Andoni Ortuzarren mezua Aberri Egunean: “Euskadi erabat instituzionalizatzeko prozesuak aurrera jarraitu behar du”

Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Jeltzaleen Aberri Exekutibak koronabirusaren krisiak baldintzatu duen aurtengo Aberri Egunerako onartu zuen adierazpena irakurri du: “Herritarrak zaintzea eta babestea da gaur Aberria eraikitzeko modurik onena”

Andoni Ortuzarren mezua Aberri Egunean: “Euskadi erabat instituzionalizatzeko prozesuak aurrera jarraitu behar du” 12Apirilak
2020
2020 ApirilaK 12 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Koronabirusaren krisiak markatu duen Aberri Egunean eta pertsonak batzeko ekitaldirik egin ezinik, Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak,bideo bat grabatu eta zabaldu du zeinetan Jeltzaleen Aberri Exekutibak iragan astelehenean Aberri Egunerako egin zuen adierazpena irakurri duen. Agiriak gaur egungo egoeraren larritasuna aztertzen du baina, aldi berean, ez die ihes egiten Euskadiri epe labur, ertain eta luzera nazio gisa planteatuko zaizkion erronkei. “Duela berrogei urte Euskadiko erakundeak sortzeko hasi zen prozesuak erabakitasunez jarraitu behar du. Globalizazioz eta nazioz gaindiko prozesuz betetako aro berri hau birus hilgarriak esportatzeraino iritsi da, eta argi eta garbi erakutsi behar digu Euskal Herriak inguruko Nazioek dituzten aukera eta gaitasun berberak izan behar dituela. Hori da gure Alderdiak datozen garaiotarako izango duen helburu nagusia: Euskadirentzat ahalik eta autogobernu mailarik handiena eta euskal herritarrentzat erabakitzeko gaitasun mailarik handiena lortzea, herri hau bere etorkizunaren jabe izan dadin”, ezarri du EBBren adierazpenak, Ortuzarrek Sabin Etxean bertan Sabino Aranaren jatorrizko bulegoaren aurrean irakurri duena. Agiri berean jasotzen dira EAJ-PNVren betiko aldarrikapenak, orain arteko 88 Aberri Egunetan EAJk plazaratu dituenak eta euskal gizarteak gaur egun bizi duen egoera larriari buruzko hausnarketak. “Euskal herritarrak zaintzea eta babestea da gaur egun Euzko Alderdi Jeltzalearen lehentasun nagusia. Gure herrikideak zaintzea eta babestea da gaur egun Aberrigintza egiteko modurik onena. Gure Herriaren etorkizuna bermatzeko erarik zuzenena. Osasun eta ekonomia aldetik bizi dugun makalaldi honetatik ateratzea da, beraz, gure premiarik handiena. Helburu horrekin hitzemanda gaude, eta lan horri ekingo diogu buru belarri hurrengo hilabeteotan. Uste osoa daukagu Herri honen etorkizunean, euskal gizarteak edozein erronkari aurre egiteko daukan indar, kemen eta gogoan. Bide hori egiteko gaitasuna duten erakundeak ditugu, urratsez urrats Euskadi aske eta burujabea eraikitzera eramango gaituztenak”.

Interesatu Zaitez