Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak azpimarratu du, Udalaren finantza- eta ekonomia-egoera ona dela, eta segidako helburuak bete dituela: aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-jasangarritasuna.
Donostiako Udalak 2019ko aurrekontuaren likidazioa aurkeztu du. Eta ekitaldiaren emaitza segidakoa da: 6,7 milioi euroko superabita.
Zifra hau soilik Udalaren aurrekontu-ekitaldiarena da eta, beraz, ez ditu kontuan hartzen Udalaren mendekoak diren 14 udal-elkarte eta -sozietateak. Elkarte eta sozietateek kontuak administrazio kontseiluetan aurkeztuko dituzte. Hala ere, esan beharra dago, udal-elkarte eta -sozietateek ez zutela defizitik abenduaren 31n. Behin likidazio guztiak onartuta, kontu orokorra osatuko da eta, bertan, Udalaren eta elkarte eta sozietateen emaitzak egongo dira.
Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak 2019ko likidazioaren emaitzaren aurkezpena egin du.
Diru-sarrera arruntak
Udalak aurreikusitakoa baino 9,2 milioi euro gehiago jaso ditu (%3,1 gehiago), eta horietatik, 2,9 milioi Udalak Finantzatzeko Foru Funtsatik datoz (aurreikusitakoa baino %2,06 gehiago).
Udalak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergatik 1,4 milioi euro gehiago jaso ditu. Zerga honek hiru kuota desberdin ditu, jardueraren arabera: udal-kuota, lurralde-kuota eta estatu-kuota. Eta kasu honetan lurralde- eta estatu-kuotetatik izandako diru-sarrerak izan dira igoeraren arrazoia.
Halaber, Udalak OHZ-tik 0,7 milioi euro gehiago jaso ditu. Eta, era berean, Ur eta Saneamendutik 0,6 milioi euro gehiago jaso dira.
Era berean, Hiri-Lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergatik – hau da, gainbalioen gaino zergaz ezagututzen denatik – Udalak aurreikusita zuen 11.450 likidazio egitea, eta likidazio horien batezbestekoa 1.172,67 eurokoa izatea; baina aitzitik, nahiz eta likidazio kopurua aurreikusitakoa baino %1,7 txikiagoa izan, likidazioen batezbestekoa handiagoa izan da (1.272,67 eurokoa), eta ondorioz, 0,5 milioi euro gehiago jaso ditu.
Aparteko diru-sarrerak eta funtsen erreserba
Atal honetan azpimarratu behar da, Udalak aurreikusitakoa baino 2,5 milioi euro gutxiago jaso dituela. Eta arrazoi nagusia honakoa da: Txofre aparkalekuaren esleipena ez da egin, baina egun konpontzeko bidean da.
Halaber, Astiñene eta Espartxo zubien, Udaletxean Udal eta Foru Turismo Bulegoan jartzeko lanen, eta Altzako Kiroldegiaren lanen atzerapenaren ondorioz, ez dira jaso URA Uraren Euskal Agentziaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioa. Gogoan izan, URAk Astiñene eta Espartxo zubien lanen zati bat ordainduko duela, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, Altzako Kiroldegiaren eta Turismo Bulegoaren beste zati bat.
Dena den, Donostiako Udalak diru kopuru bat erreserbatu egiten du, baldin eta sortu dituen diru-sarrera guztiak kobratzen ez baditu baliabideak izateko. Eta hau garrantzitsua da defizita ez izateko, izan ere, baldin eta aurreikusitako diru-sarrerak bertan behera gelditzen badira, gastua mantentzen bada eta erreserba hori egiten ez bada defizita egon liteke.
Horren harian, Udalak 23 milioi euroko erreserba egin du, eta horrek bermatzen du hornitzaileek fakturak batez beste 30 eta 40 egun artean kobratu ahal izatea.
Gastu arruntak eta inbertsioak
Bestalde, iazko ekitaldian gastu arrunta aurreikusitakoa baino 6,7 milioi euro txikiagoa izan da - 4,9 funtzionamendu gastutan, 0,7 diru-laguntzatan, eta 1,0 kreditu globalean -.
Inbertsioei buruz, Udalak aurreikusitakoa baino 0,6 milioi euro gutxiago gastatu ditu, batez ere, lanek kostu txikiagoa izan dutelako.
Gainera, 2020ko ekitaldian pendiente zeuden 90 milioi euroko inbertsioak sartu dira. Horietatik, 63 milioi euro (%70) esleituta dauden eta burutzen ari diren proiektuak edo lizitazioan dauden eta laster esleituko diren proiektuak dira, besteak beste, segidakoak: Kontxako Baranda; Gizarteratze zerbitzuaren hainbat etxebizitza eta lokalak berritzea; Atotxako aparkalekua; Ur eta Saneamendu sareen hobetzea; Heriz eta Erregezaina arteko igogailua; hainbat zahar-etxeren berritzea; Hockey zelaia; eta 2019ko aurrekontuak osatzeko parte-hartze prozesuan erabakitako hainbat proiektu.
Aurrezkia, zorpetzea eta aurrekontu-egonkortasuna
2019ko likidazioak, halaber, inbertsioak finantzatzeko aurrezkia lortu du. Guztira, 18,7 milioi euroko aurrezkiak bideratu dira inbertsioak egitera, aurreikusita baino 12 milioi euro gehiago.
Gainera, Udalak arrazoizko zorpetze maila du. Finantza-entitateei itzuli beharreko zorra 107,5 milioi eurokoa da, hau da, 2018ko abenduaren 31ren zifra bera. Eta zifra honek diru-sarrera arrunten %34,73 ordezkatzen du. Gogoratu behar da, Europar Batasunak gai honetan 2020rako ezarri duen limitea %70 dela.
Horrenbestez, Udalak 2019an aurrekontu-egonkortasunaren helburua bete du, baita gastu arauaren helburua ere. Izan ere, Udalak 178,7 miloi euroko gastua egin zezakeen eta urtea amaitu du 177,9 milioi euroko gastuarekin.