Langileek, autonomoek eta enpresek erraz ikus ahal izango dituzte dauden programa, laguntza eta baliabideak
Gipuzkoako Foru Aldundiak ehun ekonomikoari zuzendutako 'online' plataforma bat prestatu du, Covid-19ak jarduera ekonomikoan eragindako kalteak arintzeko dauden programa, laguntza eta baliabideei buruzko informazio interesgarri guztia eskura jartzeko. www.gipuzkoa.eus/es/web/covid19ekonomia webguneak jarduera ekonomikorako eta enplegurako neurriei eta laguntzei buruzko informazioa emango du, enpresa jardueraren araubidearen arabera banatuta (partikularrak, autonomoak eta enpresak). Kasu bakoitzean, jarraibideak eta orientazioa eskaintzen ditu lau esparrutan: lan osasuna, lan esparrua, laguntza publikoak eta fiskalitatea.
Plataforma foru erakundeak abian jarritako lehen neurri sortaren parte da, jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren esparruan pandemia eragiten ari den ondorioei aurre egiteko; eta garapen agentziekin eta ehun ekonomikoko erakundeekin batera garatu da. "Egoera gogor honetan, ezinbestekoa da langileek, autonomoek eta enpresek ezagutu ahal izatea zer tresna eta baliabide eskaintzen ari garen administrazio ezberdinak eta ekosistemako eragile guztiak, Gipuzkoako jarduera ekonomikoa laguntzeko. Halaber, ezinbestekoa da baliabide horiek modu erraz eta argian eskuratu ahal izatea, dagoen informazio guztia ordenatuz", azaldu du Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak.
Gainera, plataformak laguntza sare oso bat jartzen du eskura, egin beharreko izapideen inguruko argibideak eskaintzeko eta langileen, enpresen eta autonomoen eskura dagoen neurri-sorta eskatzeko prozesuan sor daitezkeen zalantzak argitzeko. Galderak eta zalantzak "sortzen ari dira", Lasaren hitzetan, eta, egoera horretan, plataforma saiatzen ari da erantzunak eta irtenbideak ematen "ahalik eta modurik eraginkorrenean". Horregatik, FAQen atal bat eskainiko du (maiz egiten diren galderak), prozesu hori errazteko; eta erabiltzaileek beren galderak eta kontsultak egin ahal izango dituzte formulario erraz bat betez.
Edukia lau atal nagusitan egituratuta dago. Osasun arloan, adibidez, osasun segurtasuneko baldintzak, protokoloak eta alderdiak jasoko dira; lan gaietan, plantillari eragiten dioten neurriak, edo ERTEen eskaera eta kudeaketa; laguntza publikoetan, dirulaguntzak eta finantzaketa tresnak; eta fiskalitatean, araudiak, prozedurak eta zergen tratamendua. Era berean, beste atal batean, plataformak elkarreragina ahalbidetzen du Gipuzkoako jarduera ekonomikoari laguntzeko ekosistema osatzen duten eragileekin, hala nola eskualdeko garapen agentziekin, patronalekin, enpresa-elkarteekin, sektore-elkarteekin…, solaskideen arteko harremanak erraztuz.
Informazio hori guztia aldian-aldian eguneratuko da, sortzen diren neurri eta programa berriekin. Lasaren hitzetan, "Gipuzkoa ahalegin kolektibo ikaragarria egiten ari da krisi honi aurre egiteko eta, bakoitzak bere jarduera esparrutik, denon artean aurrera ateratzeko. Garrantzitsua da ekonomia eta zerga alorreko neurri horiek guztiak herritarrengana eta ehun ekonomikora argi eta garbi iristea". Lurraldeko ehun ekonomiko eta industriala "enpleguaren eta gure gizarte ongizatearen bermea" dela gaineratu du. Ezin gara besoak gurutzaturik geratu eta ezin ditugu erortzen utzi ez herritarrak ez ehun ekonomikoa eta industriala. Ezinbestekoa da jarduera ekonomikoa eta osasun bermeak uztartzea, osasuna baita lehenengo gauza; betiere koordinaziotik eta lankidetzatik abiatuta. Hori egiten ez badugu, denbora gehiago beharko dugu krisi honetatik ateratzeko, eta ondorio asko atzeraezinak izango dira".