Lagunkate ekimenaren bigarren dei txanda bati ekin dio Udalak

Lehen fasean, bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako 23.655 pertsonekin harremanetan jartzeko aukera izan du Udalak, 16.037 etxetara deitu ondoren.

Lagunkate ekimenaren bigarren dei txanda bati ekin dio Udalak 22Apirilak
2020
2020 ApirilaK 22 |
Senatua

PARTEKATU

Donostiako Udalak, Lagunkate ekimenaren bidez, bigarren dei txanda bati ekin dio, lehenengo fasean kontaktatutako 23.655 pertsonetatik jarraipena jaso nahi izan duten 2.000 adinekoei dei egiteko.

Duela aste batzuk, Donostiako Udalak Lagunkate proiektua jarri zuen martxan, bakarrik edo beste pertsona zaharrago batekin bizi diren 65 urtetik gorako pertsonengana hurbiltzeko, nola zeuden jakiteko eta konfinamendu-egoeraren ondorioz sor daitezkeen zailtasunak atzematen saiatzeko.

Deien bigarren fase honetan, nolabaiteko higadura eta emozioa azaleratzen ari dela antzematen da; izan ere, laguntzarik behar ez izan arren, isolamenduak eta distantzia fisikoak tristura-sentimenduak eragiten dituzte, eta, kasu askotan, pertsona horien larritasuna eta ziurgabetasuna ere bai, aurreko errutinetara itzultzeko gai izango al diren zalantzak agertzen baitira.

Era berean, ikusten ari da batzuetan angustia gaixotasun eta ezgaitasun egoerekin lotuta dagoela, eta horiek areagotu egiten dutela konfinamendu egoera honetan.

Lehen faseko datuak

Aurreko astean deien lehen fasea amaitu ondoren, bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako  edo adineko beste pertsona batekin bizi diren 19.948 etxeetatik (29.148 pertsona),  16.037 etxetara deitu da  (23.655 pertsona), eta horietatik 11.832ekin  harremanetan jartzea lortu da. Egun eta ordu desberdinetan deiak errepikatu arren, ez da lortu 4.205 etxetan telefonoa hartzea. Egun hauetan, berriz saiatuko da, eta 80 urtetik gorako pertsonak dituzten etxeak lehenetsiko dira.

2.618 etxerekin ezin izan da harremanetan jarri, ez baitago telefonorik Udalaren datu-baseetan; beraz, harremanetarako beste bide batzuk bilatzen ari dira, eta kasu honetan ere 80 urtetik gorako pertsonen etxeak lehenesten dira.

Harremanetan jartzea lortu den etxe guztietatik, %91ek adierazi du ez duela laguntza berezirik behar krisi-egoera honetan, familia-sarea, lagunak edo bizilagunak baititu, eta laguntza eman diezaiokete behar duenean. Gainerako %9ak zailtasunak izan ditu arlo hauetako batean: elikagaiak edo botikak erosteko laguntza, denbora betetzeko zailtasunak, bakardade-sentimenduak, isolamendu-sentsazioa, larritasuna...

Egoera zehatzagoak ere identifikatu dira, beren intentsitateagatik edo pertsona horren etxean sartzea eskatzen dutelako, baloratzeko irizpide tekniko zehatzagoak behar izan dituztenak, eta, beraz, gizarte-zerbitzuetara bideratu dira.

Baliabideei buruzko informazioa jaso duten pertsonen %49 inguru erosketak egiten, zaborra ateratzen edo botikak erosten laguntzeko izan da. Horregatik, hiriko auzoetan antolatutako Zainketa Komunitarioko eta Auzotarren Sareetako, Guztion Artean programako eta DYAko kontaktuak eman zaizkie.

%20ak adierazi du aisiako denbora nola betetzearekin  kezkatuta dagoela, eta %18 baino gehiagorekin antzeman da laguntza emozionaleko baliabideak ematea komeni dela. Horretarako, Itxaropenaren Telefonoaren, Zilarrezko Hariaren edo Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialaren laguntza psikologikoa eskaini zitzaien.

Egoeren %13ak arreta integralagoa behar izan dute eta, beraz, Udaleko Gizarte Zerbitzuetara bideratu dira.

Gainera, Gizarte Zerbitzuetako Zentroak harremanetan daude, gutxi gorabehera, 2.128 pertsona nagusi bizi diren 1.293 etxeekin, bakarrik edo beste adineko batekin bizi direnak eta eguneko zentroak erabiltzen dituztenak eta/edo mendekotasunaren prestazioak jasotzen dituztenak, baita Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua beren borondatez eten duten 450 helbideekin eta zerbitzu eta prestazio berriak edo dagoeneko eskaintzen zaizkienen intentsitatea aldatu duten pertsonekin ere.

Aldi berean, erretiratuen etxeak kudeatzen dituzten adinekoen elkarteen Zuzendaritza Batzordeek 3.000 bat lagun elkartekide deitu dituzte.

Bigarren jarraipen-txandan egiten ari diren deiek konfinamendua luzatzearen ondoriozko beharrizan berriak detektatzeko eta, ondorioz, erantzun berriak artikulatzeko balio dute. 

Eragin positiboa

Datu kuantitatiboez gain, deiak egiten ari diren pertsona-taldeak hauteman du deiak eragin positiboa izan duela, bai deia jaso duten pertsonengan, bai haien hurbileko inguruneetan; izan ere, segurtasuna ematen die jakitea laguntza eta zainketa behar izanez gero Udalari dei diezaioketela.

Udaleko langileek egindako lana Euskadin, Gipuzkoan eta zehazki Donostian egoera bereziki ahulean dauden pertsonei laguntzeko baliabideak eskaintzeko lanean eta antolatzen ari diren milaka pertsonei gehitu zaie. Pertsona horiei guztiei, Udalak eskerrak eman nahi dizkie Donostia hiri konprometitua, solidarioa eta zaintzen dakiena dela baieztatzeagatik.

Deialdia

Lagunkateren deia jaso beharko zuen baina jaso ez duen senide, lagun edo bizilagunen bat duten pertsonei Udalarekin harremanetan jartzea eskatu nahi die Udalak, 010 zenbakiaren bidez, litekeena baita eguneratua ez dagoen 2.618 kontaktu horietako bat izatea.

Interesatu Zaitez