Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak Felipe VI.ari erreklamatu dio esparru militarretik helarazi zaizkion eskutitzei “erantzun egokia” eman diezaiela, “bere isiltasuna alderdi batetik zein bestetik txarto interpreta daitekeelako”
“Konstituzioa bahituta dago, auzitan dago eta bete gabe jarraitzen du. Krisian dago hainbat ataletan: Estatuko buruaren estatusa, botere exekutiboaren aukeraketa, legegilearen gaitasuna, judizialaren aukeraketa, euskal eta kataluniar nazio auziei dagokienaz aparte”. Hitz horiekin deskribatu du Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, `Karta Magna´ deritzonaren gaur egungo egoera, Konstituzioa onartu zenetik 42. urte betetzen direla. Egoera prekario hau ematen da, ordezkari jeltzalearen hitzetan `konstituzionalista´ deitzen diren alderdiek egiten duten interpretazio berezi eta bitxiagatik, “bestela interpretatzen dugunoi zilegitasun instituzionala ukatuz eta tapoi edo defentsarako instrumentu gisa erabiliz beren ikuskera ideologikoa errealitate bihurtzeko, eta ez gainerakoekin akordioetara iristeko”.
Estebanek prentsaurrekoa eskaini du gaur Sabin Etxean, eta bertan gogoratu duenez 1978ko abenduaren 6an “Euskadiko erroldak, gehiengo handi batez, ez zuen Konstituzioa babestu eta Konstituzioarekiko urruntze horrek bere horretan jarraitzen du eta nagusi da gaur egun euskal hiritarren artean”. Era berean salatu duenez “Gernikako Estatutua, Konstituzioa nolabait osatzen duena, ez da betetzen eta oraindik eztabaidatzen ari gara osatzeko falta diren eskuduntza batzuen inguruan”. Bozeramaile jeltzaleak baieztatu du Konstituzioaren krisi honek Espainiako estatuko estamentu nagusiei eragiten diela, estatuko burutzatik hasi eta botere judizialeraino, botere exekutiboa eta legegilea barne. Era berean, konpondu gabe jarraitzen dute euskal eta kataluniar nazio auziek”.
Estebanek Estatuko Burutzaren inguruan baieztatu duenez “Estatuko Buruaren bortxaezintasunak inoiz baino zentzu murritzagoa du. Dagoeneko ezin da ulertu Erregea, gertatzen dena gertatzen dela, auzitegietara eramaterik ez egotea. Ezagutu diren azken datuek are presazkoago egiten dute Espainiako Konstituzioa aldaraztea”. Halaber, bozeramaile jeltzaleak Felipe VI.ari erreklamatu dio esparru militarretik helarazi bidali zaizkion eskutitz konprometituei “erantzun egokia” ematea.”Hiritarren artean ez dago zalantzarik Espainiako ejertzitoaren baitan halako jarrerak, pentsamenduak eta Konstituzioaren interpretazioak ematen direla eta gailentzen direla. Horregatik, Estatuko Burua izan beharko litzateke eskutitz horiek erantzun egokia eman beharko liekeen lehena, bere isiltasuna alde batetik zein bestetik txarto interpreta daitekeelako. Esan dezala, eskutitz horiei buruz zer pentsatzen duen. Argi utz dezala esparru demokratikotik kanpo gainditu nahi diren mugak zein diren. Argi eta garbi hitz egin beharko luke, bere isiltasunak mesede eskasa egiten dio hitzez defendatzen duen Konstituzioari", baieztatu du.