Aitor Estebanek dokumentuak desklasifikatzeko aldi baterako irizpide bat ezartzea defendatu du, eta ildo beretik ohartarazi duenez, "Estatuaren defentsa parapeto edo aitzakia gisa baliatzen dutenek beren interesen alde egiten dute"
Diputatuen Kongresuak babestu egin du Sekretu Ofizialen 1968ko Legea aldarazteko eta, dokumentuak desklasifikatzera begira, denbora-irizpide bat ezartzeko Euskal Taldeak egindako proposamena. Legebiltzarreko taldeek tribunan adierazi dituzten jarreren arabera, Euskal Taldearen Lege Proposamena izapidetzea onartuko da,bigarren aldiz.
Aitor Estebanek kritikatu egin du “benetako utzikeria” ematen dela dokumentuak desklasifikatzeari dagokion aldetik, horretarako irizpiderik ez dagoelako,ezta derrigorrik ere. "Gaur hirugarren herrialdeetatik jakin dugu, han desklasifikatutako dokumentuetatik, alegia, hemen gertatzen diren gauzen berri", deitoratu du. Horregatik, "Herritarren eskubidea delako, bere kabuz epaitzeko adinez nagusia delako", eta "artxibozainek `trantsizio amnesiko´ deitzen duten horretan jarraitzen dugulako", EAJk, lau urtetan laugarren aldiz, Sekretu Ofizialen Legearen aldarazpena eraman du eztabaidara, gaurko bilkuran jeltzaleen bozeramaileak defendatu duena.
Estebanek azaldu duenez, Euskal Taldeak bilatzen duena da Espainiako legeria Estatu Batuetako, Alemaniako, Erresuma Batuko edo Suitzako legeriekin homologatzea. Hala, eta EAJ-PNVren proposamenarekin bat etorriz, sailkapen guztietan ezarriko da indarraldiaren epea, eta ezin izango da hamar urtetik gorakoa izan erreserbatutzat sailkatuta dauden gaietarako, eta 25 urtetik gorakoa sekretukoetarako, Ministroen Kontseiluak, salbuespen gisa eta arrazoiarekin, hamar urteko luzapen bat ezartzen ez badu.
"Gure proposamena koherentea da gardentasunarekin", esan du Estebanek, eta horren helburua da"`tabu´ diren gaiei buruz normaltasunez hitz egin ahal izatea, herritarrek eta ikertzaileek eta historialariek, 35 urteren buruan gehienez, gertakarien berri izan dezaten". Ildo horretan, Estebanek errefusatu egin ditu ekimenari uko egiten diotenen argudioak, "Espainiaren defentsa aitzakiatzat edo parapetotzat" jarrita. Estebanen ustez, jarrera horiek defendatzen dituztenek" euren interesak" baino ez dituzte defendatzen.
Azkenik, eta ekimen hori XII. Legegintzaldian blokeatu ondoren, Mahaiak zuzenketak aurkezteko epea 50etik gora aldiz luzatu eta gero, Estebanek "asmo onak baino zerbait gehiago" eskatu die taldeei. "Premiazko gaia da", gaineratu du.
* Garrantzitsua: bozketa ofizialak gaur arratsaldeko azken orduan egingo dira. Prentsa-ohar hau idatzi da taldeek tribunan adierazitako posizioa finkatu ondoren *