Bizkai Buru Batzarrak Igorre eta Sabindarrak batzokien kontra egin diren erasoak gaitzetsi ditu, jazarpen eta hertsapen kanpaina onartezinaren azken helburuak izan direlarik

Goizaldean egin diren sabotaje hauek gehitzen zaizkie azken egunotan Uribe Kostako hiru batzokitan eta Portugaletekoan egin diren erasoei

Bizkai Buru Batzarrak Igorre eta Sabindarrak batzokien kontra egin diren erasoak gaitzetsi ditu, jazarpen eta hertsapen kanpaina onartezinaren azken helburuak izan direlarik 15Maiatzak
2020
2020 MaiatzaK 15 |
BBB

PARTEKATU

Bizkai Buru Batzarra, bigarren egunez jarraian, berriro irten behar izan da bere batzokietako biren kontra eginiko erasoa gaitzestera. Oraingo honetan, Igorrekoak eta Sabindarrak egoitzak (San Ignazio - Bilbo) izan dira erasoak jasan dituztenak. Ostiral goizaldean pertsona ezezagunek pintura gorria bota dute arratiako establezimenduko atean eta fatxadan, eta bietan EAJ-PNVri ‘hiltzaile’ deitzeko eta Patxi Ruiz ETAko presoa egarri eta gose greban dagoela gogoratzeko pintadak egin dira, talde jeltzaleak egoera horrekin zerikusia izango balu bezala.

Goizaldean egin diren erasoei gehitzen zaizkie atzo bertan Algorta, Getxo Zaharra eta Berangoko batzokien kontra eginikoei eta iragan astean Portugaleten eginikoari. Beraz, argi eta garbi dago egunotan ugaritu egin direla denboraz eta lekuz kanpo egoteaz gain guztiz ulertezinak diren jarduera mafioso hauek. Are gehiago, sabotaje horiek goizaldean egin dira eta horrek esan nahi du erabat urratu direla gaur egun bizi dugun alarma-egoerarako ezarri diren itxialdi arauak, gainerako hiritarrak betetzen ari direnak.

Hori dela eta, BBBk jarduera horiek salatu nahi ditu eta gogora ekarri nahi du halako praktikek ez dutela bat ere laguntzen elkarbizitzaren eta ezberdina errespetatzeko bidea egiten, hori delarik euskal hiritargoaren gehiengo nagusi batek erreklamatzen duena. “Ikusten ari gara iraganeko molde zaharrek denboran irauten dutela eta batzuek oraindik ez dutela ikasi elkarbizitza eta demokrazia zer den”, salatu du Itxaso Atutxa BBBko presidenteak. Atutxak egileei gogoratu nahi izan dienez “euskal gizartea, suntzitsea baino, eraikitzea nahi duela aitortzeko gai ez badira, aurrean izango gaituzte beti”.

Berriro ere, halako jarduerak egiteari uztea exijitzen dugu, irtenbideak eskaini beharrean, Bizkaiko eta Euskadiko hiritargoaren gehiengoak amesten duen elkarbizitza oztopatu baino ez dutelako egitean. Euskal hiritargoak bere ahalegin guztiak jarri behar ditu gaur koronabirusak ekarri duen pandemia hau gainditzeko. Halaber, Bizkaiko eta Euskadiko alderdi politiko guztiei dei egiten diegu publikoki salaketa honekin bat egitera.

Interesatu Zaitez