Argi eta garbi utzi nahi dugun lehen gauza da gure Alderdiak bat egiten duela eta konpromisorik irmoena duela Covid-19aren hedapena geldiarazteko hartu diren neurri guztiekin. Era berean, gure aitortza eta esker ona adierazi nahi diegu osasun arloko eta oinarrizko zerbitzuetako profesionalei, beren ezagutza guztia eta beren ahalegin guztiak eskaintzen ari direlako eginbehar eta egoera latz hauetan.
Era berean adierazten dugu, orain eta hemen, beste edozein gauzaren gainetik, erakunde eta alderdi guztien lehentasuna, pandemia honi bat eginez eta era eraginkorrean aurre egitea dela, gainditzea lor dezagun; eta gizarte osoari helarazi nahi diogun mezua da esku onetan dagoela eta, beraz, agintari publikoen jarraibide eta aginduei men egin beharrean aurkitzen garela.
Uste osoa daukagu erakundeen arteko lankidetza, osasun sistemen arteko elkarlana eta herritarrekiko elkartasuna direla Koronabirusaren krisiaren ondorio larriei aurre egiteko modurik onena. Zentzu berean ,geure egiten ditugu Urkullu Lehendakariak egin dituen adierazpenak eta adierazten dugu ez gaudela ados bart gauean gure eskuduntzak bidegabeki eta justifikaziorik gabe inbaditzeko hartu zen erabakiarekin. Horregatik, Espainiako gobernuburu Pedro Sánchezi eskatu nahi diogu alarma-egoera dekretuaren erabilera proportzionatua egin dezala, Euskadiko agintari legitimoak eta Euskadi gure Herriaren eta Estatuaren arteko elkarbizitza sostengatu duen Autogobernua errespetatuz. Gure historian zehar , hainbatetan, egoera konplexuei aurre egin behar izan diegu eta denak gainditu ditugu Euskadiko Erakundeen jardunbide erabakigarriei esker. Oraingoan ere, horrela izango da. Euskadiko emakume eta gizonok konfiantza osoa daukagu gure erakundeetan, eta egoera honetan guri dagokiguna beraiek administratzea eta kudeatzea nahi dugu. Ateak irekita daude, jakina, tartean dauden erakunde guztiekiko koordinazio eta lankidetzarako, OMS-Osasunaren Munduko Erakundetik hasita eta udalik txikieneraino, erakunde guztien eskuduntzak errespetatuta.
Akordioa, koordinazioa eta lankidetza horiek egokiro eman dira krisi hau hasi zenetik. Hori dela eta, auzitan jartzen dugu alarma-egoeraren dekretuak egiten duen formulazioa, hau da, pandemia honi aurre egiteko modurik onena ahalmen eta botere guztiak Gobernu zentraleko pertsona gutxi batzuen esku jartzea dela planteatuz. Eskuduntza duenak, egoera hurbiletik ezagutzen duenak eta krisia orain are egokiro kudeatu duenak bide beretik jarraitu behar du. Horregatik guztiagatik eskatzen eta exijitzen dugu atzo ezagutzera eman ziren arauak bete daitezela Euskadiko osasun, segurtasun eta garraio sistemak eta tokian tokiko agintariak errespetatuz.
Bere garaian EAJ-PNV Alarma-, Salbuespen –eta Setio- Egoeren formulazioen kontra agertu zen. Gaur ere adierazi nahi dugu planteamendu horiek zalantzan jartzen ditugula.
Euskadiko gizartearentzat zigor bikoitz eta bidegabea izango litzateke, Covid-19aren erasoa pairatzeaz gain, krisi egoera honetan bere Autogobernuaren esparru handiak galtzea. Pedro Sánchezi eskatzen diogu bere ahalmen berriak kudea ditzala zuhurtasunez eta neurriz eta Euskadiko Autogobernua errespetatuz, osasunerako ondorio larriez gain, Euskadiko hiritarrok ez ditzagun pairatu behar inork nahi ez dituen ondorio politikoak.
Euzko Alderdi Jeltzalearen aldetik, Eusko Jaurlaritzari eta Euskadiko Erakunde guztiei gure babes osoa adierazten diegu eta beren erantzukizun eta eskuduntzak ahalik eta eraginkorren baliatzen jarraitzea eskatzen diegu Euskadin osasun egoera normala berrezartzerik izan dezagun. Gaur bertan, Lehendakariak, asmo eraikitzailearekin eta zintzotasun osoz, hainbat proposamen planteatu ditu pandemiaren kontra borrokatzeko eta ekonomian eta enpleguan izango dituen ondorio kaltegarriak arintzeko. Neurri horiek albait arinen abian jartzea eskatzen dugu. Amaitzeko, adierazi nahi dugu uste osoa dugula krisi honetatik irtengo garela eta ahalegin horretan gure Alderdiaren indar guztiak eskainiko ditugula.