RNE irratian egin dioten elkarrizketan, Euskal Taldeko bozeramaileak sedizio delituaren aldarazpena babestu du, eta nahiago izan du funts publikoak bidegabe erabiltze delituaren aldarazpena gauzatzeko proposamena jaso arte itxaron, bere taldearen balorazioa emateko
Aitor Esteban, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramailea ´bakarrik bai da baietz´ izenez ezagutzen den Legearen aplikazioa argitzearen alde agertu da gaur. RNE irratian egin dioten elkarrizketan, arauaren egungo idazketa lehenik ebatzitako kasu batzuen berrikusketaren bidez zigorrak arintzea ekartzen ari dela ikusirik, Euskal Taldeko bozeramaileak aitortu duenez “Parlamentuak hutsegite bat egin du epaileei aukerarik emango ez liokeen Aldi Baterako Xedapena ez aurreikustean”. Gauzak horrela, Estebanek baieztatu du “zuzenketa” egin litekeela Auzitegi Gorenak irizpideak bateratuko balitu edo, bestela, Legean modifikazioa eginez.
Edozein kasutan, jeltzaleen bozeramaileak adierazi duenez Montero ministro andreak epaileen kontra egin dituen adierazpenak “ez dira zuzenenak izan” eta gaineratu duenez “behin eta berriz epaileen heziketarik eza izan dela esateak, denak matxistak izango balira bezala, ez dauka inolako zentzurik”. Zentzu berean esan du egoerak “hausnarketa egitea merezi duela” eta Berdintasun Ministerioko titularra animatu du “bere adierazpenak moderatzera eta dena bataila ideologiko ez bihurtzea”.
Estebanek era berean hitz egin du sedizio delituaren erreformaz, PSOEk eta Unidas Podemosek Lege Proposamen baten bidez proposatu dutena. “Katalunian arazo politiko baten aurrean giro politikoa hobetzen lagunduko duen edozer ondo dago”, esan du Estebanek. Bozeramaile jeltzaleak, alabaina, ez du adierazpenik egin funtsak bidegabe erabiltze delituaren aldarazpenaz, oraindik ez baita haren idazketa zehatzik ezagutzen. “Nik ez dut delitu hori modifikatzeko proposamenik egingo; beste batzuek egingo dute eta ez dakit zer terminotan egingo duten. Eta ni ez naiz Zigor Zuzenbideko katedraduna. Beraz, ondo aztertu gabe ez dut iritzia emango”, amaitu du.
Bestetik, Estebanek balioetsi nahi izan ditu Estatuko Aurrekontu Orokorren izapidetze prozesuan EAJ-PNVk lortu dituen akordioak Kupoaren Bost Urteko Legea berritzea barne, gaur bertan Euskal Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan izenpetuko dena, eta Euskal Taldeak aurkeztutako zuzenketen %70 onartzea lortu ondoren. “Beste zuzenketaren bat sartuko dugu Batzordean,bai eta Osokoan ere; uste dut zentzuzko akordio bat lortu dugula”, laburbildu du.
Azkenik, jeltzaleen bozeramaileak aurreratu du Sánchez presidenteak Legegintzaldia amaituko duela; esan du maiatzean ez direla hauteskundeak aurreratuko eta baieztatu du hala egitea “udal,foru eta autonomietako hauteskundeei balioa kentzea” bezala izango litzatekeela.