Maider Lainez alkateak eta Mari Jose Izagirre alkateordeak bideo bitartez aurreratu dute COVID19a andoaindarrean artean izaten ari den eragin sozio-ekonomikoari aurre egiteko Andoaingo Udaletik egiten ari den lanari buruzko informazioa:
1). Udal baliabideen berrantolakuntza: langileak eta baliabide ekonomikoak
Gizarte Zerbitzuetako Saila indartu da, Atariako eta Idazkaritzako langileekin.
San Joan Bataiatzailea Egoitza indartu da: Eguneko Zentroko langileekin: 4 laguntzaile, psikologo bat eta dinamizatzaile bat.
Udaltzaingoa berrantolatu da: ohiko zereginak egiteaz gain (azpimarratu behar da apirilaren 1ean Udaltzaingoko agenteek bilatzeko eta harrapatzeko agindupean zegoen emakume bat atxilotu zutela), zerbitzua berrantolatu da, kalean agente gehiago egoteko, segurtasuna handitzeko eta konfinamendu neurriak betetzen direla bermatzeko.
Garbiketa indartu da: obra brigada osatzen duten langileak garbiketa brigadan txertatu dira, hau indartzeko asmoz, herriko kale nagusienak egunero urez garbitzeko, kaleen ohiko garbiketa motorizatua egiteko eta erabilera komuneko guneak eta kaleko altzariak, barandak eta ukitzen diren elementuak desinfektatzeko eta garbitzeko.
Gobernu Taldetik eskerrak eman nahi dizkiegu Udaleko langile guztiei, jasaten ari garen muturreko egoera honetan egiten ari diren lanarengatik, izan ere, badakigu pertsona bakoitza, bere postutik eta erantzukizunetik, daukan onena ematen ari dela.
2). Hurbileko arreta zuzena gure nagusiei:
Hainbat fasetan egin da:
75 urtetik gorakoak: 968 pertsonarekin jarri gara harremanetan (707 etxebizitza).
70 eta 75 urte artekoak: 689 pertsonarekin jarri gara harremanetan.
65 eta 70 urte artekoak: oraintxe ari gara deitzen.
Dei horien ondorioz 24 eskari sortu dira: elikagaiak erosteko 15 eskari, farmaziara joateko 8 eskari, zaborra jaisteko eskari bat. Eskari horiei Gurutze Gorriaren eta boluntario taldearen laguntzari esker erantzun ahal izan zaie.
Gainera, supermerkatu kate handi bat Gurutze Gorriarekin harremanetan jarri da, eta janari soberakinak eskaini dizkio. Ekarpen horri esker, eta Gizarte Zerbitzuekin koordinaturik, 16 familiaren beharrei erantzun ahal izan zaie. Udala elikagaien banaketa ari da egiten Caritasekin koordinaturik, Gurutze Gorriaren eta boluntario taldearen lankidetzarekin.
Gobernu Taldetik eskerrak eman nahi dizkiegu Gurutze Gorriari, boluntario taldeari eta Caritasi, egiten ari diren lanarengatik eta Udalarekin duten lankidetzarengatik, jasaten ari garen egun gogor hauetan.
3). Laguntza ekonomikoak merkataritzari-ostalaritzari, azokako postuei eta autonomoei:
Andoaingo Udalak laguntza lerro berria jarriko du martxan, herriko eragile ekonomikoen eteteari eta itxierari aurre egiteko. Datozen egunetan argitaratuko da xehetasunak deskribatuko dituen laguntzen agindua.
400 euro saltoki eta ostalaritza establezimendu bakoitzarentzat itxita dagoen hilabete bakoitzeko.
400 euro titular andoaindarra duen azokako postu bakoitzarentzat azoka itxita dagoen hilabete bakoitzeko.
350 euro jarduera Andoainen egiten duten autonomo andoaindar bakoitzarentzat jarduera profesionalik gabeko hilabete bakoitzeko.
4). Merkataritzako eta ostalaritzako ordainagirien ordainketa:
Merkataritza itxita dagoen bitartean terrazen tasaren ordainagiririk ez pasatzea.
Erraztasun indibidualizatuak Udalean tributuak ordaintzeko orduan: atzerapenak edo/eta zatiketak.
Establezimendua itxita egon den denboraren proportziozko murrizketa zenbait tasatan, JEZ, ura, zaborrak…
5). Andoaingo ikasleen Interneterako sarbidea
Kultura eta Hezkuntza Saila hiru ikastetxeekin koordinaturik ari da lanean, ikasleek Internetera konektatzeko dituzten beharrak hautemateko. Ikasle guztiek online klaseetara sartu ahal izateko ari gara lanean.
Gainera, Udaletik zenbait aholku bideratu da:
Emakumeei gogorarazi behar zaie, edozein eraso sexistaren edo etxe barruko indarkeriaren aurrean, telefono zenbaki hauekin jar daitezkeela harremanetan:
900 840 111: Eusko Jaurlaritzaren SATEVI zerbitzua.
900 300 819: Andoaingo Udaltzaingoa.
943 304 343: Andoaingo Gizarte Zerbitzuak.
943 300 830 (397 luz.): Andoaingo Berdintasun Zerbitzua.
Gaur, astelehena, apirilaren 6a, Ariketa Fisikoaren Munduko Eguna da. COVID-19ak konfinamendu neurriak gauzatzera behartzen gaituen arren, oso garrantzitsua da aktibo jarraitzea. Webgunean, etxean ariketa fisikoa egiteko proposamenak aurkituko dituzue. Aukera itzazue gehien atsegin dituzuen proposamenak eta goza ezazue!
Aste Santu aurreko egunetarako, Andoaingo Udaletik erosketa arduratsua egiteko deia egin da. Gogorarazi behar da elikagaien hornidura eta banaketa bermaturik daudela. Era arduratsuan, pixkanaka, erostea gomendatzen da, gertuko saltokietan, eta denboraldiko produktu freskoak, segurtasun neurriak eta mugak gordez.
Amaitzeko, Gobernu Taldetik, itxaropenez beteriko mezua bidali nahi diegu andoaindarrei, badakigulako denon artean koronabirusaren aurkako borroka irabaziko dugula. Beraz, animo, indarra eta jarraitu borrokan!