"Kirol-jarduera egiten dutenen osasuna eta segurtasuna bermatzea da helburua, eta orain arte umezurtz geratu den erregulazio-eremua profesionalizatzea", esan du Rakel Molina legebiltzarkideak, ekimenaren defentsan
Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak tramiterako onartu du EAJ-PNVk eta PSE-EEk kirolaren jardun profesionala arautzeko egindako proposamena, intrusismoaren zifra kezkagarriak arinduz eta pertsonen osasuna eta kirol-jarduera segurua bermatzeko zerbitzu hobea lortuz. Lege Proposamenak sektorearen profesionalizazioa aurreikusten du, orain arteko arauketa propioaren eremu umezurtza. Rakel Molina legebiltzarkide jeltzaleak nabarmendu egin du boluntarioen irudia errespetatuz, arauak lan-irteera egokia eman nahi diela kirol-ikasketak amaitu dituzten pertsona guztiei, unibertsitate-ikasketak edo Lanbide Heziketakoak izan.
Ekimen horren defentsan, Molinak esan du "prestakuntzari lehentasuna ematea" dela helburua, "Kirola beharrezko plangintzarik gabe egiteak kontrako eragina izan dezakeelako eta osasunerako kaltegarria izan daitekeelako. Baztertu nahi dugu edonork adieraz diezagukeela nola egin jarduera bat. Profesionalizazio eskasari gehitu behar zaio egiten diren jardueren erdia baino gehiago boluntarioek egiten dutela, eta hemendik asko eskertzen diegu beren lana". Hala, eta Euskadin jarduera horretan aritzen direnen lan-egoera prekarioa argudiatzeko, Molinak zehaztu du lege honek arautu nahi dituen lanbideren batean diharduten 20.000 pertsonetatik % 61ek ez duela prestakuntza edo titulazio egokia, eta horietatik % 24k ez duela inolako prestakuntzarik eta % 37k duela, baina ez dela nahikoa. Praktikan, errealitate horrek zaildu egiten du titulazio egokia duten pertsonek lanposturik aurkitzea. Azken finean, Legebiltzarrak Legea onartzen badu, lanbidea "duintzeko" eta, aldi berean, eskainitako zerbitzuen "segurtasuna indartzeko" aurrerapauso garrantzitsua emango dugu, osasunari kalterik ez egiteko.
Lege Proposamenak bere artikuluetan jasotzen ditu kirol arloko lanbideen definizioa, lanbide horietako bakoitzaren jardun-eremuak eta lanbide horietan jarduteko eskatuko den kualifikazioa, bai kirol profesionalean, bai boluntariotzan. Hala, araututa geratuko dira praktikatzen duten pertsonen osasunean eta segurtasunean eragin zuzena duten lanbide guztiak, hala nola gorputz-hezkuntzako irakaslea, kirol-monitorea jolas-eremuan, entrenatzailea lehiaketa-eremuan eta zuzendaria. Ordezkari jeltzaleak legearen aplikazioa progresiboa dela azpimarratu du, izan ere, lau urteko tartea emango da, 2025era arte, arlo horretan lanean ari direnek eskakizun berrietara egokitzeko aukera izan dezaten. "Denbora tarte zabal eta zentzuzko batez ari gara, pertsonek egokitzeko denbora izan dezaten. Ez dugu trantsizio traumatikorik nahi", zehaztu du.
Molinak taldeei adierazi die proposamen honek adostasun handia lortu nahi duela eta tramitazioan zehar hobetu ahal izango dela guztien ekarpenekin. Ildo horretan, antzeko testua dela gogorarazi du, Eusko Jaurlaritzak aurreko legealdian landu zuena, baina aurreko legealdian agortu egin zen eta ekimena bertan behera geratu zen. "Ez da galdutako denbora izan, kontrakoa. Denbora horri esker, lege honi buruzko hainbat ikuspuntu eta gogoeta trukatu ahal izan ditugu. Eta baita gaur aurkezten ari garen Proposamen berri honetan txertatzea eta zehaztea ere, ikuspegi zabalago batekin jaio dadin", gaineratu du.