Bakartxo Tejeria, Legebiltzarreko presidente aukeratu dute berriro, gehiengo osoarekin

XII. legegintzaldiko Eusko Legebiltzarra astelehen honetan eratu da, EAJ-PNVk bi ordezkari dituen Mahaiarekin.

Bakartxo Tejeria, Legebiltzarreko presidente aukeratu dute berriro, gehiengo osoarekin 03Abuztuak
2020
2020 AbuztuaK 03 |
Berria

PARTEKATU

Hamabigarren legegintzaldiko Eusko Legebiltzarra gaur goizean eratu da, 75 legebiltzarkidek (EAJ-PNVren 31) kargua hartu ondoren eta Bakartxo Tejeria jeltzalea hirugarren aldiz presidente hautatu ostean. Tejeria Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos taldeko legebiltzarkidea da 2001. urteaz geroztik, eta erakunde horretako presidente izendatu dute eratze-bilkuran, bere alderdiaren eta PSE-EEren botoekin. Hala, lehen itzulian, eskatutako botoen gehiengo osoa lortu du (75 eserlekuetatik 41).

Presidente berriarekin batera, Iñigo Iturrate EAJ-PNVko beste kide bat egongo da Mahaian. Aurreko legegintzaldian bezala, bera izango da zuzendaritza-organo horretako lehen idazkaria. Alderdiek lortutako akordioaren ondorioz, gainerako karguak PSE-EEren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen artean banatuko dituzte, eta PP+CS eta Vox alderdietako ordezkariak kanpoan geratuko dira.

Behin ganbera autonomikoa osatuta, presidenteak hitza hartu du hurrengoa azpimarratuz “behar diren neurriak hartzea ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko, eta pertsona ahulenei artatzea”. “Herri honetan bizi diren guztiek aurrera egin ahal izango dutela bermatu behar dugu eta krisi hau baldintza duinetan gainditzeko gai garen heinean, herri gisa indartuta aterako gara”, gaineratu du. Hitzaldian, Eusko Legebiltzarreko presidenteak "ezinbestekoa" jo duen lankidetza eskatu du. "Legegintzaldi honek akordio zabalak eskatuko eta zor ditu, inoiz baino gehiago, erakunde arteko akordioak eta eragile politiko eta sozial guztien arteko akordioak", adierazi du. “Eta espero dut gu guztiok elkarlanean arituko garela herri hau aurrera ateratzeko eta indartuta ateratzeko”, erantsi du.

Era berean, "Gernikako Estatutua onartu eta lau hamarkadatara oraindik osatu gabea da eta gure autogobernua eguneratu beharra dugu", esan du Tejeriak. ”Eta eguneratu egin behar dugu, euskal herritarren eskubide politiko, ekonomiko, sozial, linguistiko eta kulturalak bermatzeko; eskubide horiek guztiak bermatuta egon daitezen, Estatuarekiko harreman-eredu berri bat ezinbestekoa da, berdintasunean, aldebikotasunean eta paktuan oinarritua”, adierazi du. “Euskaldunok erabakitzen duguna errespetatua izatea zor du”, azpimarratu du. Alde horretatik eta gaurkotzean bi legegintzaldi lanean aritu ostean, “orain, hori burutzeko unea iritsi dela” esan du Legebiltzarreko presidenteak.

Legebiltzarraren barne-araudiak jasotzen duen bezala, eta lehendakariaren inbestidura-bilkuraren aurreko urrats gisa, Bakartxo Tejeria presidenteak beste osoko bilkura baterako deia egin du ostegunerako (hilak 6). Gai-zerrendako puntu bakarra Bateraezintasunen Batzordea osatuko duten kideak hautatzea izango da. Organo horrek gehienez ere 20 eguneko epean idatzi beharko du dagokion irizpena, eta osoko bilkurara bidali, berresteko. Bilkura horretan, lehendakariak lehendakaria izendatzeko osoko bilkurari eguna eta ordua jarriko dizkio.

Osoko bilkura goizeko hamarretan hasi da, eta Covid-19ko pandemia dela-eta ezarritako distantzia sozial eta segurtasun neurri guztiak betez garatu da. Ondorioz, eserleku guztietan banantzeko manparak jarri behar izan dira, eta bertaratutakoek maskara eraman behar izan dute. Gonbidatuen palkoan dagoen edukiera ere erdira murriztu da.

Hasiera batean, Diputazio Iraunkorreko Mahaiak zuzendu du saioa, eta legebiltzarkideei karguaz jabetzeko deia egin die. Ondoren, Adineko Mahaia eratu da, Jose Antonio Suso jeltzalea buru dela, eta Joseba Diez Antxustegi legebiltzarkide gazteenetako bat ere bertan izan da. Hitzaldian, Susok maitasunezko hitzak bidali nahi izan dizkie Covid-19an hildakoen familiei, eta bertaratutakoei minutu bateko isilunea egiteko eskatu die, pandemiak utzi dituen biktima guztien oroimenez.

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Mireia Zarate EBBko idazkariak, Itxaso Atutxa alderdiak Bizkaian duen presidenteak, Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak eta Eider Mendoza Gipuzkoako foru diputatua jarraitu dute bilkura.

Interesatu Zaitez