Urriaren 18ko Adierazpenaren Balorazioa

Urriaren 18ko Adierazpenaren Balorazioa 18Urriak
2021
2021 UrriaK 18 |
EBB

PARTEKATU

EH Bilduren koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik eta Sorturen idazkari nagusi Arkaitz Rodríguezek gaur egin duten adierazpenaren aurrean, EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarrak ondorengoa adierazi nahi du:

1) Adierazpen honek, bi foliotan eta bost puntutan, ekarpen positiboak jasotzen ditu elkarbizitza berri bat eraikitzeko eta ETAren biktimei erreparazioa emateko, baina aipatu gabe uzten ditu hainbat gako nagusi, zeinetan Ezker Abertzaleak eta talde armatuari babesa eman zion munduak ibilbide etiko eta politiko luzea egiteke duten.

2) Baloratzen dugu, 50 urte geroago, Ezker Abertzaleak aitortzea ETAren biktimen mina “sekula gertatu behar ez zela”. Txalotzen dugu, halaber, Sortuk eta EH Bilduk idatziz hitzematea ETAren biktimen sufrimendua “arintzen saiatzea”. Norabide onean emandako pausu bi dira, eta lagundu egiten diote Euskadin elkarbizitza finkatzeko lanari. Espero duguna da hurrengo jarduerek hitz horiekin bat egitea.

3) Txarretsi behar dugu,aitzitik, Ezker Abertzaleak, berriz ere, esan gabe utzi duela ETAk eta hamarkadatan babesa eman zion munduak eragin zuten mina BIDEGABEA izan zela.

4) Horregatik guztiagatik, uste dugu, eta hala aitortu nahi dugu, Ezker Abertzaleak gaur urrats bat eman duela norabide onean; alabaina, etikoki eta politikoki derrigorrezko jotzen dugu baieztatzea urrats txiki eta eskasa dela, are gehiago kontuan hartzen badugu 10 urte behar izan dituela emateko. Espero dezagun beste hamar urte igaro behar ez izatea Ezker Abertzaleak aitor dezan ETAk eragin zuen minaren bidegabekeria, bai eta talde armatuaren izanaren irakurketa kritikoa egin dezan ere, hori delarik euskal gizarteak aspalditik egin dion exijentzia.

5) Elkarbizitza normalizatu,oso eta behin betikorantz egin behar dugun bide honetan, jakin bezate Ezker Abertzaleko militanteek, luzatuta aurkituko dutela EAJ-PNV osatzen dugun emakume eta gizonon eskua.

Interesatu Zaitez