Aldundiak 1,8 milioi eurorekin egin du bat merkataritzarako eta turismorako bonuen erakunde arteko kanpainarekin

Bonuak 'Euskadi Turismo Bonua' eta 'Euskadi Bonodenda' dira, eta 5, 10 edo 20 euroko deskontuak dituzte turismo, ostalaritza eta merkataritza modalitateetan

Aldundiak 1,8 milioi eurorekin egin du bat merkataritzarako eta turismorako bonuen erakunde arteko kanpainarekin 30Irailak
2020
2020 IrailaK 30 |
Bizkaiko Foru Aldundia

PARTEKATU

Bizkaiko Foru Aldundiak 1,8 milioi euroko inbertsioa egin du merkataritzan, ostalaritzan eta turismoaren sektorean kontsumoa sustatzeko erakunde arteko kanpainan, deskontuak dituzten bi bonu modalitateren bidez. Akordioa gaur goizean aurkeztu dute Gasteizen eta Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek, udalek, EUDELEK eta euskal merkataritza ganberek hartzen dute parte. Erakundeetako ordezkariek azaldu dutenez, kanpainarekin bat egin nahi duten establezimenduek urriaren 6tik aurrera eta hiru asteko epean egin ahal izango dute. Denbora horren ostean, urriaren 28an, herritarrek bonuak eskuragarri izango dituzte.

Bonu horiek Euskadin bizi diren edo, turismoaren kasuan, urriaren 28tik aurrera bisitatzen gaituzten 18 urtetik gorako pertsona fisikoek erosi ahal izango dituzte. Ez da bonu fisikorik jaulkiko, eta kanpainarekin bat egiten duen eta hori adierazten duen eranskailua erakutsi beharko duen establezimenduan bertan kudeatuko dira.

Bonuak deskontu-txartelaren ereduan oinarritzen dira eta horrek, merkataritzan, modalitate bakarra du: 10 euroko deskontuak 30 euroko gutxieneko erosketetarako. Gehienez ere 40 euroko deskontua duten 4 bonu erosi ahal izango dira. Merkataritzaren sektoreko mikro eta enpresa txikiei zuzentzen zaizkie.

Turismoan eta ostalaritzan 3 modalitate daude. 1 eta 2 modalitateak ostalaritzako, jatetxeetako eta interes turistikoko jardueretako establezimendu eta enpresentzat dira, eta 5 edo 10 euroko deskontuak dira 20 edo 40 euroko gutxieneko erosketetarako, hurrenez hurren. Hirugarren modalitatean deskontua 20 eurokoa izango da, turismo-ostatuetan gutxienez 60 euro erosteko. Establezimendu bakoitzeko 2 bonu erosi ahal izango dira eta gehienez ere 40 euroko deskontua egingo da pertsona bakoitzeko.

Berezitasunak Bizkaian

Ainara Basurkok, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko diputatuak,  bonuek lurraldean izango dituzten berezitasun batzuk azaldu ditu. Euskadi Bonodenda kanpainan, Autonomia Erkidego osorako aipatutako merkataritza-jarduerez gain, Bizkaiaren kasuan Bizkaiko Artisautza Erregistroan inskribatuta dauden artisauak ere atxiki ahal izango dira.

Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiaren programarako ekarpenaren onuradun izan ahalko dira Q profesional arauaren bidez egiaztatutako irudi pertsonaleko establezimenduak.

Turismoko bonuei dagokienez, ostalaritzako establezimenduetarako, jatetxeetarako, ostatuetarako eta interes turistikoko jardueretarako, Bizkaian Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako ekarpenari dagozkion bonuek epe luzeagoa izango dute trukatu ahal izateko, eta 2021eko maiatzaren 31ra arte luzatuko dira, aldi hori 2020ko abenduaren 30ean amaitu beharrean. Zentzu horretan, barne turismoa sustatzeko 300 jarduera baino gehiago eskaintzen dituen BILBAO BIZKAIA ERRESERBA plataformari atxikitako establezimenduei turismo bonuen programarekin bat egiteko deia egin die diputatuak.

Era berean, Ainara Basurkok iragarri du Bizkaiko Foru Aldundiak kontsumoa sustatzeko bonu kanpaina bat jarriko duela martxan urtea amaitu baino lehen. "Tokiko saltoki txikiei laguntzeko ildo horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak, urtearen amaieran era osagarrian bonu kanpaina bat jarriko du martxan lurraldean, kontsumoari bultzada berria emateko balioko duena. Ziur nago arrakasta izango dutela bai turismoa eta merkataritza babesteko baterako programek, bai Bizkaiko lurraldean merkataritzaren esparruan berariaz garatuko denak. Badakigu enpresa batzuek, milaka profesionalek eta autonomok ziurgabetasun ekonomiko handiko hilabeteei aurre egin behar dietela, eta adierazten digutena entzuten eta neurriak koordinatzen jarraituko dugu, bai epe labur edo ertaineko eragina arintzeko, bai etorkizunari berme onenekin aurre egiteko beharrezkoak diren jarduketak egiteko", ziurtatu du.

ITURRIA: BFA

Interesatu Zaitez