Lehendakariak Vitoria-Gasteizen aurkeztu du haur eta familientzat pentsatuta daukan plana “aitatasun eta amatasun baimen berdin eta besterezinekin sektore publikoan zein pribatuan”, eta 0 eta 3 urte bitarteko ume guztientzako eskola-zerbitzu eta Haurreskolekin
Iñigo Urkullu lehendakari eta EAJ-PNVko lehendakarigaiak gaur hitzeman du Euskadiko familia guztien eskubideak babesteko eta bermatzeko politikak garatzen jarraituko duela “beren bizitza proiektuaren arabera nahi beste seme-alaba izan ditzaten, beren nahia eragotziko dieten oztoporik izan gabe”. Vitoria-Gasteizen gaur goizean egin den ekitaldian, Arabako zerrendaburuak haur eta familien alde egiteko aurreikusten dituen bost konpromisoak eman ditu ezagutzera, hauen artean “aitatasun eta amatasun baimen berdin eta besterezinak sektore publiko eta pribatuan” eta “0 eta 3 urte bitarteko haur guztientzako zerbitzuak eta Haurreskolak egon daitezela”. Urkullurekin izan da Jone Berriozabal Arabako zerrendako bigarrena, eta berak baieztatu du jabetzen dela familiek heziketa eta zainketa alorrean betetzen dituzten eginkizunak aitortu eta babestu beharra dagoela laguntza ekonomiko eta prestazio eta zerbitzuen bidez, pertsona guztien, emakume eta gizonen bizitza proiektuaren garapenarekin bateragarri eginez”.
Lehendakariak baieztatu duenez “familiak, beren aniztasunean, elkarbizitza proiektu baten funtsezko oinarria dira. Babesgune dira, baloreak, berdintasuna, hezkuntza eta belaunaldien arteko elkartasuna ere bai”. Horregatik, gaur hitzemandako konpromisoen artean daude Familia eta Haurren Zuzendaritza sortzea eta Jaiotzetarako diru-laguntzak ematea, familiei laguntza instituzionala emateko sistema integral bat bultzatzeaz gain, haurrak zaintzen eta hezten laguntzeko. Era berean, "Hiru aldeko akordio sozial baten" alde egin du Urkulluk, kontziliazio neurriak orokortzeko eta lan ordutegien arrazionalizazioa bultzatzeko. "Gure erantzukizuna da oztopoak murriztea eta familiei eta haurrei laguntza ematea, bereziki egoera zaurgarrienetan daudenei", esan du lehendakariak, eta argi utzi nahi izan du Eusko Alderdi Jeltzaleak arlo horretan duen helburua: "Familiak, jaiotzak eta haurrak politika publikoen erdigunean jartzea".
Berriozabalek bere aldetik nabarmendu du gazteei laguntza eman behar zaiela beren familia propioak eratzea ahalbidetzeko, enplegua egonkortzeko ahalegina eginez eta lanpostuen kalitatea bermatuz eta etxebizitza izateko aukera emanez. Baina, “ertsona gazteei emantzipazioa eta bizitza proiektu autonomoak eratzen eta familia berriak sortzen laguntzea bezain garrantzitsua da seme-alabak dituzten familiei beren eguneroko bizitzan laguntzea”, esan du.
Hala, Berriozabalek baieztatu du Euzko Alderdi Jeltzalea jabetzen dela familiek heziketa eta zainketa alorrean betetzen dituzten eginkizunak aitortu eta babestu beharra dagoela laguntza ekonomiko eta zerbitzuen bidez “pertsona guztien, emakume eta gizonen bizitza proiektuekin beren esparru ezberdinetan bateragarri eginez (pertsonala, lan esparrua eta familia), eta bizitza ziklo osoan zaintza bermatuz, bereziki umezaroan eta zahartzaroan, erantzukizun publiko eta instituzionalaren eta familiaren erantzukizunaren arteko oreka egokia bermatuz”.