Lehendakari eta Arabako zerrendaburuak Gasteizko ekitaldi batean iragarri du ekonomia suspertzeko 10.000 milioi euroko plana abian jarriko duela, beste hainbaten artean, enplegua sortzeko inbertsio ekimen intentsiboak bultzatzea xede
EAJ-PNVko lehendakarigai eta Arabako zerrendaburu Iñigo Urkulluk gaur hitzeman du hurrengo legealdian Euskadiko langabezia tasa, berriz ere, %10etik jaitsiko duela eta 10.000 milioi euroko plana abian jarriko duela ekonomia suspertzeko. Gasteizen, Euskadiko hiriburuko ondare industrialaren adibide den Azucarera eraikinaren inguruan egin den ekitaldian, jeltzaleen izenean berrautaketara aurkezten den hautagaiak azaldu ditu hurrengo legealdian enplegu alorrean garatuko dituen proposamenak. Gaurko ekitaldiko beste hizlaria izan da Ekonomiaren garapen eta lehiakortasun sailburu eta Gipuzkoako zerrendako 4. tokian doan Arantxa Tapia. Gipuzkoako hautagaiak aldeztu du industriaren eta sektore horretako zerbitzu aurreratuen garrantzia areagotzea Euskadiko BPGaren %40era iritsi arte.
“Egin beharreko guztia egingo dugu ahal dugun enplegu guztia zaintzeko eta galdu den enplegua berreskuratzeko. Nire konpromiso pertsonala da eta Euzko Alderdi Jeltzalearen konpromisoa ere bai”, baieztatu du Urkulluk. Horretarako, Arabako zerrendaburuak proposatu du, beste hainbaten artean, enplegua sortzeko inbertsioak egiteko ekimenak, bereziki eraikinen birgaikuntza energetikoaren eta ingurumeneko birgaikuntzaren alorrean; enplegu berdearen alorrean, azken finean. Lehendakariak banan-banan azaldu dituen proposamen zehatzen artean dago gazte-enplegua sustatzeko talka-plana 30.000 gazteri lehen gazte esperientzia ematea ahalbidetzeko. Pertsona gazteentzat ere, hautagai jeltzaleak defendatu du prestakuntza duala Lanbide Heziketara eta Unibertsitatera zabaltzea, gazteei lan munduan sartzeko bermea emateko. Halaber, konpromiso hori bideratuta dago toki eta eskualde mailako toki planak indartzera, arreta berezia jarriz lehenetsi beharreko jardueretan eta enpleguaren behin behinekotasuna eta partzialitatea murrizteko, Urkulluk berak aditzera eman duenez “enplegua delako gizarte politikarik onena”. “Enplegua eta ekonomia suspertzea dira moneta berberaren alderdi biak. Enplegua da ekonomia osasuntsu eta lehiakorraren ondorioa. Funtzionatzen duten enpresena. Berrikuntza teknologikoaren eta nazioartekotzearen apustuaren ondorioa”, nabarmendu du Lehendakariak.
Hain zuzen ere, Arantxa Tapiak gogora ekarri du industria eta automozioa direla “gure ekonomiaren eta gure enpleguaren motorea” eta “ fabrikazio adimendun, jasangarri, teknologikoki aurreratu eta digitalizatuaren alde”. Testuinguru honetan iragarri du EAJ-PNVk hurrengo legealdirako daukan helburuetako bat dela industriaren eta bere zerbitzu laguntzaileen garrantzia areagotzea BPGaren %40era iristea xede. “Enplegua sortzeko eta ekonomia suspertzeko estrategia globala izango da,gure errezetarik onena industriaren eskutik dator”, nabarmendu du Tapiak.