Bizkai Buru Batzarreko presidenteak botoa eskatu du EAJ-PNV eta Iñigo Urkullurentzat, “egoera honetatik aterateko gaitasuna erakutsi dauen hautagai fidagarri bakarra”
Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, uztailaren 12an bozkatzera joateko dei argia eta irmoa egin die Bizkaiko herritarrei “Euskadi soziala eta ekonomikoa berreraikitzeko” eta “Herri honen etorkizuna bermatzeko”. EAJ-PNVrentzat eta Iñigo Urkullu lehendakarigaiarentzat botoa eskatu du, “hori egin dezakeela erakutsi duen gizon fidagarria”, eta, batez ere, “herritarregaz konpromisoa harten dauen talde eta alderdi bat dauen norbait”, “aztertutako eta kontrastatutako programa baten 400 orrialde baino gehiago dituena” eta “4 urte barru krisi honetatik atera garala, zutik jarri garala eta Euskadik aurrera egin dauela esan ahalko dauen bakarra”, esan du.
“Jentea animatzeko gai izan behar dogu, baita haserre dagozanak be; ez daitezala etxean geratu”, eskatu du. “Euskadi barriro zutik jarri nahi badogu, biziberritze honetan sinisten badogu eta egoera honetatik atera nahi badogu, guztion botoekin aukeratzen dan Eusko Jaurlaritza indartsu batek egin behar dau”, azaldu du. “Inolako lotsarik barik, EAJ-PNVrentzat eskatzen dogu botoa. Guztion laguntza behar dogu aurrera jarraitzeko. Herri hau eskutik helduta ibili danean, aurrera atera da. Herri honek konfiantza izan dauenean eta Euzko Alderdi Jeltzaleari botoa emon deutsanean, aurrera atera da. Herri honek batasuna erakutsi dauenean, aurrera atera da. Beraz, U-12an, alkarregaz, Euskadi Zutik jarteko!, EAJ-PNV bozkatu”.
Bermeoko Lameran egindako mitinean, Leixuri Arrizabalagak, EAJ-PNVren Bizkaiko zerrendaburuak, eta Josu Erkorekak, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Bizkaiko hautagaiak ere parte hartu dute.
Arrizabalagak emakumea jarri du gaurko bere hitzaldiaren erdigunean. Protagonista Salomé Campos enpresaburu bermeotarra eta berdintasunaren aldeko aitzindaria izan da. XX. mendearen hasieran Izaro uhartera igeri egin zuen Bermeoko portutik, askoren sinesgogortasun- eta eszeptizismo-irribarreen aurrean, eta haren erronkari esker gaur egun igeriketa-zeharkaldi bat egiten da. “Lasterketa hau, bera bezala, bere etorkizunaren alde tinko eta ahaleginez burrukatzen diran emakume eta gizon guztientzako omenaldi bat da. Haize eta marearen aurka”, azaldu du, “hori da EAJ-PNVren estiloa! Irmotasuna, ahalegina, lana eta zorroztasuna!”, esan du. Ildo horretan, berdintasunaren, aniztasunaren, gardentasunaren edo elkartasunaren aldeko trantsizio soziala aukera handia dela esan du hautagai jeltzaleak. “Trantsizino hori sustatzeko, EAJ-PNVk ahalik eta sakontasun handiena emongo deutso bere politika guztietan giza eskubideetan, bardintasunean eta politiken koherentzian oinarritutako ikuspegiari. Bardintasunezko gizarte batek talentuaren %100 aprobetxeten dauelako, eta ezin dogu aukera bat bera be alperrik galtzen itxi”, gaineratu du. “Neurri zehatzak proposatzen ditugu genero ikuspegia politika publikoetan zeharka txertatzeko lanean jarraitzeko; bardintasuna enpresetan; bardintasunezko balioak transmititzeko gazterian eta haurtzaroan; emakumeen ahalduntzea bultzateko eta zaintzaren erronkan”, adierazi du, eta aurreratu du alderdi jeltzaleak %30eko hazkundea proposatuko duela Eusko Jaurlaritzak emakumeen aurkako indarkeriaren arretan eta prebentzioan egiten duen inbertsioan.
Bestalde, Josu Erkorekak EAJ-PNVren aldeko botoa eskatu du baita ere, “Iñigo Urkullu barriro Lehendakari izetea lortu behar dogulako, datozan 4 urteetan, Euskadin ekonomia susperteko eta enplegua sorteko giltzarri bihurtuko dan legegintzaldian”. Horren harira, gogorarazi duenez, “Legealdi eta erdi kosta jakun langabezia %10etik jastea lortzea; lan motela izan zan, baina oso sendoa, oinarri sendoekin, eta, orain, barriro lortu al izango dogu”. EAJ-PNV da koronabirusaren pandemiaren ondoren “Euskadi berriro zutik jartzeko” proiektua, pertsonak eta gaitasuna duen bakarra. Mitin berezia izan da Josu Erkorekarentzat, Bermeon egin baitute, bere jaioterrian, lagunez eta familiaz inguratuta. Hori dela eta, zerbait desberdina egin nahi izan du, eta bertso batekin harritu ditu bertaratutako guztiak, umore handiarekin, “Euskadi Zutunik ozen eta garbi esateko”.