1.000 haritzeko baso berri bat izango da Gasteizen, Zabalganean

1.000 haritzeko baso berri bat izango da Gasteizen, Zabalganean, enpresa lokal baten ekimenez. ‘Albia basoa’ ekimena aurkeztu du gaur Albia taldeak, hiriko karbono-isuriak murrizten laguntzea helburu, iraunkortasunaren eta ingurumen-inpaktua gutxitzearen aldeko konpromisoaren haritik.

1.000 haritzeko baso berri bat izango da Gasteizen, Zabalganean 24Otsailak
2021
2021 OtsailaK 24 |
GASTEIZ

PARTEKATU

Zabalganeko basoan egin den aurkezpen-ekitaldian, landaketa sinboliko bat egin dute ehorztetxearen eta Udalaren ordezkariek —Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Ingurumen Plangintzaren eta Kudeaketaren zinegotzi César Fernández de Landa izan dira bertan—, eta Eraztun Berdeko baso horretako 2.500 metro koadroko eremuan landatuko diren 1.000 erkametzetatik —Quercus faginea— lehena landatu.

Alkateak eskertu egin dio ekimena Albiari, eta orobat basoa landatzeko hiria aukeratu izana, gerora beste herri batzuetan besterik landatzeko asmorik badu ere. “Larrialdi klimatikoko egoeran gaude. Zorionez, duela ia hiru hamarkada jabetu ziren horretaz hiri hau eta erakunde hau, eta neurriak hartzen hasi ginen, planak idazten, bide hori urratzen jarraitzeko ongi kokatuta egotera garamatzaten politikak bideratzen. Pozik ikusten dugu zenbateraino kontzientzia hartu duten herritarrek eta enpresek, mundu osoan, baita gure inguruko enpresek ere, eta honen gisako ekintzak bideratzen dituzten, edo beren lan-prozesuetan irizpide arduratsuak txertatzen. Oso pozgarria zait landaketa honetan parte hartzea, uste baitut denok bat egin beharra daukagula klima-aldaketaren kontrako borrokan. Modu kolektibo eta indibidualean konprometitzen gaituen erronka bat dugu”, nabarmendu du alkateak, eta bidenabar azaldu du 1.000 erkametz horien landaketa hiriak aldian-aldian egiten dituen landaketei gehitu behar zaiela. “Eraztun berdean eta landa-eremuan moztutako zuhaitz bakoitzeko, beste 15 landatu ditu Udalak, azken bi urteotan”, gaineratu du.

Albiaren agenda berdearen barruan sartzen den erkametz-landaketa horren bitartez, CO2 nabarmen murriztuko dela kalkulatzen da. Izan ere, espezie horretako zuhaitz bakoitzak 0,13 t CO2 xurgatzen du.

Horrela, ingurumenarekiko konpromisoa sendotu nahi du Albia enpresak, bere jardueran ingurumen-arriskuen kudeaketa hobetzeko egiten dituen beste ekintza batzuei gehituz ekimen hori. Orobat eskaintzen dizkie familiei ingurumenarekin begirunez jokatzen duten produktu eta zerbitzuak, hala nola material biodegradagarriekin egindako errauts-kutxatila eta hilkutxak, besteak beste. “Gasteizko proiektu honek bereziki pozten gaitu, eskualdearekin dugun konpromisoagatik, baina baita naturarekiko eta ingurumenaren zaintzarekiko dugun errespetuaren adierazgarri gisa ere. Energia-efizientziaren printzipioa aintzakotzat hartuta lan egiteko aukera ematen diguten azpiegiturekin lan egiten dugu beti, energia berriztagarriak eta horien erabilera efizientea uztartuz, CO2 isuriak murrizteko eta, hartara, kutsadura atmosferikoa eta ingurumen-inpaktua gutxitzeko”, nabarmendu du Albia taldeko Juan Rodríguezek.

 

iturria: https://www.vitoria-gasteiz.org/wb021/was/contenidoAction.do?lang=eu&locale=eu&idioma=eu&uid=u5b0f2dcb_177d275f3ca__7fca

Interesatu Zaitez