Europako Parlamentuko EAJ-PNVko diputatu Izaskun Bilbao Barandicak Europako Batzordeari hainbat gai planteatu dizkio Europako erakundeek Batasunaren funtzio publikora sartzeko deitzen dituzten oposizioetan hizkuntzen ezagutzari ematen zaion tratamenduaren inguruan
Hainbat hizkuntza ezagutzea eskatzen ez duten lanposturik ez dagoen inguru eleanitzean, jeltzaleek jakin nahi dute hizkuntza horiek ikasteko “zailtasunak” garrantzirik ote duen aukeraketa prozesu bakoitza ebazteko orduan.
Parlamentuan aurkeztu den ekimen honek oposizio-lehiaketa baten emaitza baliogabe jo duen ebazpen judizial harrigarriarekin du zerikusia, magistratu andreak ulertu baitzuen euskara ikastea “oso zaila” dela. Euskal diputatuak Bruselan azaldu ditu ebazpen honen termino guztiak eta gogora ekarri duenez “oposizioaren oinarriak ezagutzen eta onartu zituzten oposiziora aurkeztu ziren guztiek, antzeko prozesuetan gertatu ohi den bezala”.
Izaskun Bilbaok ekimen honetan gogora ekarri duenez “baldintza berbera dago antzeko prozesuetan; beraz, horren erabaki atipikoak hizkuntza hori ikasi duten eta gainditu beharreko proba guztiak gainditu dituzten pertsonen eskubideak urratzen ditu”. Horregatik, konbentzituta esan du ebazpen hori “goragoko instantzietan baliorik gabe utziko dutela”.
Baina Euroganberako ordezkari jeltzalearentzat benetan harrigarria dena da “erabakia hartu izana ustezko sailkapen batean oinarrituta”, diputatu andre honentzat guztiz ezezaguna delarik eta euskara jartzen duena “munduan ikasten zailenak diren hizkuntzen artean” bosgarren. Baldintza horretan oinarrituta eta “Batasuneko erakundeek eleaniztasuna funtsezko faktore duten oposizioetan duten eskarmentua ezagututa”, Izaskun Bilbao Barandicak hiru galdera zehatz egin nahi izan ditu:
Lehenengo eta behin, jakin nahi du “Batasuneko erakundeek ebazpen hau ustez justifikatzen duen sailkapenik erabiltzen ote duten”. Gainera, jakin nahi du “aurrekaririk ote dagoen eta hizkuntza bat ikasteko “sekulako zailtasuna” inoiz arrazoia izan ote den Batasunean lehiaketa bat bertan behera uzteko”. Amaitzeko, galdetu du Europako erakundeek langileak aukeratzeko prozesuetan, Batasuneko oposizioren batean, kontuan hartzen ote duten hizkuntza bat ezagutzeak suposatzen duen “zailtasuna”.
Ebazpen hau, nire uste apalean, euskara ikasi duten eta aukeraketa prozesu guztiak gainditu dituzten milaka pertsonen eskubideak urratzen ditu, eta magistratu honek bere erabakia justifikatzeko erabili duen “sekulako zailtasuna” ez da sekula eragozpen izan, azaldu du Bilbao Barandicak. Hankaz gora jartzen ditu, gainera, elebitasunaren inguruan dauden oinarrizko kontsentsuak, euskaldunei emateko administrazioarekin beren ama hizkuntzan erlazionatzeko aukera. Azkenik, arbitrariotasun ariketa arriskutsua da, funtzio publikoan sartzeko prozesuetan sekula eman ez dena. Gainera, aniztasuna ere kaltetzen du, Europak bere sorreratik duen balio bat izanik. “Ikasten zaila” izatea kontzeptu subjektiboa da, epaile andreak bere erabaki harrigarria justifikatzeko erabiltzen duen txosten fantasmagorikoa bezala. Erabat eskandalagarria izango litzateke oposizio batean exijitzen den beste edozein diziplinari eragingo balio. “Kasualitatez”, euskara da, berriz ere, jarduteko molde honen biktima”.