Artolazabalek azpimarratu du migrazioaren fenomenoa egiturazkoa dela eta, horregatik, beharrezkoa dela bilera sektorial bat deitzea autonomia-erkidego guztiekin

“Gizarte-politiketatik, arazo bilakatzen dena jasotzen dugu”, esan du, eta neurriak hartzeko aldarrikapena egin du

Artolazabalek azpimarratu du migrazioaren fenomenoa egiturazkoa dela eta, horregatik, beharrezkoa dela bilera sektorial bat deitzea autonomia-erkidego guztiekin 19Maiatzak
2021
2021 MaiatzaK 19 |
Eusko Jaurlaritza

PARTEKATU

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur berretsi du premiazkoa dela Escrivá ministroak arloko bilera deitzea, migrazio-politikak aztertzeko. “Egoera zehatzak gorabehera –esaterako Ceutan sortzen ari dena–, migrazioa egiturazko fenomenoa da, eta analisi eta lan partekatua behar ditu”.

“Arazo politikoek irtenbide politikoak behar dituzte”, esan du Artolazabalek. Kazetariek Euskadiko Adinekoen Batzordea proiektua aurkezteko sailburuak Bilbon egin duen prentsaurrekoan egin dizkioten galderei erantzun die.

“Ione Belarra Gizarte Eskubideetako ministroak dei egin digu autonomia-erkidegooi gaur arratsadean bilera bat egiteko, Ceutan bizitzen ari den krisi humanitarioari heltzeko. Euskadi beti izan da solidarioa, eta oraingoan ere izango da”, esan du Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako titularrak. “Gizarte-politiketatik, dagoeneko arazo bilakatzen dena jasotzen dugu; horregatik aldarrikatzen dugu arloko bilera egitea migrazio-politiken inguruan, izan ere, gure ustez, hausnartu egin behar da, komunikazio-kanal bat ezarri behar da eta erantzun azkarra, gizatiarra, proportzionatua, iraunkorra eta solidarioa eman behar da”.

“Posible da zenbait egoeratarako erantzun posible bat antolatzea”, esan du. Euskadin, atzo bertan, foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak lehen bilera izan zuten, bidaiderik gabeko adingabe migratzaileak iritsiz gero beharrezkoak izango diren erantzun posibleetan aurrera egiteko. Erakundeen arteko bilera hori migratzaileen kolektiboari arreta emateko tartean diren erakundeek abian duten lankidetza-lanean kokatzen da.

Sailburuak, era berean, mahai gainean Eusko Jaurlaritzak 2015ean egin zuen Share proposamena jartzea azpimarratu du, zeinak urrats batzuk ezartzen baititu migratzaileen fluxuak ratio batzuen arabera banatzeko. “Oraingoz, ez dugu Espainiako Gobernuak edo beste autonomia-erkidego batek eginiko bestelako proposamenen berririk”.

Interesatu Zaitez