Eskerrak eman nahi dizkiegu ordiziarrei, oro har, aurtengo jai ez-jaietan izandako jarrera arduratsuarengatik

Argitu nahi izan dute, halaber, ostiralean udaletxe aurrean ekitaldi instituzionalik egiteko gonbidapenik ez zutela jaso eta alkateari eskatu diote aurrerantzean ekitaldi instituzionalak antolatzen direnean udal talde guztiak informatu eta gonbidatu ditzala “guztiok baikara udala”

Eskerrak eman nahi dizkiegu ordiziarrei, oro har, aurtengo jai ez-jaietan izandako jarrera arduratsuarengatik 30Uztailak
2020
2020 UztailaK 30 |
ORDIZIA

PARTEKATU

Santa Ana jai ez-jai bereziak amaituta, Ordiziako EAJ-PNVk egindako balorazioan, ordiziarren gehiengoak izan duen jarrera arduratsua azpimarratu eta eskertu nahi izan du. “Norbanako eta kolektibo gisa, oro har, arduraz jokatu dute ordiziarrek eta, guztion hobe beharrez, jokabide egokia izatea beharrezkoa den momentu honi erantzuten jakin dute”. Jarrera arduratsu hori jaietan ez ezik azken asteetan ere azaldu dutela azpimarratu dute, halaber, jeltzaleek eta horri esker ekaina amaieran izan genuen agerraldiari aurre egiteko gai izan garela, “osasun agintariek ezarritako neurriak errespetatu ditugu eta horri esker berriz ere normaltasun berrira itzuli gara, neurri berezirik gabe. Pozteko modukoa, zalantzarik gabe”. Koadrilen egunean momentu eta leku jakin batzuetan segurtasun neurriak bete ez baziren ere, oro har, “ordiziarrok elkar zaintzen jakin dugu” diote EAJ-PNVko kideek eta “elkar zaintzen jarraitu behar dugu” gogoratu dute, gaitzari aurre egin eta atzerapausorik ez emateko.

Bestalde, jeltzaleek argitu nahi izan dute, ostiralean udaletxe aurrean ekitaldi instituzionalik egiteko gonbidapenik ez zutela jaso eta udalak eman zuen irudi pobrearekin atsekabetuta azaldu dira, “bezperan guztiok elkarrekin agerraldia egin genuen jaien inguruan hartutako neurriak aurkezteko eta neurrion lanketan parte hartzeko aukerarik izan ez bagenuen ere bertan izan ginen gure babesa ematen” azaldu dute jeltzaleek. Azaldu dutenez, agerraldi bateratua ez zuen aprobetxatu udal gobernuak hurrengo egunean guztiok elkarrekin 12tan udaletxe aurrean isilunea egiteko gonbitea luzatzeko “hain erraz egin zitekeen keinu horrekin oso bestelako itxura izango zuen ekitaldiak eta joan zaizkigunek ez zuten gutxiagorik merezi”.

Udalaren izenean egiten diren ekitaldi instituzionalen antolaketan hutsuneak ikusten ditu EAJ-PNVk, “gure iritziz egokiena ekitaldi instituzionalak guztion artean adostea da, baina adostu ezean ere, gutxienez guztiok elkarrekin parte hartzeko antolaketa minimo bat beharrezkoa da”, izan ere, “guztiok gara udala, bai udal gobernua eta baita gainerako taldeak ere eta herritarrek merezi dute guztiak ordezkatzen dituen udal batza osoaren omenaldia jasotzea”.

Jeltzaleek diotenez, “azken urte honetan udal gobernuak gainerako taldeak alde batera utzi dituela argi dago, aurreko legealdiko dinamikak eta honetakoak alderatzea besterik ez dago horretaz jabetzeko” eta ostegunean agerraldi bateratua egin izanak dinamika horiek eteteko bidea hasi izanaren esperantza zuten, “horregatik, ostiralean gertatutakoak asko tristetu gaitu”. EAJ-PNVk beharrezkoa ikusten du elkarbizitzari eta elkarlanari bide ematea, elkarri zor diogun errespetua azaltzea eta batasuna eskatzen duten momentuetan lehia politikoa alde batera uztea.

Hori horrela eta elkarlana eta elkarbizitza sustatzea helburu izanik, udaleko talde politiko guztien arteko bilera bat deitzea eskatu dute jeltzaleek, udalaren barne funtzionamendua hobetze aldera protokoloak edo jarraibideak adosteko. “Herriari zor diogu gure arteko liskarrak alde batera uztea eta, desadostasunak desadostasun, elkarrekin ordiziarren alde lan egitea. Ez gara beti ados egongo, jakina, baina adostasunetara heltzen saiatzen ez bagara ez diogu mesederik egingo herriari” amaitu dute jeltzaleek.

Interesatu Zaitez