Talde jeltzaleak Irungo bidegorri sarearen hobekuntza barne hartzen duen proiektu zabal baten lehen fase bideragarriaren berri eman du
EAJ-PNVtik Udal gobernuri gure hiriaren erdigunean dagoen Kolon pasealekuan bidegorri bat ahalbidetzeko aukera azter dezala eta kontuan izan dezala proposatzen diogu. Bidegorri horrek, herritarrek gehien errepikatzen duten beharretako bati erantzuteaz gain, hiri garbiago, seguruago, adeitsuago eta ingurumenarekiko begirunetsuago baterantz urratsak emateko aukera eskainiko lioke Iruni.
Urteak daramatzagu mugikortasun politikak jasangarritasunerantz doazela ikusten; oinezkoei, garraio publikoari eta bizikletari lehentasuna ematea dutenak dira hauek. Pandemiaren ondoren, bizkortu egin da, gainera, bizikleta gure eguneroko bizitzan integratzeko prozesua. Jada ez da kirol eta aisialdi jardueretarako soilik erabiltzen, garraiobide seguru eta osasungarri bihurtu da lanera, ikastetxera, inguruko hiri edo herrietara ere mugitzeko.
Irunen, ordea, ildo horretako jarduerak egin diren arren, etorkizuna kontuan hartu ez izanak eragindako gabezia, adabaki eta inprobisazio asko ikusi ditugu. EAJ-PNVtik uste dugu, hiri proiektu handiek, adostasun politiko handia biltzeaz gain, hauek hiriaren ikuspegi orokorrean oinarritu behar dutela. Baita hiriaren etorkizuna eta hiriak zein pertsonek izan ditzaketen beharrak aurreikusi ere. Hiri bat diseinatzerakoan, haren mugikortasuna edo hirigintza birplanteatzerakoan, etorkizunean hiriak zein hiritarrek beharko dutenari begiratu behar zaio. Zoritxarrez, Irunen ez da horrela egin. Kolon pasealekura begiratu besterik ez dago. Berriro urbanizatu zenetik, oinezkoek behin eta berriro adierazi dute beraien kexa, bizikletek eta patineteek beraientzako bidegorri esklusiborik eduki ezak sortzen duen segurtasun eza. Kolon pasealekuaren diseinuak ez zuen aurreikusi garai hartan jada aurreikusi zitekeen mugikortasun jasangarriaren garrantzia.
Beraz, zetorrena aurreikusi ez zenez, eta sortu zen arazoari irtenbidea emateko asmoz, udal gobernuak Irun 30 neurria ezartzea erabaki zuen. Errei berean bizikleten, patinete elektrikoen eta ibilgailu motordunen arteko elkarbizitza oinarri duen neurria. Hamarkada bat pasa ondoren, neurri honek, tamalez, ez ditu espero ziren emaitzak lortu. Bizikleta ibilgailu motordunen ondoan erabiltzeak ez du lehen hauen segurtasuna bermatzen. Are gehiago, debekatuta egon arren, bizikleta erabiltzaile askok nahiago dute espaloietatik mugitu oinezkoenganako segurtasun arazoak sortuz.
Gure taldeak gero eta ugariagoak diren kexa eta salaketa horiei erantzuna emateko lanean hasteko beharra ikusten du. Eta hor gaur aurkezten dugun proiektu zabalaren lehen fasearen zergatia. Irungo bidegorrien barne sarea hobetzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, horregatik, lehen pausoak ematen hasi ahal izateko lehen fasea Kolon pasealekuan finkatu dugu. Gure hiriko komunikazio arteria nagusian bizikletei, patineteei, eta VMPei zuzendutako bide esklusibo bat. San Juan plazarako noranzkoan errepidearen eskuineko bidean kokatuko litzakeen bidegorria, bi noranzkotakoa, neurri zabalekoa, autoetatik eta motorretatik ondo babestutakoa eta ongi seinaleztatutakoa. Kolon pasealekuak hiru errei dituela aprobetxatuz, horietako bat bi norabideetako bidegorri batera bideratu, eta beste biak, egun bezala, ibilgailu motordunak bi noranzkoetan ibiltzeko mantentzeko erabiliko lirateke. Proposamen horrek ez du ia aldaketarik eragingo ibilgailuen zirkulazioan, baina oinezkoengan eta bizikleta edo patineteen erabiltzaileengan segurtasuna bermatuko du.
Irunen dugun bidegorrien eskasiari erantzuna ematen hasteko garaia da. Eta oraingoan ongi egin behar dugu. Guztion artean, mugikortasun seguru, iraunkor eta orekatsuaren aldeko apustua da gurea. Egin dezagun aurrera etorkizunari begira, pertsonen iritzia kontuan izanik.