Deseskalatzeari heltzeko orduan Eusko Jaurlaritzak “beste leku batzuetan baino zuhurtzia eta zorroztasun handiagoarekin” jardun izana txalotu du Ortuzarrek

EBBko presidenteak “pazientzia eta ulermena” izatea eskatu dio Euskadiko hiritargoari: “Hau ez da 100 metroko lasterketa bat, lasterketa luzea baizik: hobe da orain astiroago baina irmo eta seguru joatea, korrika ibiltzea baino, eta gero atzera egin behar izatea”

Deseskalatzeari heltzeko orduan Eusko Jaurlaritzak “beste leku batzuetan baino zuhurtzia eta zorroztasun handiagoarekin” jardun izana txalotu du Ortuzarrek 12Maiatzak
2020
2020 MaiatzaK 12 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Andoni Ortuzarrek, EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, gaur nabarmendu du Covid-19aren pandemiaren kudeaketan deseskalatze prozesuari ekiteko orduan Eusko Jaurlaritzak “beste leku batzuetan baino zuhurtzia eta zorroztasun handiagoz” jardun duela, neurri horiek biztanleriaren sektore batzuetan kexak sortaraziko zituela eta oposizioko alderdiek neurri horiek beren probetxurako manipulatuko zituztela jakin arren. Onda Cero Euskadi irratiari eskainitako elkarrizketan, jeltzaleen buruak hitz borobilekin ezeztatu du Euskadi deseskalatzearen 1. fasera sartu denik EAJ-PNVren , Eusko jaurlaritzaren eta Estatuko gobernuaren arteko akordio baten ondorioz, Euskadiko oposizioko alderdi batzuek inolako proba edo argudiorik gabe behin eta berriz esan duten arren . “Nola hitzartuko dugu guk osasun irizpide zehatz batzuk bete behar dituen gai bat?” galdetu du agintari jeltzaleak.

Ortuzarrek txalotu duenez Eusko Jaurlaritzak “beste leku batzuetan baino zuhurtzia eta zorroztasun handiagoz heldu dio deseskalatzerako baldintzak ezartzeko orduan”. Eta erabaki honek lehen momentu batean zalantzak eta haserrea eragin zitzakeela jakin arren, jeltzaleen burua konbentzituta agertu da: “15 egunen buruan eskertuko dugu, hau ez delako ehun metroko lasterketa bat: lasterketa luze bat daukagu aurretik. Orain datorrenaren ondoren etorriko da beste fase bat,eta ondoren beste fase bat; beraz, fase guztiak behar den zuhurtzia eta zorroztasunarekin igarotzen baditugu eta jartzen dizkiguten baldintzak betetzen baditugu, hurrengo fasea errazagoa izango da, eta hurrengoa are errazagoa, eta ez dugu atzera egin beharko”. EBBko presidenteak Alemania eta Hego Korea ekarri ditu gogora “eredugarri jotzen genituen krisiaren kudeaketan eta, deseskalatze arinegia egin dutelako edo, espero ez zituzten zenbakietara itzuli dira eta atzera egiten hasi dira. Nik ez nuke nahi Euskadin atzera egin behar izatea. Jendeari ulertzen diot, ni neu berdin nagoelako, etxean sartuta nago nire familiarekin, eta ez da erraza. Nik ere gazteak ditut etxean eta oso zaila da etxean gera daitezela lortzea, baina pazientzia eskatu behar diegu: hobe da egoera honetan 15 egun agoantatzea eta etorkizunerako bermeekin aurrea egitea, orain arineketan joatea baino eta 15 egun barru denok etxera itzuli behar izatea eta jarduera guztiak itxi beharrean egotea”. Horregatik guztiagatik, Ortuzarrek “ulermen pixka bat” eskatu du Eusko Jaurlaritzaren lanarekin. EBBko buruak gogoratu duenez Jaurlaritzak “oso denbora laburra izan du, ordu batzuk baino ez larunbatetik igandera, alarma-egoeraren inguruabar berriei eta Gobernu zentralaren araudi berriari erantzun bat emateko. Egunotan pazientzia pixka bat izan behar dugu gaur egungo inguruabarrak zentzuz eta taiuz kudeatzeko. Uste dut gakoa dela egingo ditugun gauza guztiak zentzuz egitea, erakundeengandik hasita, baina baita hiritargoaren aldetik ere. Atzo ikusi genituen gauza batzuk ez dira inola ere errepikatu behar”.

Ortuzarrek argi eta garbi esan du Euskadi 1. fasean sartu izanak ez duela zerikusirik inolako akordio politikorekin. “Nola hitzartuko dugu guk osasun irizpide objektiboekin lotuta dagoen zerbait?”, galdetu du. “Irizpideak oso zorrotzak izan dira, eta guztientzat berdinak dira, helburu berberak baitaude denentzat. Euskadin ere herrialdeen arteko ezberdintasunak ditugu, hori normala da, baina Euskadin, oro har, ondo gaude. 1. fasean egotea merezi genuen eta hor gaude. Beste batzuek ez dute fase horretan sartzea lortu objetiboki ez zutelako egon behar. Eta egin behar dutena da beren eskuan dagoen guztia egitea helburu eta baldintza horiek betetzeko eta albait arinen 1. fasean sartzeko. Hau ez da 1. 2. edo 3. fasean sartzeko lasterketa bat, baizik eta berme guztiekin egin ahal izatea eta, hortik aurrea, aurrera egiten jarraitu ahal izatea, segurtasunez eta urrats sendoekin. Behar bada, hobe da astiroago joatea baina sendotasun eta segurtasun handiagoarekin egitea, korrika ibiltzea eta gero atzera egin behar izatea baino”.

Halaber, Ortuzarri galdetu diote Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak joan den astean konfinamendu neurriak urratzeaz gain, parte-hartzaileen osasuna ere arriskuan jarri zuten bilera presentzialak deitu eta egin zituela jakin ostean sortu den polemikaz. “Ni neu EH Bilduko agintaria banintz eta alkatea EAJkoa izango balitz, une honetan dimisioa eskatuko nioke, kritikatuko nuke eta zera esango nioke: `Ikusten? EAJri propaganda baino ez zaio interesatzen´. Baina ni ez naiz hutsegite horretan eroriko. Galdakaoko alkateari esango diot EAJko alkatea balitz bezala esango niokeen gauza bera: ez dadila errepikatu, kontu handiagoz ibil gaitezen”, erantzun du EBBko presidenteak.

Interesatu Zaitez