Sektore desberdinetan pixkanaka jarduerara itzuliko direla eta erabiltzaileen eskariak gora egin dezakeela aurreikus daitekeenez, Euskadik garraio publiko zerbitzua egokitu beharko du, segurtasun eta prebentzio neurriak are gehiago indartuz
Normaltasun berrirako Trantsiziorako Euskal Planak garraio publikorako neurri eta jarduera jakin batuk jasotzen ditu. Horretarako, 3 printzipio zehaztu dira:
Euskadiko Garraio Agintaritzak goizeko lehen orduan egin duen bileran, Trantsiziorako Euskal Planaren xehetasunak jakinarazi zaizkie agintaritza osatzen duten operadore eta erakunde guztiei.
Gaur egun gauzatzen ari diren eta erabiltzaileei, langileei, instalazioei eta garraio-unitateei eragiten dieten segurtasun arloko neurri guztiak gauzatzen jarraitzea erabaki da, eta epe laburrean ezarri daitezkeen beste 3 jarduketa proposatu dira:
1.- MASKARAREN ERABILERA GARRAIOAN
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko garraio publiko osoan maskara erabiltzea nahitaezkoa izatea proposatu du. Garraio publikoa ahalmen handiko mugikortasunerako medioa da, eta espazio itxi batean ematen den heinean, beharrezkoa izango da babeserako elementu berriak sartzea, are gehiago kontuan izanda erabiltzaile kopurua gero eta handiagoa izango dela, alarma egoera amaitzen denean, batez ere.
Horregatik, ahal den guztietan segurtasunezko distantzia gordetzea gomendatzen bada ere, Eusko Jaurlaritza garraio publikoan maskararen erabilera orokorra zabaltzearen alde agertu da. Europako hainbat herrialdek dagoeneko ezarri duten neurria da, eta normaltasunera pixkanaka itzultzean emango diren garraio arloko eskaera berriei soluzio errealista ematea ahalbidetzen du.
Maskarak erabiltzeak, gainera, autobusek eraman dezaketen bidaiari kopurua handitzea ahalbidetuko luke, gaur egun autobusak 1/3ko edukierako murrizketa handiekin ibiltzen baitira.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak, maskaren erabilera arautzeko, eta, beraz, garraio publiko guztietan nahitaezkoa izateko planteamendua helaraziko dio Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministroari.
2.- GEL HIDROALKOHOLIKO BANAGAILUAK
Datozen egunetan, sarbidea mugatuta duten geltokietan, bidaiariak hesi bidez kontrolatzen diren lekuetan, gel hidroalkoholiko banagailuak instalatzea planteatu da. Tren eta metro geltokiak, eta euskal hiriburuetako hiru autobus geltoki intermodalak izango dira: Bilboko intermodala (Termibus), Atotxakoa Donostian eta Lakuakoa Gasteizen.
Banagailuak geltoki horien barruan, atarietan edo nasetan bertan, balidazioko hesiak gainditu ostean, egongo dira beti, eta ez autobus edo tren unitateen barruan.
3.- TENPERATURA KONTROLAK ERABILTZAILEEI
Denbora gutxi barru, erabiltzaileei tenperatura hartzeko kontrolak ezarri ahal izango dira, ausazko eta disuasiozko izaerarekin. Kontrol horiek ez dira puntu finkoetan egingo. Garraio publikorako sarbideetan jarriko diren ekipo mugikorrekin egingo dira.
Tenperaturaren neurketa horiek tren geltokietan (Metro Bilbao eta Euskotren) eta euskal hiriburuetako autobus-geltoki intermodaletan egin ahal izango dira. Hasteko proba pilotuak egingo dira, eta sistemen funtzionamendua egokia bada, neurketak hiru lurraldeetara zabalduko dira.
Ekipo teknikoek erabiltzaileen tenperatura neurtzeko aukera emango dute, eta 37ºC-ko sukarra gaindituz gero, arreta osasun taldeei bideratuko zaie.