Planeta osoko 127 enpresa ikertu dira azken sei ekimen hauetaraino iristeko Artolazabalek nabarmendu du “gorako bidean dagoen eta enplegu jasangarria eta kalitatekoa sortzeko ahalmen handia duen sektore ekonomikoa” dela
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak ‘Enplegu Berdea Euskadin’ proiektua aurkeztu du gaur Bilbon. Proiektua lurralde bakoitzean langabezia-tasarik handiena duten udalerriei zuzentzen zaie: Sestao (Bizkaia), Urretxu (Gipuzkoa) eta Oion (Araba). Ekonomia berdearen sektoreko erreferente diren eta udalerri horietan erreplika daitezkeen enpresen adibideak bilatzean datza proiektua; hartara, proiektu horien bidez, enplegu-aukerak sortzen lagundu nahi da, batez ere arreta jarrita lan-merkaturatzeko zailtasun handia duten pertsonengan. Nazioartean ideia berritzaileak, baliagarriak eta euskal errealitatera moldagarriak bilatu ostean, sei proiektu aurkeztu dira gaur.
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak eta Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak aurkeztu dute ekimen hori tokiko eragileen aurrean —horien artean zeuden Josu Bergara Sestaoko alkatea, Jon Luqui Urretxuko alkatea eta José Eduardo Terroba Oiongo alkatea—. Guztiek aukera izan dute hautatutako sei proiektuak zuzen-zuzenean ezagutzeko: Kataluniako bi, Social Forest eta Burricleta; Italiako bat, Progetto Quid; Ameriketako Estatu Batuetako bi, Coaldfield Development eta The Plant; eta Indiako bat, Bio-Lution.
Enpresa horietako ordezkariek haien ekimenak aurkeztu dituzte eta topaketak egin dituzte tokiko eragileekin. Topaketaren helburua izan da, hain zuzen ere, sei proiektu horiek Euskadin langabezia-tasarik handiena duten udalerrietan egokitzeko eta ezartzeko aukera dagoen aztertzea.
Artolazabalek nabarmendu duenez, “Lanbidek gaur ekartzen dizkigun proposamen zehatz horiek gorako bidean dagoen eta enplegu jasangarria eta kalitatekoa sortzeko ahalmen handia duen sektore ekonomiko batean biltzen dira”. Izatez, Lanaren Nazioarteko Erakundeak, "Gizarte- eta enplegu-ikuspegiak munduan, 2018: ingurumenaren jasangarritasuna enpleguarekin" izeneko txostenean, aditzera ematen du ekonomia berdeago baterako trantsizioak aukera emango duela, hamarkada honetan, munduan 24 milioi enplegu berri sortzeko, baldin eta politika egokiak sustatzen eta abian jartzen badira.
Euskadin proiektu horien kopia abian jarri ahal izateko, Lanbidek hiru lan-ildo hartu ditu aintzat Oion, Sestao eta Urretxuko langabeekin:
Sei proposamen
Puntu horretara iritsi arte, Lanbidek mundu osoko 127 proiektu ikertu ditu, eta horietako 24 sakonago aztertu ditu Urretxu, Oion eta Sestaoko udalekin batera, azken 14 proiektuetara iritsi aurretik. Udalerri bakoitzeko tokiko eragileez osatutako epaimahai batek aukeratu ditu, azkenean, gaur aurkeztu diren sei proiektuak, Euskadira egokitzeko aukera handiena duten proiektuak diren heinean.
Hauek dira azken sei proiektu horiek:
Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera, enplegu berdeak dira nekazaritzan, manufaktura-industrian, ikerketan eta garapenean (I+G), administrazio-jardueretan eta zerbitzu-sektorean egiten diren eta ingurumen-kalitatea zaintzen edo lehengoratzen nabarmen laguntzen duten lanak. Berariaz, baina ez soilik, barnean hartzen ditu ekosistemak eta biodibertsitatea zaintzen laguntzen duten enpleguak, efizientzia handiko estrategien bidez energiaren, materialen eta uraren kontsumoa murrizten duten enpleguak, ekonomiak karbonoarekiko duen mendekotasuna murrizten duten enpleguak eta orotariko hondakinak eta poluzioak minimizatzen edo saihesten dituzten enpleguak.
fuente- iturria: irekia