Aitor Estebanek zera ohartarazi dio Pedro Sánchezi: “EAJrekin kontatu nahi baduzu, bete ezazu lehenago adostutakoa, eta Batzorde Mistoa deitu EAEren zorpetze muga baimentzera begira”

Euskal Taldeko bozeramaileak Espainiako gobernuko presidenteari esan dio ez dezala ardura hartu “EAJ-PNVrengana ate joka etortzeko”, iragan maiatzaren 20an Euskadiko erakundeen aurrekontuetarako oinarriei buruz adostutako akordioa betetzen ez duen bitartean. Akordio horren edukia gaur bertan eman du ezagutzera Sánchezek berak

Aitor Estebanek zera ohartarazi dio Pedro Sánchezi: “EAJrekin kontatu nahi baduzu, bete ezazu lehenago adostutakoa, eta Batzorde Mistoa deitu EAEren zorpetze muga baimentzera begira” 22Uztailak
2020
2020 UztailaK 22 |
Kongresua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, ohartarazpen argi baino argiagoa luzatu dio gaur Espainiako gobernuburu Pedro Sánchezi, EAJ-PNVren eta Exekutibo zentralaren arteko harremanen etorkizunaren inguruan, eta esan du iragan maiatzaren 20an hitzemandako akordioa ez betetzeak kolokan jartzen duela jeltzaleek Estatuko Aurrekontu Orokorrei eman diezaieketen balizko babesa. Gaurko kontrol bilkuran, bozeramaile jeltzaleak Sánchezi deitoratu dio bere Exekutiboak EAJ-PNVrekin konpromiso bat hitzeman zuela eta “oraindik bete gabe jarraitzen duela” eta alderdi bien arteko harremanez eta etorkizunean adostu ahal dituzten akordioez hitz egiterakoan esan du bete beharreko baldintza izango dela Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa berehala deitzea, bai eta Euskadiko administrazioen zorpetze muga eta defizit muga “hitzartutako terminoetan” adostea. “Bien bitartean, ez zaitez arduratu gugana ate joka etortzearekin beste akordio batzuk adosteko. Lehenengo eta behin, hitzemandakoa bete dezagun”, nabarmendu du.

Estebanek gogora ekarri du iragan maiatzaren 20an Carmen Calvo Espainiako gobernuko lehen presidenteordearen eta EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarren artean adostutako akordioa, zeinaren bidez Exekutibo zentralak hitzeman baitzuen “Euskadik 2020ko ekitaldian izan ahal izango duela Herrialde Historikoetako Foru Aldundiek aurreikusi duten diru-bilketaren beherakadaren araberako defizita eta 2019ko kutxako soberakina erabiltzea ahalbidetuko dela”. Sánchezen gobernuak era berean hitzeman zuen akordio hori gauzatuko zuela Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren bileran “uztailaren lehen astean” bilduko zena. Gaur goizeko kontrol bilkuran gertatu da Estebanek Kongresuan erakutsi duela iragan maiatzaren 20an adostutako agiria, baina ez du bere edukiaren berri eman. Pedro Sánchezek bai azaldu du akordioaren zati baten edukia erantzuna emateko txandan (ikusi akordioa ohar honen amaieran).

Estebanek azaldu duenez, euskal erakundeak “ez dira dirua eskatzen ari, baizik eta zorpetzeko baimena, krisiari aurre egin ahal izateko”, gainerako Autonomia Erkidegoekin gertatzen ez den bezala “foru erregimenek Estatuaren antzeko egoera dutelako eta zuzen-zuzenean eragiten dietelako diru-bilketaren beherakadak”. Horregatik Estebanek nabarmendu du honakoa “presa larria duen gaia” dela, eta gaineratu duenez “Euskadiko eta Nafarroako erakundeek dagoeneko ezagutu beharko lukete aurrekontuetarako eta finantza kalkuluetarako dituzten mugak”. “Diru hori (zorpetzearen bidez eskuratuko dena), Euskadiko eta Nafarroako erakundeek eurek ordainduko dute, eta ez du inolako zerikusirik Europako akordioarekin edo epe laburreko zorrarekin”, adierazi du.

Hala, eta datu finantzariorik izan ezik Euskadiko administrazioek beren aurrekontuek egin beharko duten ibilbidea prestatzerik izango ez dutela berretsi ondoren, Estebanek azaldu du Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek “datu guztiak xehetasun guztiekin” eman dituztela Espainiako gobernuak oraindik Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa deitu gabe jarraitzen duen arren. “Ezin duzu pentsatu zuk Aurrekontuak izango dituzula gainerakoak `in albis´ uzten gaituzun bitartean”, amaitu du Estebanek.

(*) Aitor Estebanek eta Pedro Sanchezek gaur aipatu duten akordioa, Espainiako Gobernuko presidenteorde Carmen Calvok eta Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek 2020ko maiatzaren 20an sinatua:

Espainiako Gobernuak konpromisoa hartzen du Euskal Autonomia Erkidegoak 2020ko ekitaldian BPGren gaineko defizit-ehuneko bat izango duela bermatzeko, lurralde historikoetako foru-aldundiek diru-bilketan aurreikusitako jaitsieraren baliokidea, eta 2019ko aurrekontu-superabita erabiltzeko aukera emateko. Nolanahi ere, murriztu egingo da zerga-aldaketen ondorioz bilketan izandako beherakadaren zati bat, 2020an bilketa murriztea dakarrena, bai eta 2019ko aurrekontu-superabitaren erabilera ere.

Aurreikuspen doitu hori oinarritzat hartuko da EKBMren barruko defizita kalkulatzeko.

Ekitaldi honetarako eta hurrengoetarako, Espainiak Europako Batzordearekin adosten duen kontsolidazio fiskalaren bidea hartuko da kontuan. Era berean, zor publikoa handitu egingo da 2019ko ekitaldiarekiko, urtero egiten den defizita finantzatzeko behar den ehunekoan.

Konpromiso horiek bere horretan formalizatuko dira Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan, uztaileko lehen astean.

Interesatu Zaitez