Estibaliz Larrauri legebiltzarkide jeltzaleak Euskadiren errealitatearekin bat ez datozen usteetan edo pertzepzioetan ez oinarritzea eskatu du, eta prozedurarik egokiena erabiltzearen alde egin du: plangintza eta arauzko bidea
Estibaliz Larrauri EAJ-PNVko legebiltzarkideak azpimarratu du Eusko Jaurlaritza murgilduta dagoela eta aurrera egiten ari dela Euskadiko jokoaren araudiaren aldaketan, sektore hori antolatzen jarraitzeko helburuarekin, eta, horretarako, Euskadiko errealitatearekin bat ez datozen beste leku batzuetako suposizio, pertzepzio edo formula inportatuetan ez oinarritzea eskatu du, baizik eta prozesu zorrotz batean, gure errealitatera egokitzen den oinarri sendoarekin.
Larraurik, ostegun honetan Eusko Legebiltzarrean egindako osoko bilkuran, konpartitu du gizartean gero eta kezka handiagoa dagoela azken urteotan gehiegizko jokoak eragindako arazoengatik eta kolektibo ahulenak babestu behar direla, zeharkako arazo publiko bat.
Jeltzaleen ordezkariak adierazi duenez, bide egokia Eusko Jaurlaritza dagoeneko egiten ari dena da, araudia aldatuta eta plangintza eginda, Elkarrekin Podemosek Legebiltzarrean eskatu bezala. "Gobernuaren bidea gehiago egokitzen da errealitate sozioekonomikora eta Euskadiren egungo beharretara. Batetik, Eusko Jaurlaritzak hasitako aldaketa prozesua lege baten tramitazioa baino lehenago amaituko litzatekeelako; eta, bestetik, araudia antolaketa malguagoa delako eta jokoaren sektorearekin hain aldakorra den errealitatera hobeto egokitzea ahalbidetzen duelako", esan du.
Ildo horretan, nabarmendu du Eusko Jaurlaritza aurrerapausoak ematen ari dela bereziki joko-lokalen sarbide-kontrolean jartzen duten neurrietan, bai adingabeentzat, bai sarrera debekatuta duten pertsonentzat; baita jokoaren publizitatearekin lotutako gaietan; eta ikuskapen- eta kontrol-lanetan ere. Horretarako, "Uste dugu Eusko Jaurlaritzak abiatutako prozesua egokiena dela formari eta funtsari dagokionez, beste administrazio batzuekin koordinatuta, gardena eta gure eskumenak defendatzen dituena jokoaren arloan, mehatxu birzentralizatzaileen aurrean", esan du Larraurik.