Urkullu: “Euskadi bidezkoagoa, solidarioagoa eta batuagoa eraikitzen jarraituko dugu etengabe hobetzeko asmoari eutsiz, konformismoan erori gabe eta egindakoa hausnartuz”

Lehendakari eta EAJ-PNVk berrautaketarako aurkeztuko duen lehendakarigaiak alderdikide jeltzaleei eskertu die gaur berretsi dioten konfiantza eta “barne demokrazian eta parte hartzean eredugarri izateagatik”

Urkullu: “Euskadi bidezkoagoa, solidarioagoa eta batuagoa eraikitzen jarraituko dugu etengabe hobetzeko asmoari eutsiz, konformismoan erori gabe eta egindakoa hausnartuz” 24Otsailak
2020
2020 OtsailaK 24 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Iñigo Urkullu Lehendakariak gaur gauean hitz egin du EAJ-PNVren Aberri Batzarraren aurrean, jeltzaleen organo gorenak berrautaketarako hautagai aukeratzea erabaki eta minutu batzuk geroago. “Gaur da esker ona adierazteko eguna, esker ona zuen konfiantzagatik eta barne demokrazian eta parte hartzean eredugarri izateagatik” izan dira Urkulluk EAJ-PNVko alderdikideei esan dizkien lehen hitzak. “Euskadiko Lehendakari izatea baino ohore handiagorik ez dago. Eman didazuen konfiantza eskertzen dut apaltasunez, ilusioarekin eta inoiz baino indar handiagoarekin”. Lehendakariak baieztatu du konfiantzaren berrespena iritsi zaiola “oso une berezi batean, egunotan erakusten ari baikara egiten dugunaren hausnarketa kritikoa egiten dugula eta etengabeko hobekuntza berezko dugula, eta horixe ere dela niretzat gure herriaren zerbitzura egotea. Konformismorik ez, autokonplazentziarik ez: auto-exijentzia eta konpromiso zintzoa etengabe hobetzeko helburuarekin. Hori da EAJ ereduaren motorea”. Urkulluk, une batez, Alberto Sololuze eta Joaquín Beltrán gogoratu nahi izan ditu, otsailaren 6tik Zaldibarko zabortegiko ezbeharraren ondorioz, lurperatuta jarraitzen duten langileak: “Jaurlaritza eta erakundeak buru belarri ari gara Alberto eta Joaquín aurkitzeko,baita luiziaren ondorioz sortu diren arazoak eta konplikazioak konpontzeko ere. Halaber, gertatutakoaren inguruan hausnartu behar dugu, hori delako hobetzeko eta aurrera egiteko bidea”, baieztatu du.

“Eredu bat daukagu, eta funtzionatzen duela erakutsi dugu. Eman genuen hitza bete dugu. Langabezia %10etik jaitsi dugu baina hori ez da nahikoa: enplegu gehiago eta hobea lortzen jarraitu behar dugu. Gobernuaren konpromisoa lortu dugu, lehen aldiz, Gernikako Estatutua osorik betetzeko, baina hori ere ez da nahikoa: betetzea lortu dugu eta barne akordioa indartu behar dugu autogobernu handiagoa eta hobea lortzeko. Hiru trantsizio globali ekin beharko diegu: demografiko-soziala, ekologiko-energetikoa eta teknologiko-digitala. Lanean jarraitu behar dugu, egunez egun, atsedenik hartu gabe, Euskadiren zerbitzura. Proiektua badugu, pertsonak eta lantaldea baditugu. Ideia bat, indarra eta ilusioa dauzkagu. Hain momentu berezi honetan erronka bat elkarren artean partekatzea proposatzen dizuet: Euskadi hobetzen jarraitzeko anbizioa, urratsez urrats. Ez gara geldituko. Autokonplazentziarik gabe, eginikoari buruzko hausnarketa eginaz eta etengabe hobetzeko ereduarekin jarraituko dugu Euskadi bidezkoagoa,solidarioagoa eta batuagoa eraikitzen. Euskal nazioa eraikitzen jarraituko dugu: Eta EAJren indarrarekin eta ilusioarekin egingo dugu”, amaitu du Urkulluk.

Interesatu Zaitez