugu, bai eta Hiri Antolamenduko Plan Nagusia garatzen ere. Horrek “bermatuko du Muruetako herritarrek gaur egun eta etorkizunera begira izango dituzten beharren araberako antolamendua”, aurreratu du.

Gaztea izan arren, 23 urte ditu, berraukeraketara aurkezten den hautagaiak politikarekiko interes handia izan du beti. Horrek eraman zuen 2015ean alderdikide egitera. Julen Karrion Zuzenbide Ekonomikoan graduatu zen Deustuko Unibertsitatean eta, gaur egun Gobernantza eta Politika Ikasketak Masterra egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean; kontsumo teknikari ere da Bermeoko OMIC bulegoan. Bertsozale amorratua da (BBK Bertsolari Gazteen Sariketako irabazle izan zen 2017an) eta oso gustuko ditu idaztea, irakurtzea eta futbola (Gernika Sporting B taldeko entrenatzailea da), bai eta batelean itsasadarrera eta itsasora ateratzea ere. Herria bihotzez maite duela aitortu du. “Abiadura eguneko gai bihurtu den honetan, Muruetak eta bertoko jendeak ematen dizkidaten lasaitasuna eta hurbiltasuna gozatzen ditut”, esan du.

Interesatu Zaitez