Leixuri Arrizabalagaren hitzetan koronabirusa ezin da hauteskunde garaiko eztabaidagai bilakatu eta erantzukizunez jokatzea eskatu du

EAJ-PNVk Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan Bizkaian aurkeztuko duen zerrendaburuak esan du hau ez dela “krisi politikoa, osasun krisia baizik”, eta bai herritargoak bai ordezkari politikoek “eskuduntza duten agintariek une bakotxean emongo deuskuezan gomendioak” bete behar ditugula

Leixuri Arrizabalagaren hitzetan koronabirusa ezin da hauteskunde garaiko eztabaidagai bilakatu eta erantzukizunez jokatzea eskatu du 12Martxoak
2020
2020 MartxoaK 12 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Koronabirusa ez da inolako krisi politikoa, osasun krisia da, eta lehentasunik nagusiena da pertsona guztion osasuna bermatutea”. Baieztapen hauek egin ditu gaur goizean Leixuri Arrizabalagak, EAJ-PNVk Eusko Legebiltzarrerako aurkezten duen Bizkaiko zerrendaburuak. “Egoera barri hau eztabaida politikotik atara behar dogu eta erantzukizun osoz jokatu. Hau ez da alderdi politikoen arteko liskarrerako argudio izan behar”, azaldu du. “Gizartean zabaldu behar dogun mezua da lasaitasuna eta erantzukizuna lehenetsi behar doguzala. Arduraz jokatu behar dogu herritarrok eta alderdi politikoak ordezkatuten doguzan pertsonak”, adierazi du. Horrela, erantzukizunez jokatzeko deia egin du: “Herri ordezkariok, herritarrek egin behar daben moduan, hitzez-hitz beteko doguz eskuduntza daben osasun agintariek une bakotxean emongo deuskuezan gomendioak”.

Osasun egoera honek apirilaren 5eko hauteskunde deialdian izan ahal duen afekzioaz ere hitz egin du eta aurrekaririk ez dagoela esan du. “Legeak ez dau ezer aurreikusten, ez dau esaten orain zer pausu emon behar dan. Oso konplexua da arlo juridikotik eta lege aldetik”. EAJ-PNVk “gure bideari eutsiko deutsogu, baina ardura guztia daben agintarien gomendioak geure egingo doguz eta bete egingo doguz”, aurreratu du.

Arrizabalagak “oso gogortzat” jo du indarkeria matxistaren ondorioz atzo Abanto-Zierbenan gertatutako hilketa bikoitza, eta bere elkartasun osoa eta erabatekoa adierazi die biktima bien senide eta lagunei. “Erailketaren barri jasotzean, lehen momentuko tristuraz gain amorrua eta haserrea areagotu jatazan”, atsekabetu da. “Bardintasunik ezak ekartzen deuskuz holango ezbeharrak, indarkeriak eta bortxaketak. Erakundeen ardura gure eskuetan dagoan neurrian, bardintasun politikak eguneroko jardunean sendotzen eta areagotzen jarraitu behar dogu”, ziurtatu du. Hurrengo legealdian, Eusko Legebiltzarrak Berdintasun Legearen aldarazpena landu beharko duela aurreratu du eta, bide horretan, “indarkeria matxistaren biktima guztiei zuzendutako neurriak adostu beharko doguz, biktimak artatzeko eta prebentzio lana egiteko. Halandaze, lege horretan jaso beharko doguz aurreikuspen juridiko eta lege marko barriak”, amaitu du.

Interesatu Zaitez