Aizpurutxoko oinezkoen pasabidea eta zubia eraikitzeko lanak maiatzean hasiko dira

Aizpurutxoko obren helburua da oinezkoen eta ibilgailuen trafikoak banatzea.

Aizpurutxoko oinezkoen pasabidea eta zubia eraikitzeko lanak maiatzean hasiko dira 18Otsailak
2020
2020 OtsailaK 18 |
Azkoitia

PARTEKATU

Diputatuen Kontseiluak Azkoitiko Aizpurutxo auzoko zeharbidean GI-631 errepidearen paraleloan oinezkoentzako lotura egiteko proiektuaren obrak kontratatzeko espedientea onartu du. Proiektuaren aurrekontua 341.000 eurokoa da, lau hilabeteko exekuzio epea dauka eta, aurreikuspenen arabera, obrak maiatza aldera hasiko dira. “Egitasmoaren helburua oinezkoen eta ibilgailuen trafikoak banatzea da. Gaur egungo errepidearen plataforman ezinezkoa da oinezkoen ibilbide segregatua egitea, luzera guztian ez baitago horretarako espaziorik”, azaldu du Mendozak.

Honenbestez, Erdikobenta eta Ibaiondo tartean errepidea mendi aldera desplazatuko da eta oinezkoentzako igarobidea aterako da errepide bazterrean. Ondoren, Aizpurutxo baserriaren parean, oinezkoen ibilbidea ibaiaren beste aldera pasatuko da, eta horretarako zubi berria eraikiko da. “Aizpurutxoko oinezkoentzako lotura Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepidea hobetzeko proiektuaren lehenengo fasea da”, gogoratu du Mendozak. Gehitu duenez, legealdian zehar egingo dira errepide hau hobetzeko gainerako esku hartzeak: hirugarren erreiak eraikitzea eta hainbat kurbaren hobekuntzak.

Foru bozeramaileak gaineratu duenez, errepide honen hobekuntza Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektu estrategikoetako dela, eta horrela dagoela jasota EAJ-PNV eta PSE-EEren arteko gobernu akordioan. “Errepide honen hobekuntza Urola Erdia eskualdearen aldarrikapen historikoa da. Izan ere, Gipuzkoako Biribilgunearekin eta Zumarragako ospitalearekin lotura zuzena da bide hau”, azaldu du. Ondorioz, proiektua gauzatzeak eragin zuzena izango du eskualdeko biztanleen ongizatean, eta baita ere tokiko enpresen lehiakortasuna hobetzen lagunduko du. Errepide honetatik, egunean 3.300 ibilgailu igarotzen dira, eta %10 baino gehiago ibilgailu astunak dira.

Interesatu Zaitez