Ortuzarrek Agirre eta Ormazabal aurkeztu ditu EAJ-PNVren “konpromiso etiko zintzo eta garbiaren” adibide gisa “25 urte geroago ere esan behar dena esan gabe jarraitzen dutenen aurrean”

EBBren presidentea Maeztun izan da gaur José Antonio Susorekin eta Estefanía Beltrán de Herediarekin Arabako IV. Alderdikide Egunaren ospakizunean, non herrialde horretako euskal abertzaletasunaren buru historiko biak gogoratu eta omendu baitira

Ortuzarrek Agirre eta Ormazabal aurkeztu ditu EAJ-PNVren “konpromiso etiko zintzo eta garbiaren” adibide gisa “25 urte geroago ere esan behar dena esan gabe jarraitzen dutenen aurrean” 09Uztailak
2022
2022 UztailaK 09 |
ABB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“Xabier Agirre eta Félix Ormazabal dira Euzko Alderdi Jeltzaleak bere ehun eta hogeita zazpi urteko historian izan dituen ezaugarri biren adibideak: alde batetik, zerbitzu publikoa, alderditik zein erakundeetatik; eta bestetik, konpromiso etiko zintzo eta garbia. EAJ beti egon da historiaren alderdi zuzenean, dela Guda Zibilean, diktaduran, trantsizioan eta berun urteetan. Beti egon gara alderdi egokian, eta denek ezin dute hori esan. Eta bai, horrekin aipatu nahi ditut gure eredu etikoaren aurrean gauzak diren moduan aipatzeko gai ez direnak, beti ‘bai baino ez’ esaten ari direnak. 25 urte geroago ere, oraindik ari dira adierazpen orokorren atzetik ezkutatzen, baina horrenbeste min bidegabea gaitzetsi gabe eta barkamena eskatu gabe”.

Hau izan da Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek gaur Arabako IV. Alderdikide Egunean parte hartzera Maeztura hurbildu diren alderdikide eta alderdizale jeltzaleen aurrean eman duen mezua. Araba Buru Batzarrak ospakizun hau berreskuratu du gaur azken hiru urteetan pandemiaren ondorioz bertan behera utzi behar ondoren. Gaurko ospakizuna baliatu dute jeltzaleek azken hilabeteotan zendu diren Arabako euskal abertzaletasunaren buru eta erreferente bi gogoratzeko eta omentzeko: Xabier Agirre eta Félix Ormazabal. Herri bazkaria baino lehen egin den ekitaldi politikoan EBBren presidentearekin batera hitz egin dute Araba Buru Batzarraren presidente José Antonio Susok eta Senatuko Euskal Taldeko bozeramaile Estefanía Beltrán de Herediak. Aurkezpena egin du Arraia-Maeztuko alkate eta Arabako Mendialdeko Kuadrillaren presidente Anartz Gorrotxategik. Bertan izan dira Agirre eta Ormazabalen alargunak hurrenez hurren Mª Paz Garagalza eta Elena Armengol, beren senideekin . EBBren presidentearen eskutik jaso dute argizaiola eta EBBren presidenteak dedikatutako argazki bana. Xabier Agirreren argazkian idatzi du Ortuzarrek “Dana emon behar jako maite dan askatasunari”; eta Felix Ormazabalenean, “Non hago, zer larretan, Araiako artzaina”. Ekitaldira  joan dira Arabako foru ahaldun nagusi Ramiro González, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburu andre Beatriz Artolazabal, Arabako Batzar Nagusietako presidente Pedro Elosegi; Vitoria-Gasteiz-ko alkatea, Gorka Urtaran eta EBBren Antolakuntza Arloaren burukide arduradun Joseba Aurrekoetxea.

Ortuzarrek azaldu duenez “denek ezin dute esan historiaren alderdi zuzenean egon direla” esatearekin aipatzen zituela “gure eredu etikoaren aurrean, oraindik gauzak diren moduan deitzeko gai ez direnak. Horrekin aipatzen ditut diskisizio faltsuekin ihes egiten dutenak ‘bai baina ez’ esanez. 25 urte geroago adierazpen orokorren atzetik ezkutatzen direnak horrenbesteko mina gaitzetsi gabe eta barkamena eskatu gabe”. Zentzu horretan buru abertzaleak ziurtatu duenez, “proiektu abertzale osasuntsua izateko, herri honek ezin ditu iraganeko zauriak orbandu gabe izan, eta zauri ireki horiek ondo osatzeko, gauzak diren moduan deitu behar dira eta, hortik aurrera, elkarrekin batera herri honen etorkizuna eraiki. Lan horretan buru belarri inplikatuko da EAJ. Hor aurkituko gaituzte beti. Baina beti gauza bakoitza den moduan deituz eta, euskal hiritargoaren borondate nagusia delako, esan beharrekoa esanez: hiltzea txarto egon zela, ETAk ez zuela sekula existitu behar, atentatu eta indarkeria guztiak gaitzesten ditugula”. Ortuzarrek hausnarketa hau itxi du esaldi borobil batekin. “Xabier Agirre eta Félix Ormazabal bezalako erreferenteekin, inor ez dadila etorri guri etika lezioak eman gurean. 25 urte beranduago datoz, gutxienez”, amaitu du.

José Antonio Susok, ABBren presidenteak, Félix Ormazabalek eta Xabier Agirrek EAJ-PNVrekin hitzeman zuten konpromisoaren balioa azpimarratu du “Arabako EAJren etxea berreraikitzeko lana egin behar izan zuten gaur den eraikin irmo eta sendoa egiteko”. Susok nabarmendu du Arabako ahaldun nagusi zirelarik egin zuten lana “Arabako lurraldearen garapenaren alde eta elkarrizketa eta akordioa exijitzen dituen arabar gizarte anitzaren alde”. “Esan ohi dute hiriak eta nekazal esparrua elkarri bizkarra emanda bizi direla. Topiko bat da, bi pertsonek ez dutelako sekula konpartitu Xabier Agirre Gazteiztar peto batek eta Félix Ormazabal bezalako landa gizon batek konpartitu zutena. Biak ziren abertzale petoak, biek partekatzen zuten herritarren zerbitzura lan egiteko bokazioa, bai eta balore eta printzipio etiko sakonak ere. Zintzotasuna eta koherentzia. Ekintzailetza eta zorroztasuna lanean. Biak Arabako abertzaletasunaren erreferente eta ondorengo belaunaldien eredu, eta seguruenik berdin izango dira hemendik aurrera etorriko diren belaunaldientzat ere”, aldarrikatu du Arabako jeltzaleen buruak.

Estefanía Beltrán de Heredia Senatuko Euskal Taldearen bozeramailea izan da ekitaldiari hasiera eman diona Anartz Gorrotxategik bertan elkartu diren pertsonei ongi etorria eman dienean. Beltrán de Herediak nabarmendu du “egoera nahasi global honen erdian tokian tokikotik eragiteak daukan garrantzia” eta ildo horretatik aldarrikatu duenez “herritarrengandik hurbil egon behar dugu erantzun arin eta egokia emateko, alkate jaun andreok pandemiaren momentu gogorrenetan egin duzuen bezala”. “Politika Madriletik egiteak ematen duen distantzia erdiko ikuspuntutik begiratuta, non dena inprobisazioa, koherentziarik eza eta inolako ordena ez duen oilotokia delarik, hausnarketan oinarritutako lanaren kontzientzia hartzea, politikan elkarrizketaren eta akordioaren balioaz ohartzea hiritargoaren beharrei erantzuna emateko: guk ‘modelo PNV’ deitzen duguna”, nabarmendu du bozeramaile jeltzaleak.

Interesatu Zaitez