Ortuzarrek aldarrikatu du “tokian tokiko herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak” izan daitezela deskonfinamendu prozesua bideratzeko arduradunak

EBBko presidenteak baieztatu duenez “Euskadin, esparru ekonomikoan, Bilduk proposatzen dituenak egiten baditugu, adostasun handiagoa izango dugu baina herri hau hondoratu egingo da”

Ortuzarrek aldarrikatu du “tokian tokiko herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak” izan daitezela deskonfinamendu prozesua bideratzeko arduradunak 24Apirilak
2020
2020 ApirilaK 24 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, gaur aldarrikatu du “tokian tokiko herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak” izan daitezela deskonfinamendu prozesua bideratzeko arduradunak, osasun adituen aburuz nolabaiteko nortasuna berreskuratzen hasteko moduko inguruabarrak ematen hasten direnean, betiere. Gaur bertan Cadena Ser irratiari eskaini dion elkarrizketan, EAJ-PNVko buruak baieztatu duenez Espainiako gobernuak Covid-19aren krisiaren kudeaketan hartu dituen erabaki batzuen kontra talde jeltzaleak egin dituen kritikak “arrazoituta daude baina asmo onez egin dira. Guk ez dugu inolako asmorik Sánchezen Gobernua desgastatzeko, eta ez dugu oztopatu nahi gauzak hobera joatea. Bakarrik eskatzen dugu gauzak metodo batekin egitea, elkarrizketa gehiagorekin eta begiak zabal-zabalik izanda. Horrela eginez, gauzak hobeto joango lirateke”.

Ortuzarrek azaldu du EAJ-PNVk deskonfinamenduaren inguruan daukan jarrera. “Guk ulertzen duguna da, eta ez bakarrik Euskadirentzat baizik eta baita Autonomia Erkidego guztientzat ere, tokian tokiko erakundeak eta Autonomia Erkidego bakoitzeko Osasun arduradunak direla gaituenak eta egokienak tokian tokiko erabakiak hartzeko. Egoera ez da berdina Kanariar Irletan eta Madrilen, ezta erkidego baten barruan ere. Horregatik, normaltasunera berme guztiekin eta segurtasun guztiarekin itzultzeko eta Gobernu zentralarekin adostuta ezarriko diren irizpideekin ados, herritarrengandik hurbilen dauden agintariek eta erakundeek hartu behar dituzte neurriak,baita martxan jarri ere”, gaineratu du. EAJ-PNVk proposatzen dituen neurrien artean daude “banaka egiten den kirola apurka-apurka zabaltzen joatea; denda txiki batzuk irekitzen hastea, supermerkatuetan edo etxe ondoko dendetan egiten ari garen berdina egin daitekeelako, eta hori lagungarria izango litzateke oso egoera txarrean dagoen jendearentzat; eta produkzio jarduera igotzen hastea, baita segurtasun neurriekin ere. Eta,gure aburuz, errazagoa da hau guztia erabakitzea tokian tokiko egoerari begiratuz, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeen aldetik”. Ortuzarrek gaineratu du deseskalatze prozesu hau herrialdeka egiterako orduan, EAJ-PNVk ondo jotzen du kutsatze tasen edo hospital eta ZIUetako okupazio tasen irizpideak aplikatzea. “Izan ere, Euskadin dagoeneko betetzen ari gara. Hemen ez da estualdi egoerarik ematen ari ospitaletako ZIUetan. Ospitale batzuk ditugu Covid-19 gaixotasunak jotako gaixorik gabe, esate baterako Arrasatekoa. Parametro horietara hurbiltzen hasi gara.Eta horiek bete bezain laster, erabaki beharko dugu egin daitekeena nork erabakitzen duen. Zentzuzkoa da pentsatzea urteko egun guztietan eta normaltasun egoeran osasun publikoari, osasunari, jarduera ekonomikoari, produkzioari eta abarrei buruzko erabakiak hartzen dituzten berberak izatea egoera honetan erabakiak hartuko dituztenak, baita abian jarriko dituztenak ere, guk auzitan jartzen ez dugun aterki orokor horren babespean eta adituek eginiko gomendioak jarraituz, betiere”.

EAJ-PNVk Espainiako gobernuak hartutako erabakien aurrean egin dituen kritika batzuez galdetuta, Ortuzarrek argi baino argiago hitz egin du. “Uste dut arrazoituta daudela, baina asmo onez egin dira: ez daukagu Pedro Sánchezen Gobernua desgastatzeko asmorik eta ez dugu oztopatu nahi gauzak hobera joan daitezen. Guztiz alderantziz, guk sustatzen duguna da neurriak ahalik eta modurik eraginkorrenean hartu daitezela, albait arinen eragin positiboa izan dezaten eta, batez ere, herritarrengan nahasmenik sortu ez dezaten. Sánchezek bere gain hartu zuen aginte bakar hori eta akatsik gabe egin ezik logikoena da kritikak jasotzea. Uste dut aginte hori beste erakunde batzuekin partekatu behar dela. Eta nik ulertzen dut ez dela bat ere erraza erabakiak minutuan hartzen direlako. Baina, metodo eta elkarrizketa apur bat gehiagorekin egingo balitz, gauzak hobeto joango lirateke”.

Ortuzarri ere galdetu diote EH Bilduk krisi honen aurrean erakutsi duen jarreraz. “Bildu egiten ari da Partido Popularra Madrilen egiten ari den oposizio berbera. Teorian behintzat, mutur ideologiko banatan dauden alderdiak dira, baina jardun politikoan gauza bera egiten ari dira. Euskadin berezitasun bat daukagu, Legebiltzarra deseginda dago eta hilabete batzuen buruan hauteskundeak izango ditugu, eta hauteskunde aurreko giro horrek dena zikintzen du eta alderdiengan berekoikeria partidistak eta kalkulu elektorala sortzen ditu. Eta hori da Bilduri gertatu zaiona. EAJri ez zaio kalkulu hori irten, ez daukagu horretarako astirik: krisi honetatik ahalik eta ondoen irteten saiatzeko lanean ari gara buru belarri. Bilduk lehen momentutik eskatu zuen jarduera ekonomiko eta produktibo guztia ixtea. Hutsegite larria izango zen. Erabateko itxiera hori gabe ere, oso zifra gogorrak ikusten ari gara, langabezia, ABEEEak… Euskadin bi hilabete hauetan galdu dugu azken lau urteotan ekonomian eta enpleguan berreskuratu genuena. Honelako neurriak hartzerako orduan Bilduri kasu egiten badiogu, bai, adostasun maila handiagoa izango dugu,baina herri hau hondoratu egingo da, eta ezin dugu hori onartu. Erantzukizun handiz jokatu behar da. Gutxiago begiratu behar zaie hauteskundeetako interesei eta etxean haserre egongo den jendearekin ondo geratzeari, eta erabakiak hartu behar dira; batzuetan ez dira denen gustukoak izango, baina hartu beharrekoak dira”, amaitu du.

Interesatu Zaitez