Eusko Jaurlaritzak austeritatea baztertu du Euskadiko ekonomia eta gizartea suspertzeko eta eraldatzeko aurrekontuak diseinatzeko orduan

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuarekin batera

Eusko Jaurlaritzak austeritatea baztertu du Euskadiko ekonomia eta gizartea suspertzeko eta eraldatzeko aurrekontuak diseinatzeko orduan 06Urriak
2020
2020 UrriaK 06 |
Eusko Jaurlaritza

PARTEKATU

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu EAEko 2021eko Aurrekontu Orokorren gidalerroak. Azpiazuren hitzetan, XII. Legegintzaldiko lehen aurrekontuak, Covid-19ak eragindako osasun krisiak eta haren ondorio ekonomikoek markatuak, "ausartak izango dira". "Ezin daiteke beste modu batean izan, susperraldiaren eta eraldaketa ekonomiko eta sozialaren aurrekontuak izango direlako", gaineratu du.

Hala, azaldu duenez, 2021erako Aurrekontuek ez dute murrizketarik ekarriko politika publikoetan, "gure bidea ez da austeritatea izango", eta, gainera, osasunak eta hezkuntzak bultzada handia izango dute aurrekontuetan. "Uste dut horiek direla euskal herritarren ardurak, eta erantzun egingo diegu", gaineratu du.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak pandemiaren aurretik zeuden erronkak ere aipatu ditu, eta azpimarratu du krisi hau aukera-unea izango dela eraldaketa energetiko-ekologikoaren, eraldaketa digitalaren eta gure ongizate-estatuaren erresilientzia indartzeko beharraren erronkei aurre egiteko.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakitera eman du 966.000 euroko diru-laguntza onartu duela gaur Gobernu Kontseiluak lanbide-heziketako itunpeko ikastetxeetan ikasketa dualeko programak garatzeko. Zupiriak nabarmendu du laguntza hauen helburua heziketa dualaren bitartez ikasleen lanbide-gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak hobetzea dela.

Bestalde, Zupiria sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak  970.000 €-ko diru kopurua  esleitu duela, alde batetik, oinarrizko ikerketako eta ikerketa aplikatuko proiektuak gauzatzeko, eta, bestetik, unibertsitateko ezagutza enpresetara transferitzeko ikerketa-proiektuetarako.

Osasunaren arloari dagokionez, Bingen Zupiriak ezagutzera eman du Gobernu Kontseiluak argi berdea eman diola gaur, alde batetik, 2020rako osasun-arloko profesionalen formaziorako beken eta laguntzen deialdiari, eta, bestetik, BIOEF Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioaren haurren minbizia ikertzeko proiektuetarako laguntzen deialdiari, 1.167.524,31 eurokoa. EITB Maratoiak iaz bildu zuen diru kopuru berbera.

Iturria: Irekia

Interesatu Zaitez