Ortuzarrek planteatu duen erronkak bilatzen du Vox-ek Arabatik eserleku bat lortzea eragoztea, eta Euskadiko hiritargoari eskaini dizkio EAJ-PNVren “bermea eta segurtasuna” ezkerrekoen balizko hirukoa izango litzatekeen “esperimentuaren” eta PP, Ciudadanos eta Ultraeskuinaren arteko aliantzak ekarriko lukeen arriskuaren aurrean
“Arabak eta Vitoria- Gasteizek Covid-19aren lehen zartakoaren aurrean erakutsi duen erresilentzia gogora ekarriz hasi naiz gaur. Orain, borroka gogorrari ekin beharko diogu krisi ekonomikoaren eta langabeziaren kontra. Konfiantza berbera daukat egoerari gogor eusteko daukagun gaitasun horretan. Eta igandean mugarri garrantzitsua planteatuko zaigu: azken hamarkada hauetako hauteskunderik garrantzitsuenak.Igandeko emaitzek inkognita bat argituko dute: krisitik ateratzeko bidea nork kudeatu beharko duen eta nolako gehiengoa izango duen. Hauteskunde hauetatik Gobernu indartsua atera beharra dago, gehiengo zabalarekin, krisitik ateratzeko egin behar den lana gidatzeko. Eta Gobernu berri hori lideratzeko gaitasuna duen alderdi bakarra Euzko Alderdi Jeltzalea da. Boto guztiak EAJren inguruan batu behar dira. Etorkizunerako trena igandean igaroko da.Ezin dugu tren hori galdu. Tren hori hartu behar dugu”.
Euskadiko hiritargo osoari zuzendutako mezu horrekin itxi du Iñigo Urkullu Arabako zerrendaburu eta berrautaketara aurkezten den hautagai jeltzaleak gaur arratsaldean Vitoria-Gasteizko Foruen Plazan EAJk egin duen ekitaldi politikoa. Urkulluk hitz horiek esandakoan bertaratu guztiak altxatu egin dira eta kanpainako txalo zaparradarik beroena eskaini diote. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentearen eskariz egin dute, arabar guztiei gogoratu baitie iragan asteartean Langraizen bota zien erronka: Vox-ek ez dezala lortu inkestek ematen dioten eserlekua, EAJrekin borrokatu beharko duena eta lehen aldiz Gasteizko Ganberara iristeko aukera emango liokeena. “Egin dezagun bat. Bateratu ditzagun boto guztiak demokraziaren alde, askatasunaren alde. Eusko Legebiltzarrera fatxak sartu ez daitezen”, esan du Ortuzarrek. Ekitaldia ireki du gaur Arabako zerrendako bigarrenak, Jone Berriozabalek, eta berak baieztatu du EAJ-PNVren aldeko botoa babes hirukoitza dela “pertsonen aldekoa, ekonomia suspertzearen eta jasangarritasunaren aldekoa eta euskal nortasun ezaugarrien aldekoa”. Halaber, atzo Donostian egin zen bezala, gaurko ekitaldian ere EAJ-PNVk bideo bat proiektatu du Iñigo Urkulluri eta EAJ-PNVri nazioarteko agintariek helarazi dizkieten babes mezuekin. Horien artean, Patrick Colgan, SEUPBko (Peace Program EB) zuzendari ohia; Federico Mayor Zaragoza, UNESCOko zuzendari nagusi ohia; Francesco Rutelli, Europako Institutu Demokratako presidentea (Italia); Mariano Aguirre, Bakea Eraikitzeko Norvegiako Zentroko zuzendaria (Oslo); Leopoldo Martinez, Alderdi Demokrataren Batzorde Nazionalaren buruzagia (AEB); edo Alfredo Barnechea, Ekintza Nazionalerako Presidentetzarako hautagaia Peruko hauteskunde orokorretan (2016).
Urkulluk gaurko mitinean hitza hartu bezain lasten “gaitzespen argi eta sendoa” adierazi nahi izan du Fernando Buesa ETAk erail zuen agintari sozialista hobiratuta dagoen panteoiak pairatu duen erasoren aurrean. “Eraso nazkagarria da, gizalegearen kontrakoa. Gure begirunerik sendoena, gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diogu Buesaren familiari”, esan du Urkulluk. Jarraian, Lehendakariak aldarrikatu du harro dagoela Arabako zerrendaburua izateaz, Herrialde horrekin eta Vitoria-Gasteiz hiriburuarekin “konpromiso sendoa” duela azpimarratuz. Konpromiso horren erakusle dira Lehendakariak berak zerrendatu dituen ekimen,inbertsio eta konpromisoak.
Ortuzarrek bere aldetik aurkeztu nahi izan ditu euskal hiritargoari igandean planteatuko zaizkion hiru aukerak. “Alde batetik, ustezko ezkerreko Gobernua behar dela behin eta berriz esan eta esan ari direnak eta hiruko ituna eratzeko aukeraz ari direnak:ez dute ezer zehatzik proposatu, EAJ-PNVren kontrako kritika eta alderdi jeltzalea Eusko Jaurlaritzatik ateratzeko obsesioa kenduta. Esperimentu arriskutsua izango litzateke eta, seguruenik, aurpegian eztanda egingo liguke euskal gizarte osoari. Esperimentuak “gaseosarekin”, esan du. “Beste aldetik dago beste tripartitoa `benzinaren hirukoa´. Elkarrekin daude jada Andaluzian edo Madrilen. Beren aliantzarekin autogobernua, demokrazia,Ekonomia Ituna eta elkarbizitza mehatxatzen dituzte”, azaldu du. “Eta, hirugarren aukera dago, Herrialde honek eta Euskadik behar duten bakarra: Urkullu eta EAJ-PNV. Herrigintza ona, erantzukizuna, pandemiak eragindako kalteak konpontzeko bermea, enplegu krisia eta jarduera ekonomikoaren krisia berroneratzeko bermea”. Horregatik guztiagatik, euskal herritarrek gauza bat ala bestea aukeratu behar dute igandean: “Muturreko indarrak edo erdiko bidea. Kontra egiteko tripartitoak edo EAJ zentzudun era arduratsua. Ez dago beste aukerarik”, esan du agintari abertzaleak mobilizaziorako eta erantzukizuna eskatzeko enegarren deia egin baino lehen: “Igandean aukeratu behar da. Ezin da aitzakia modura esan dena eginda dagoela, arrain guztia salduta dagoela. Ezin zaio bozkatzeko erantzukizunari bizkarra eman. Lehendakariak ondo baino hobeto esaten du: Eusko Jaurlaritza aukeratzeko trena lau urterik behin igarotzen da. Eta oraingoan pasatzen utzi ezkero, emaitza eginda dagoela pentsatuta, litekeena da ondoren konfiantza gehiegi izateagatik damutzea” .
Jone Berriozabalek esan ditu Vitoria-Gasteizko ekitaldia hasteko hitzak, eta gogora ekarri du talde jeltzaleak 80. hamarkadan egin zuen pegatina bat: “Krisi handiari, gehiengo handia” aldarrikatzen zuen orduan eta gaur ere gauza bera aldarrikatzen du igandean mobilizazio eta parte hartze jendetsua eskatzeko. “Programarik onena eta hautagairik onena ditugu. Erantzukizuna, jakintza, konpromisoa, sen ona, lana eta bihotza: Iñigo Urkullu da Juan Ajuriagerrak asmatu zuen goiburuaren adibide ona: indarra, eraginkortasuna, zintzotasuna”, esan du Berriozabalek eta amaitzeko nabarmendu du ziurgabetasunez betetako denbora hauei aurre egin behar zaiela “esfortzuarekin, ilusioarekin eta elkarlanarekin”.