Eusko Jaurlaritzak gaur goizean ez ohiko bilera bat egin du eta horretan Lehendakariak sailburuei esan die Eusko Legebiltzarra desegingo duela eta hauteskundeak deituko dituela. Eusko Legebiltzarra desegiteko eta hauteskundeak deitzeko Dekretua otsailaren 11n izenpetuko du eta indarrean sartuko da EHAAn argitaratzen den egunean
Bilera ondoren, Iñigo Urkullu komunikabideen aurrean agertu da Lehendakaritzan honako adierazpen hau egiteko:
Sailburuok, jaun andreok, arratsaldeon eta eskerrik asko gurekin izateagatik.
Bizi dugun egoeraren azterketa partekatu eta sakona egin ondoren, datorren apirilaren 5ean Euskal Hauteskundeak deitzeko erabakia hartu dut.
Erabaki hau hartzera eraman nauten arrazoiak honako hauek dira:
-Lehena.
Hauteskunde giroa nagusitzen ari da. Egiaztatu dugu Eusko Legebiltzarrean hasitako dinamikak oso zaila egingo duela izapidetzan dauden lege proiektuak edo proposamenak onartzeko bidean aurrera egitea. Guztira 29 ekimen dira, eta, ziurrenik, horietako gehienak geratzen diren hilabeteetan ezingo dira onartu.
-Bigarrena.
Erabakia euskal gizartearen mesedetan hartzen da. Datozen zortzi hilabeteetan hauteskunde-kanpaina iraunkor bat aurrezten diogu gizarteari, eta bi hilabetera bakarrik murrizten dugu.
Euskadik denbora irabazten du, ziurtasunetik eta adostasunetik abiatuta, datozen urteetan jorratu behar diren etorkizuneko erronka estrategikoei hobeto erantzun ahal izateko.
-Hirugarrena.
Apirilaren 5etik aurrera etapa berri bat hasiko da. Horrek aukera emango digu Jaurlaritzaren programa eta kudeaketa eratu diren udal eta aldundiekin, abian jarri berri den Espainiako Gobernuarekin eta, era berean, Europan hasitako etapa berriarekin lerrokatzeko.
-Laugarrena.
Apirilaren 5-aren ondoren eratuko den Gobernu berriak, uda aurretik martxan egoteko aukera izango du. Horrela, 2021-erako ekonomia eta aurrekontu gidalerroak onartu ahal izango ditu, ziurtasun eta egonkortasun handiagoko posizio batetik.
Orain hauteskundeak deitzeak, praktikan, urte erdi bat irabaztea dakar.
Une honetatik aurrera, euskal gizarteak izan dezake Eusko Jaurlaritzak normaltasun osoz lanean jarraituko duen bermea eta segurtasuna, bai orain eta bai jardunean dagoenean. Aurtengo aurrekontua onartuta dago, eta gauzatzen ari da. Gobernu Programaren ekimenak betetzen jarraituko dugu, baita eskumenen eskualdaketa ere, orain arteko exijentzia eta zorroztasun maila berarekin.
Bi hilabete barru hiritarrek erabakiko dute Euskadirentzako aro berriaren norabidea.
Iturria: Irekia