Jeltzaleen organo gorenak onespena eman dio Iñigo Urkullu buru izango duen eta EAJ-PNV eta PSE-EEko sailburuek osatuko duten Exekutiboa eratzeko adostutako hitzarmenari
EAJ-PNVren Aberri Batzarrak, gaur arratsaldean Sabin etxean egin duen bilkuran, aho batez onartu du EAJ-PNVren eta PSE-EEren negoziaketa-batzordeek iragan astean adostu zuten akordioa, Iñigo Urkullu buru izango duen koalizio Gobernua eratzeko. Eusko Jaurlaritza alderdi politiko bietako sailburuek osatuko dute, eta ardatz nagusi izango ditu ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea zerbitzu publikoen eta gizarte politiken defentsatik abiatuta eta autogobernu zabalagoa eta hobea oinarri harturik. Agiri honek Euzkadi Buru Batzarraren oniritzia jaso zuen iragan ostegunean, eta gaur bertan EAJ-PNVren Aberri Batzarraren berrespen ofiziala jaso du, EAJren barne organo hori delarik halako akordioak behin betiko onartzeko eskumena duena. EAJ-PNVk epe laburrean emango ditu ezagutzera akordioaren xehetasunak, PSE-EEren barne egiturek gaur arratsaldean akordioari oniritzia ematen badiete, betiere.