Bankuei eta energia-enpresei aldi baterako zergak ezartzeko legeari “segurtasun juridiko handiagoa” ematea lortu du Euskal Taldeak

Idoia Sagastizabal diputatuak ospatu du Euskal Taldeak lege-testuari aurkeztu zizkion zortzi zuzenketetatik lau jasotzea lortu izana, baina kritiko agertu da izapidetze prozesuan eraman den prozedura “harrigarriarekin”

Bankuei eta energia-enpresei aldi baterako zergak ezartzeko legeari “segurtasun juridiko handiagoa”  ematea lortu du Euskal Taldeak 17Azaroak
2022
2022 AzaroaK 17 |
Kongresua

PARTEKATU

Kongresuko Euskal Taldeak gaur lortu du Energia-enpresei eta kreditu-erakunde eta kredituko finantza-establezimenduei aldi baterako zergak ezartzeko lege-proposamenari zuzenketak sartzea, lege-testuari “segurtasun juridiko handiagoa” emango diotenak.

Kongresuan Ekonomia Batzordeak egin duen bileran Euskal Taldeko bozeramaile ekonomiko Idoia Sagastizabalek berretsi duenez EAJ-PNVk “babesten du aparteko mozkinak jasotzen ari diren enpresek beren aldetik laguntzea eta krisitik eratorri diren esfortzuak banatzea soilik hiritargoarengan eror ez daitezen, are gutxiago gizatalde zaurgarriengan”. Ildo beretik, Euskal Taldeak zuzenketa batzuk aurkeztu zituen “segurtasun juridikoaren arloko kontu tekniko batzuk konpontzeko eta lege araua hobetzera begira”. Azken finean “neurri horiek epaimahaiek baliogabetu ez ditzaten eta diru-itzulketa handiak gerta ez daitezen”.

Bilkuran hitza hartzeko izan duen tartean Sagastizabal kritiko agertu da Lege Proposamen honen izapidetze prozesuan eman den prozedura “harrigarriarekin”, baina baieztatu duenez “azken orduetan jarrerak hurbildu dira” eta EAJ-PNVk aurkeztu zituen bi zuzenketa onartu ahal izan dira planteatu ziren terminoetan, eta beste bi adostu ahal izan dira. Hala, eta arauaren Zioen azalpenean jasotzen denarekin ados, legea aplikatzeko lurralde esparrua argitu ahal izan da eta negozio kopuru garbitik atera ahal izan dira Hidrokarburoen gaineko zergari dagozkion sarrerak eta beren beregi adierazi dira negozio kopuru garbitik kanpo geratuko diren jarduera arautuak.

Halaber, Euskal Taldeak ospatu du aldi baterako zergapetze hauetan foru erakundeen parte hartzea bermatzea lortu izana, EH Bilduk eta PSOEk adostu duten zuzenketak jasotzen duen bezala. Zuzenketa honen azken idazketarako hartu da Euskal Taldeak gai honen inguruan planteatu duen zuzenketa. EAJ-PNVk begi onez hartu du, beraz, EH Bilduk, 41 urte beranduago bada ere, Euskal Ekonomia Itunaren defentsarekin bat egin izana eta deitoratu du Euskal Taldea ezin izan dela azken zuzenketa honen sinatzaile gisa agertu, EH Bilduk berariaz planteatu duen eskariagatik. “Transakzioa egin da nire taldeak egin duen zuzenketaren hitzekin, gai hau ondo jasotzen baitzuen”, esan du Sagastizabalek. “Eta bitxia da transakzio zuzenketa horretan sartzen utzi ez izana” deitoratu dio diputatu jeltzaleak EH Bilduko bozeramaileari. Euskal Taldeak era berean gogoratu du zerga hauek foru sistemetan egokitzeari buruzko azken erabakia ez dagoela ez PSOE ezta EH Bilduren eskuetan, baizik eta foru herrialdeen euren esku, hiru Herrialde Historikoetako Batzar Nagusien eta Nafarroako Foru Parlamentuaren erantzukizuna izango delako.

Interesatu Zaitez