Maria Eugenia Arrizabalagak elkarlanerako deia egin die gainontzeko alderdi politikoei.
Maria Eugenia Arrizabalaga, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako Gipuzkoako zerrendako bigarrenak, Eusko Alderdi Jeltzaleak “herriarekin lankidetza, lana, ahalegina, leialtasuna eta osasun krisiari eta krisi ekonomikoari aurre egiteko ilusioa eta indarra” eskaintzen diola adierazi du. Herriari ez ezik, gainontzeko alderdi politikoei ere elkarlana eskaintzen diela azpimarratu du Arrizabalagak “zenbat eta okerrago, herritar guztientzako okerrago delako” eta “konfrontazio bedeinkatua” behingoz aparkatuta uzteko deia luzatu die.
Maria Eugenia Arrizabalagak azpimarratu du COVID-19aren pandemiak agerian utzi duela Osakidetzaren sendotasuna. “Hemen ez da inor arnasgailurik gabe geratu! Osakidetzako UCIetatik, gaixoen %80 atera egin da”, argitu du eta gehitu du Ordiziako egoerari eman zaion erantzun azkarra horren adierazle izan dela. Eta zerbitzu publiko horiek indartu, blindatu egingo ditugu ezinbestekoak direlako guztien aukera berdintasuna ziurtatzeko eta herritar guztiok behar ditugun osasun eta zaintzak bermatzeko”.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu-andre eta Gipuzkoako zerrendako laugarren den Arantxa Tapiak igandean “asko dagoela jokoan” azpimarratu du. “Euskadiko herritarren arazoak konpontzeko gai izango den gobernu sendo bat izatea dago jokoan. Gobernu serioa: Euskal gizartearen etorkizuna zorrotz kudeatuko duena
Gobernu gardena: egoera krisi batean beti egia esango duena. Eskarmentua duen Gobernua: aurreko krisietan nola erantzun jakin izan dugulako. Gobernu leiala: hitza betetzen dakiena eta Gobernu abertzalea: herri honetan sinistu eta herria maite duena. Esku artean dagoena ez da txantxetakoa”, azaldu du Tapiak. “Urkullu, estropa honetan dagoen patroirik onena” dela gehitu du. “Azken luzeraren amaierako txanpan sartuta gaude. Aurreneko luzera bikain joan da; ziaboga guztiak garbi eta txukun gainditu ditugu. EAJ-PNV-k eskifaia paregabea osatu du eta gure patroia, Urkullu lehendakariak, liderraren maillota dotore jantzita darama. Elkarrekin egin dugu arraun; batera eta koordinatuta; sendo; lasai; burua hotz; eta esku artean daukagun erronkarekin oso kontziente gara. Jakitun gara zer den Uztailaren 12an jokoan dagoena.
Zergatik? beste batzuk ez bezala, guk gure herria eta gure gizartea ondo ezagutzen dugulako. Gure herriaren eta gizartearen parte garrantzitsua garelako. Eztabaida ezberdinetan demostratu da, parte hartzen duten ustezko liderrak euskal gizartearen errealitatetik oso urrun bizi direla”, adierazi du.
Jon Andoni Urdangarinek, berriz, “Euskadi eraikitzeko lanetan” Eusko Alderdi Jeltzaleak egindako ekarpena azpimarratu du bere hitzaldian, Osakidetza, Ertzaintza, Lanbide, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Euskal Irrati Telebista jarri ditu adibide gisa. “Etenik gabe, atzean inor utzi gabe, Euskadi eraikitzen jarraitzeko konpromiso garbia dugu; guztiok tokia dugun Euskadi indartsu, solidario eta garatu bat zutitzeko lan egingo dugula. Hori izan da betidanik Eusko Alderdi Jeltzaleak egin duena, lana, lana eta lana; eta etorkizunean ere, berdin jarraituko dugu, guztiongatik, guztia emateko prest baikaude”, adierazi du.
“Euskadi burujabea, euskalduna, feminista, berdintasun sozialean oinarritua eta aldaketa klimatikoaren kontrako borrokan konprometituaren alde”, mintzatu da Aitana Agirre. Gainera, hautagai donostiarrak gazteek pandemia honetan izan duten konpromisoa azpimarratu du, “izatetik egitera” pasa direlako, bere ustez. “Igande honetan bi modelo horien artean hautatu behar dugu: izate hutsean geratzen direnen eta egitea bultzatzen dugunon artean aukeratu behar dugu. Krisi sanitario eta ekonomiko honetatik ateratzeko noren gidaritza nahi dugun aukeratu behar dugu”.
Amaitzeko, Euskadik “autogobernu gehiago” behar duela aldarrikatu du Iker Laca hautagaiak, “euskal herritarrok jakin badakigulako autogobernu gehiago, ongizate gehiago dela”. Horretarako, bere esanetan, “iraganeko formulekin” gabiltzala leporatzen digutenen eta “independentismo labelak banatzen” dabilen ezker abertzalearen aurrean, “proiektu egingarria eta gauzagarria” proposatzen duen aukera bakarra da EAJrena. “Guk ardi dugu bidea, inor atzean ez uzteko, denok batera aurrera egiten jartzeko, jar dezagun Euskadi Zutik”, azpimarratu du Lacak.