Lehendakariak Oionen azpimarratu du berebizikoa dela hurrengo Eusko Jaurlaritzak gehiengo sendoa izatea “zain ditugun erronkei aurre egiteko” eta hainbat arinen “ekonomia eta enplegua berroneratzeko plana abian jartzeko”
“Egoera delikatua bizi dugu. Euskadik bat egitea du beharrezko erantzunik onena emateko. Eta helburu horrek hiru urrats ditu. Lehenengo eta behin, Parte hartzea. Euskadik krisiari erantzun ona eman diezaion, berebizikoa da hauteskundeetan Parte hartze handia ematea. Denok bozkatzera!. Inoizko gauza garrantzitsuena da orain bozkatzea. Bozkatzea da lehen urratsa. Bigarrena, Erabakia. Euskadik erantzun ona eman dezan, erabaki ona du beharrezko. Funtsezkoa da hurrengo Jaurlaritzak gehiengo sendoa izatea, hemendik aurrera planteatuko zaizkigun erronkei aurre egiteko. Eta hirugarrena, Jarduna. Euskadik erantzun ona eman dezan berebizikoa da Jarduera Plan on bat. Ekonomia eta enplegua berroneratzeko eta suspertzeko plana berehala abian jartzea .‘Euskadi Zutik’ Plan honek ditu helburuak, lehentasuna eta proiektua prest, uztailaren 13an bertan lanean buru belarri sar gaitezen. Krisi hau aukera bihurtuko dugu. Hobetzeko eta aurrera egiteko aukera. Parte hartzea. Erabakia. Jarduna. Euzko Alderdi Jeltzalea”.
Iñigo Urkullu Lehendakari eta EAJ-PNVren zerrendaburuak gaur Oion egin den ekitaldian eskatu du uztailaren 12an hiritargoaren gehiengo bat bozkatzera joan dadila Eusko Jaurlaritza sendo bat eratzeko, berandu egin baino lehen ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko plana abian jartzera begira. Arabar Errioxako herri horretako Giralda Plazan egin den ekitaldi politikoan, Urkulluk hitzeman du bere Exekutiboak nekazaritza jasangarriaren aldeko apustuan sakontzeko plana izango duela, Euskadin kontsumitzen diren elikagai guztien %50 gutxienez, Euskadin bertan produzituak izan daitezen. Ramiro González Arabako Ahaldun Nagusia eta Arantxa Tapia Gipuzkoako zerrendako laugarrena ere izan dira mitinean non oso presente jarri den talde jeltzaleak Euskadiko nekazal sektorearen alde egiten duen apustua.
Urkulluk gogora ekarri du Arabar Errioxak “oso hurbiletik eta lehen egunetik” ezagutu dituela pandemiaren ondorio gogorrak, baina euskal erakundeek Autogobernuari esker eman dioten erantzuna aldarrikatu du: “Eraginkortasun osoz erantzun dugu Autogobernu sendoa dugulako, hamarkadatan inbertitu dugulako zerbitzu publiko profesionalak izateko, egokiro antolatuta eta kalitate handiarekin: Osakidetza, gizarte zerbitzuak, Ertzaintza, hezkuntza sistema, Ekonomia Ituna… Autogobernuak eta bere erakundeek ahalbidetu digute horren une latzetan Euskadiko bazter guztietan erantzun ahal izatea. Orain heldu behar diogu koronabirusaren bigarren erasoari: ekonomia eta enpleguaren krisi sakon eta gogorrari. Ez da erraza izango, baina irten egingo gara. Itxaropena badugu, esperientzia dugulako eta Euzko Alderdi Jeltzaleak izenpetu duen programa dugulako, `Euskadi Zutik´, esan du hautagai jeltzaleak.
Lehendakariak amaitu du Oiongo herritarrei eta Arabar Errioxa osoari mezu baikorra bidaliz: “Azken hamarkadetako joera izan da jarduera ekonomikoa hiri handietan eta periferian kontzentratu dela.Orain, joera berriak sortzen hasi dira. Aukerak irekitzen ari dira nekazal inguruan, Arabako Errioxan, besteak beste. Aukerak dira tokian tokiko produkzioaren garrantziagatik, produktu eta zerbitzuen auto-hornikuntzaren garrantziagatik; zero kilometroak eskaintzen dizkigun aukerak ingurumenaren jasangarritasunerako; aukerak merkataritza elektronikorako, telelanerako eta mugikortasun jasangarrirako. Gure konpromisoa da nekazaritza jasangarriaren alde egitea: Euskadin kontsumituko diren elikagaien %50 gutxienez Euskadin produzituko dira. Eta gure konpromisoa izango da Euskadiko eskualde guztietan mugikortasun eta garraio %100 jasangarrirako Plan baten alde egitea. 250 enpresa-proiektu hitzeman ditugu dagoeneko eko-berrikuntzan eta ekonomia zirkularrean. Nekazal ingurua erakargarria da eta abantaila handiak eskaintzen ditu negozio eta enpresa berriak sustatzeko. Aukera bat Euskadiko herrialdeen arteko orekarako eta kohesiorako. Itxaropentsu egoteko arrazoiak daude. Krisia aukera bihurtuko dugu!, baieztatu du.
Bestalde, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Arabar Errioxako mahastizaintza eta ardogintza eredua defendatu du. "Kalitatea eta bereizketa landuz defendatzen dugun eredua da", adierazi du. Arabako ahaldun nagusiak Arabar Errioxako ardoentzat eskatu du jatorri deitura propioa. "Eskatzen ari garena ez da ezer berria. Eskualdeak hamarkadak daramatza horretan. Eta Kontseilu Arautzailearen jarrera ere ez da berria. Hainbat hamarkada daramatza Arabar Errioxa eta bertako ardoak bereiztea eragozten", adierazi du Ramiro Gonzalezek. “Eskatzen duguna da Errioxako jatorri-deituraren barruan guk gure jatorri-deitura bereizia izatea, aterki horren barruan, alegia, eta hori egingarria da. Bordelekoa bezalako eredua litzateke, eredu arrakastatsua. Eskualde honek eskatzen duena egingarri izateaz gain, beharrezkoa da. Eusko Alderdi Jeltzaleak lanean jarraituko du Arabar Errioxako jatorri-deitura lortzeko", nabarmendu du.
Azkenik, Arantxa Tapia EAJ-PNVk Gipuzkoan aurkeztuko duen zerrendako laugarrenak esan du Euskadi, nortasunari dagokionez, Herri bat dela. "Euskadi, nortasun eta mugikortasunari dagokienez hiri handi bat da, Euskal Hiria. Euskadi anitza da, aberatsa da, askotariko sektore ditu. Eta bereizketa horretan, Oionek Arabako Errioxan zeresan eta ekarpen handia du. Elkarrekin lan egin dugu udalerri txikienen despopulazioa saihesteko landa-garapena definitzeko. Ingurune erakargarriak eta modernoak garatzeko lan egin dugu. Etorkizuna duten landa-eremuen aldeko apustua egiten dugu. XXI. mendeko erronka globalekin lerrokatuta", esan du.