EAJ-PNVk alarma-egoera babestea erabaki du Espainiako gobernuak deseskalatze prozesua kogobernantzatik kudeatzea onartu ondoren

Euskal Taldeko bozeramailea gogobete agertu da Espainiako gobernuaren planteamenduaren “hasierako zurruntasuna malgutzea” lortu ondoren, eta Sánchezi erreklamatu dio “15 egun hauen buruan etorkizuna nola modulatuko duen” pentsatzen has dadila

EAJ-PNVk alarma-egoera babestea erabaki du Espainiako gobernuak deseskalatze prozesua kogobernantzatik kudeatzea onartu ondoren 06Maiatzak
2020
2020 MaiatzaK 06 |
Kongresua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Euskal Taldeko diputatuek baiezkoa bozkatuko dute gaur Diputatuen Kongresuan  alarma-egoera laugarren aldiz luzatzea erabakitzeko bozketan, eta baiezkoa bozkatzea erabaki dute Espainiako gobernuak deseskalatze prozesua Autonomia Erkidegoekin elkarlanean kudeatzea onartu ondoren, hau da, kogobernantzan oinarrituta, EAJ-PNVk erreklamatu dion bezala.

Hala konfirmatu du Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko bozeramaile jeltzaleak, Espainiako gobernuaren planteamenduaren “hasierako zurruntasuna malgutzea” lortu ondoren. Edozein kasutan, Estebanek Sánchezi ohartarazi dio “etorkizuna nola modelatuko duen” pentsatzen hasi beharko duela, alarma egoeraren luzapen berri honen ondoren.

Osoko bilkuran hitza hartu duenean Estebanek kritikatu du Espainiako gobernuak “salbuespen  egoerari” eutsi diola eta  egoera hau “iraunkor” bilakatu nahi duela, baina “inguruabarrak ikusita”, esan du “jarrera eraikitzaileari eusten  jarraitu behar dugu eta elkarren artean irtenbide bat  bilatzeari ekin behar diogu”. Hori dela eta, Euskal Taldeak  zuzenketa-proposamen bat erregistratu zuen atzo. Proposamenak Osoko Bilkuraren abala jasoko du alarma-dekretuaren testuan jasotzeko.

Edozein kasutan eta EAJ-PNVk luzapen honi `baietza´ eman arren, Estebanek Sánchezi ohartarazi dionez “gerta liteke fase guztiek alarma-egoerarik behar ez izatea” eta “Autonomia Erkidegoekin  ulermena bilatzea”  eta “ hurrengo 15 egunotan etorkizuna prestatzen joan dadila” erreklamatu dio Gobernuko presidenteari.

Zentzu berean, Estebanek Espainiako gobernuari eskatu dio alarma-egoera  pandemiaren ondorioz hartu diren neurri ekonomikoekin “ez lotzea”, eta Espainiako gobernuari planteatu dio “Estatuko logika berberarekin” nolabaiteko zorpetzea ahalbidetzea beren diru sarrera propioekin gobernatzen diren foru komunitateei. Hauen artean daude Euskadiko herrialde historikoak eta Nafarroa.

Euskal Taldeak aurkeztutako proposamenaren edukiaren harira, eta Estebanek berak azaldu bezala, EAJ-PNVren zuzenketak deseskalatze prozesuaren kudeaketa kogobernantzara eta autonomia-erkidegoekin batera erabakitzera bideratuko du. "Ez dugu burua galdu, eta ez dugu erantzukizunik gabe jokatu eta irteera-laukitxora itzuli nahi, baina beharrezkoa da koerabakian oinarrituta elkarren eskutik joatea, Autonomia Erkidegoek hasierako zurruntasuna aldatu ahal izan dezaten, neurriak tokian tokiko errealitatera egokituz", azaldu du. Ildo beretik, erkidegoetako presidenteak izango dira, Espainiako Gobernuarekin adostu ondoren, deseskalatze prozesuaren elementuak tokian tokiko egoeretara moldatuko dituztenak.

Estebanek azaldu duenez, aurkeztutako zuzenketaren zati batek Euskadik bizi duen "anomalia instituzional eta demokratikoa" iraultzea du helburu, Parlamentua deseginda baitago eta hauteskunde deialdia bertan behera geratu baita pandemiaren ondorioz. Horrela, Euskal Taldeak Espainiako Gobernuaren bermea lortu du, hauteskunde autonomikoak deituz gero, "Estatuak hauteskunde horien garapen onari babesa eman diezaion".

Azkenik Euskal Taldeak barrendegi diren udalerrien kezka ere jaso du bere zuzenketan, deseskalatze-prozesuan zehar "inguruan duten probintziari dagokion tratamendua jaso dezaten, baina ez dadila oztopo izan probintzia hori beste autonomia-erkidego batekoa izatea". “Madriletik ikusita ematen du den- dena laua dela, baina mundua borobila eta konplexua da. Horregatik aurkeztu dugu zuzenketa barrendegien kasuan hurbiltasun geografikoa lehenestera begira", esan du bozeramaile jeltzaleak.

Horregatik guztiagatik, eta "Autonomia-erkidegoek, beren ahalmenen arabera eta neurriak beren errealitatearen arabera aplikatu ahal izan ditzaten" gako nagusia "kogobernantza, kopartaidetza eta autonomia-erkidegoekin eskutik joatea" dela azpimarratu ondoren,  EAJ-PNVk Espainiako Gobernuarekin alarma-egoerari zuzenketa eginez lortutako akordioari esker, Euskal Taldeko diputatuek aldeko botoa emango diote laugarren luzapen horri.

Interesatu Zaitez