Klandestinitate garaitik Arabako erakunde jeltzalearen eraikuntzako eragile nagusienetakoa eta birritan Araba Buru Batzarreko presidente izan zelarik, Agirre gaur zendu da 69 urte zituela
Xabier Agirre López, Arabako abertzaletasunaren erreferente historikoa eta euskal politikaren erreferente etikoa, gaur gauean, Iruñan zendu da 69 urte zituela. Euzkadi Buru Batzarrak, Araba Buru Batzarrak eta Arabako eta Euskadi osoko milaka alderdikide eta alderdizale jeltzalek dolumin handiz hartu dute birritan Arabako exekutiba jeltzaleko buru izan zenaren heriotzaren albistea.
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak adierazi du Agirreren heriotzak hutsune handia utzi duela Alderdian eta Arabako eta Euskadiko politikagintzan. “Xabier dena izan da Arabako politikagintzan, baita Euzko Alderdi Jeltzalean ere. Militante ausarta klandestinitate garaian, EBBko burukide trantsizio garaiko urterik gogorrenetan eta Alderdiaren eszisio garaian, Araba Buru Batzarreko presidente, Eusko Legebiltzarkide,… Xabierrek toki eta ardura guztietarako abertzale gisa izan dituen erantzukizunetako batzuk baino ez dira. Baina ez bakarrik barruko esparru politikoan, baita instituzionalean ere, Xabier Arabako Ahaldun Nagusi izan zen laurogeigarren hamarkada gatazkatsuan Eusko Jaurlaritzan Herrizaingo Sailburuorde gisa lan egin ondoren. Euskadin gutxi dira berak egin duena moduko ibilbide politiko luze eta oparoa egin dutenak. Eta horren anitza, gainera. Euskadik eta EAJk erreferente politiko eta etiko bat galdu dute gaur”, baieztatu du Ortuzarrek.
Iñigo Urkullu lehendakariak bat egin du familia jeltzalearen saminarekin, Agirreren galera dela eta. "Xabier Agirreren bizitza bere familiarekiko, Arabako gizartearekiko eta euskal herriarekiko konpromisoak markatu du. Hurbiltasuna eta konpromisoa erakutsi zituen beti Arabako eta Euskadiko kulturaren, nortasunaren eta Eskubide Historikoen defentsan. Gaur saminez eta elkartasunez agurtuko dugu bere senide eta senideentzat, eta beti gogoratuko dugu bere betiko irribarre zabalaz. Gizon osoa, gizatiarra, konprometitua eta gertukoa ", esan du Urkulluk.
ABBko presidente José Antonio Susok bere mina adierazi du Agirreren galerak jeltzaleak doluminez jarri dituela nabarmenduz. “Pertsona bikain batek utzi gaitu, alderdikide eta militante petoa, gure herriaren askatasunen defendatzaile sutsua. Abertzale bikaina eta buruzagi politiko ona, belaunaldi oso baten eredua izan dena, klandestinitate garaitik hasi baitziren gaur egun Arabako Euzko Alderdi Jeltzalearen oinarriak finkatzen”, nabarmendu du Susok.
Xabierrek berak esan ohi zuen bezala goitik beherako gasteiztarra zen bera. Gasteizko alde zaharrean jaio zen, Arabako hiriburuko erdi aroko hirigunean, 1951eko apirilaren 8an, bizitza profesionalean Vitoria-Gasteizko Aurrezki Kutxan hasi zen, buru belarri EAJ-PNVren zeregin politikoetan sartu baino lehen eta Alderdian egin duen ibilbide oparoa hasi aurretik. 1983an Araba Buru Batzarreko presidente bilakatu zen lehen aldiz. ordura arte Arabako exekutibako buru izan zen Mikel Estabillo zoritxarreko istripu batean hil ondoren. ABBko buru izan zen 1987ra arte. Garai latzak izan ziren ordukoak Alderdiaren baitan eman zen eszisioaren ondorioz. Agirreri, bere ibilbide profesionalean, hainbatetan egokitu zaio Alderdi barruko karguez arduratzea. 1996tik 2000era bitartean Jose Mª Gerenabarrenak zuzentzen zuen Araba Buru Batzarreko burukide izan zen. Urte hartako urtarriletik eta 2004ra bitartean Euzkadi Buru Batzarreko burukide izan zen. 2012ko martxoan, bigarren aldiz, Araba Buru Batzarreko presidente bihurtu zen eta kargua 2016an utzi zuen, bere lekukoa Susori utziz.
Xabier Agirrek harreman estu eta oparoa izan du politika instituzionalarekin. 1987tik 1989ra eta 1999tik-2003ra Arabako Batzar Nagusietako prokuradore izan zen. Foru Erakundeetan barruko lana egin ondoren, 2007ko uztailean Arabako Ahaldun Nagusi bihurtu zen. Arabako Foru Exekutiboko burua zelarik, Agirrek behin eta berriz erakutsi zuen berarentzat `elkarrizketa´ eta `akordioa´ hitzek duten balioa, Arabako gizartearen aniztasunaz jabeturik. Arabako hiritarrek behin eta berriz egiaztatu ahal izan zuen Xabier Agirre dena emateko prest zegoela bere Herrialdearen alde .Hala erakutsi zuen Ahaldun Nagusi gisa, Herrialde osoaren interesak defendatuz eta lurraldearen garapen orekatua bultzatuz, Arabako Koadrila bakar bat atzean gera ez zedin. Hainbat gauza esan litezke Arabako Foru Aldundiko buru gisa egin zuen lanaz. Herritarrek oraindik gogoratzen dute, besteak beste, Deportivo Alavés futbol taldea egoera tamalgarrian zegoela Dmitri Piterman ukrainarraren kudeaketa ezin okerragoaren ondorioz. Honetan ere, beste arlo guztietan bezala, Agirrek bere bizitza osoan bete zuen goiburua aplikatu zuen: “Lana, lana, lana”.
1990tik aurrera eta bederatzi urtetan, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailburu gisa jardun zuen Juan Maria Atutxa Sailburu izan zelarik. Burdin eta berun urteak izan ziren haiek, Euskadin ETAren terrorismo eta jazarpenaren mende bizi genituenak.
Oratoria aberatseko gizona zelarik, Agirrek bi aldiz lortu zuen Eusko Legebiltzarreko eserleku bat, Arabako ordezkari gisa. Lehenengoa, 2004. urtetik aurrera. Bigarrena, 2012-2016 legegintzaldian. Beti izan zuen gogoan, harrotasunez, Madrilgo Diputatuen Kongresuan Trebiñuko barrendegia Arabari eranstea eskatzeko Eusko Legebiltzarrak eskuordetutako batzordean parte hartu izana, bertako biztanleek hala nahi izan zutelako.
Abertzale zintzo eta garbia, Xabier Agirre erreferente bat da, politikan eta etikan, eta EAJ-PNV politikan hasteko abiapuntu izan duten pertsona askorentzat ispilu.
Xabier, agur eta ohore!
Goian bego.