Errealitate areagotuko horma-irudi batek ekarriko du berriro tren txikia Maeztuko kaleetara

Irantzu Lekuek egin du artelana, Tecnaliarekin batera. Arabako Foru Aldundiak Arraia-Maeztuko Udalak eta Vital Fundazioak finantzatu dute artelana, eta Eusko Jaurlaritzaren KSI Berritzaile programak lagundu

Errealitate areagotuko horma-irudi batek ekarriko du berriro tren txikia Maeztuko kaleetara 19Otsailak
2021
2021 OtsailaK 19 |
ARRAIA-MAEZTU

PARTEKATU

Irantzuk horma-irudigintza eta errealitate areagotua uztartzen ditu oraingo lanean. Hala, bada, Flashback: El Trenico mugikorreko APParen bidez ikusleek, ikusteaz gain, entzun eta sentitu egingo dute irudiaz haraindi, gure eskualdeko memoria bizian murgiltzeraino.

Artelan honek Tren txikiaren oroitzapenak biziberritzen ditu, El Ferrocarril VascoNavarro, 1889tik 1967ra Bergara (Gipuzkoa) eta Lizarra (Nafarroa) lotu zituen trenbidea. Proiektuak Arabako Maeztu herria izan du kokagune eta indargune parte-hartzaile nagusia, eta han gauzatu du Lekuek oroitze-prozesua, bizilagunekin batera margotutako horma-irudiaren bidez eta argazki- eta grabazio-bilduma batez, zeinetan islatzen diren garai hartako jendea, haren bizipenak eta geltokiko kontakizunak.

Lanak garaiko objektuak (maletak, txilibituak, ticket zaharrak…), soinuak eta kontakizunak biltzen ditu, eta elementu horiek kultura material eta immateriala dakarkigu, Arraia-Maeztuko bizilagunen laguntzari eta parte-hartzeari esker berreskuratua. Ildo berean, horma-irudia leiho modukoa dugu eta errealitate areagotuari esker gainditu ahal dugu paretako irudia, Flashback: El Trenico baliaturik. Aplikazioa TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak diseinatu du, eta Google Play-n dago deskargagarri. Erabiltzaileak telefono mugikorraren bidez eskuratu ditzake kontakizunak, 3Dko objektuak, artxiboko irudiak eta tren txikia bera ikusi, berriro martxan burdinbide zaharrean, egungo bide berde bilakaturik.

Anartz Gorrotxategi Arraia-Maeztuko alkateak ezinbesteko deritzo Tren txikiak bildu zituen ondarea, lekukotzak eta historia ezagutzeari, ulertzeari eta zabaltzeari, funtsezko erreminta baita herri eta gizarte jasangarriagoak dimentsio guztietan osatze aldera: dimentsio kulturalean, ekonomikoan eta ingurugirokoan.

Inauguraziora Josean Galera Ingurumen eta Hirigintzako diputatua ere joan da, eta nabarmendu du Vasco-Navarroren garrantzia herrialdearen iraganean eta etorkizunean. Tren txikiak ekarri zituen aukerek eta mugikortasunak bide eman diote Arabako bide berde garrantzitsuenetako bati, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu garbiari. Izan ere, VascoNavarroko bide berdeak 220.000 txirrindulari eta ibiltari ekartzen ditu, Izkiko parke naturalak eta arabar landa-eremuaren ondareak erakarririk.

iturria: http://arabapress.eus/ficheros/NP%20mural%20trenico%20eus.pdf

Interesatu Zaitez