MUBILek Eskusaitzetako lurzatia eskuratu du, Elektromugikortasun Zentroa bertan kokatzeko

10.000 metro karratuko eremu industrialari buruz hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean Markel Olano diputatu nagusiak eta Eneko Goia Donostiako alkateak

MUBILek Eskusaitzetako lurzatia eskuratu du, Elektromugikortasun Zentroa bertan kokatzeko 04Martxoak
2020
2020 MartxoaK 04 |
DONOSTIA

PARTEKATU

Gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 10.000 metro karratuko lurzati bat eskuratu du Donostiako Eskusaitzeta industrialdean. Leku horretan kokatuko da Mubil, Gipuzkoako elektromugikortasunaren zentro berria. Donostiako Udalari erosi zaio eremua 2.009.148,06 euroren truke. Bertan eraikiko da aurreko legealdian Etorkizuna Eraikizen barruan eratu zen elektromugikortasunaren eta energia biltegiratzearen erreferentzia zentroa, lurraldeak elektromugikortasunaren alorrean dituen ahalmenak indartzeko, mugikortasun elektrikoari lotutako sektorearen garapena bultzatzeko eta Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna eta nazioarteko posizionamendua indartzeko xedez.

Eskuratzea gaur goizean formalizatu da Gipuzkoako Foru Aldundian akordioa sinatzeko egin den ekitaldian. Bertan izan dira Markel Olano diputatu nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Ainhoa Aizpuru, Proiektu Estrategikoetako diputatua eta Mubil Fundazioko lehendakaria ere badena. Ekitaldi horretan adostu dute, halaber, beste 48.000 metro karratu erreserbatuko dituztela sektoreko enpresak Eskusaitzetan ezartzeko eta, hala, elektromugikortasunari lotutako berrikuntza gune bat sortzeko.

Lurzati hori eskuratzeko hitzarmena izenpetu izana urrats garrantzitsu bat da Mubil gauzatzeari begira. Aurreikuspenen arabera, Eskusaitzetako industrialdeko obrak datorren urtean hasiko dira. Hurrengo mugarria proiektua zuzenduko duen pertsona izendatzea izango da –hautaketa prozesua azken fasean da–.

Mubil Gipuzkoako Elektromugikortasunaren Zentroak lau helburu nagusi izango ditu: jarduera ekonomiko berria sortzeko ahalmen zientifiko-teknologikoak eta industrialak lerrokatzea; lankidetzan jardutea ezagutza transferitzeko eta negozio hobi berriak sortzeko mekanismoak sustatzen, enpresa-ehun berri bat sortzeko, gaur egungoa eraldatzeko eta enplegu berria sortzeko; bere jarduketak erakundeen lankidetza-sare batean integratzea, eta Gipuzkoa mugikortasun jasangarriaren eta biltegiratzearen esperimentaziorako espazio bilaka dadin erraztea.

Behin-behineko egoitza, Tolosan

Eskusaitzetan Mubil elektromugikortasunaren zentroaren obrak egiten diren bitartean, behin-behineko instalazioak Tolosako Usabal industrialdeko pabiloi batean kokatuko dira udazkenetik aurrera. Mubil Fundazioan lanean ari dira Tolosako behin-behineko egoitzaren diseinua eta instalazioa azkentzen.

Bertan kokatuko dira behin-behinean –Eskuzaitzetako obrak bukatu arte–, besteak beste, Mubilen laborategiaren lehen instalazioak, zeinak energia biltegiratzeari buruzko ikerketara eta garapenera bideratuko baitira, beti ere Cidetec-ek kudeatuta. Europa mailan punta-puntako laborategia izango, bertan kokatutako instalazioen eta ekipoen ezaugarrie erreparatuta. Ekipamendu honi esker, bateriak eta energia biltegiratzea sistemak erabat garatu eta karakterizatu ahalko dira bertan, gero mugikortasunaren zein biltegiratze sistemen alorretan aplikatu ahal izateko. Erabilera errealeko baldintzetan bateriek duten portaera ere aztertu ahal izango da bertan. Instalazio eta ekipamendu hauek Eskusaitzetara eramango dira Mubilen behin-betiko egoitza berria eraikitzen denean.

Interesatu Zaitez