Diputatu nagusiak gizarte zerbitzuetako langile guztien “konpromiso eta lan ona” aitortu ditu, Covid-19 gaitzaren pandemiari aurre egiterako orduan
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak gizarte zerbitzuetako langile guztien “konpromiso eta lan ona” eskertu ditu gaur. Covid-19 gaitzak eragin duen pandemiari aurre egiteko Aldundiak martxan jarri duen Txoke Planaren arduradunekin bilera egin du gaur goizean Donostian Olanok, eta bertan egin ditu adierazpen hauek. Topaketa Txara II eraikinean egin da, Gizarte Politikako departamentuaren egoitzan. Bertan, lurraldeko egoitzetan banatzen ari den babeserako materiala jasotzen den bertatik bertara ezagutu du diputatu nagusiak. “Eskura ditugun baliabide guztiak erabiltzen ari gara, Aldundiak duen eskarmentu eta baliabide guztiak ari gara jartzen adinekoen egoitzen zerbitzura, guretzako lehentasunezkoa den kolektiboa bertan baitago momentu honetan”, berretsi du Olanok.
Bilera egin ostean egin dituen adierazpenetan, Olanok “gertatutasun eta babes osoa” adierazi die adinekoen egoitzetan senitartekoren bat gaixo duten herritarrei, eta “oso bereziki” COVID-19 gaitza dela eta gertuko pertsonaren bat galdu dutenei. “Ikuspegi humanotik hain gogorrak eta zailak diren momentu hauetan, oso eskertuta gaude erakusten ari diren lankidetzarako prestutasunarekin. Gure esku dagoen guztia egiten ari garela adierazi nahi diet, osasun agintariekin lankidetzan, kontagioei aurre hartu eta gaixotzen direnei zainketa eraginkor eta duinak emateko”, adierazi du.
Bileran parte hartu dute Gizarte Politikako foru diputatu den Maite Peñak eta departamentuko zuzendari eta zerbitzuburuek. Bertan, Txoke Planak jasotzen dituen neurrien balantza zehatza egin da, bai eta lurraldeko egoitzek gaur egun bizi duten egoerarena. Azpiegitura sare hau 240 zentrok osatzen dute, eta bertan adinekoak, desgaitasuna dutenak, haurrak, gizarteratzea eta osasun mentala bezalako alorrak jorratzen dira. Guztira, 7.000 lagun artatzen dira sare honetan.
Diputatu nagusiak Gipuzkoako eredu sozioekonomikoaren “sendotasun eta eraginkortasuna” aldarrikatu ditu. “Erakundeen eta hirugarren sektorearen arteko elkarlanean dago oinarrituta eredu hau”, eta egungoa bezalako krisi “zail” bati erantzuten ari zaio. Aldi berean, Olanok bere aitortza adierazi die egoitzetako langile guztiei, koronabirusari eusteko lehen lerroan egiten ari diren “lan eskerga” dela eta.
Material banaketan areagotzea
Bileraren ostean, diputatu nagusiak eta Gizarte Politikako diputatuak Txaran ezarri den emergentziako biltegi logistikoa bisitatu dute. Azken asteotan, Gizarte Politika departamentuak bertatik kudeatu eta banatzen ditu egoitzetako langileentzako babes materialak, betiere zentro bakoitzaren eguneroko beharren arabera. Krisia hasi zenetik, Gizarte Politika departamentuak jada 100.000 maskara eta 30.000 Norberaren Babeserako Ekipamendu bidali ditu lurraldeko zentro sarera. Material hau Osakidetzak banatzen duenaren osagarria da.
Hain zuzen ere, material banaketaren areagotzea Covid-19 gaitzari aurre egiteko martxan jarritako Txoke Plan foralean aurreikusitako neurrietako bat da. Bere osotasunean, zazpi lan lerro eta 50 ezohizko neurri jasotzen ditu egitasmo honek, eta bere helburu nagusia da Covid-19ak eragin duen aurrekaririk gabeko egoera honi modu estrategiko eta koordinatuan erantzutea. Materialaren banaketarako sistema informatiko propio bat ezarri da, eta gero hau baloratzen diren beharren arabera banatzen da. Aldundiaren papera da osasun agintaritzetatik egiten diren banaketak osatzea. Gainera, Aldundiak maskarak esterilizatzeko makina bat erosi du, eta honek hauek hiru aldiz berrerabiltzea ahalbidetzen du.
Honela, Aldundia zentro guztien eguneroko jarraipena egiten ari da, momentu oro monitorizatuz gaixotasunaren bilakaera eta zentro bakoitzak dituen material eta formakuntza beharrak, bai eta hartu dituzten aurre hartze neurriak ere.