Iparragirre 2020ren aurkezpena

Hasi berri den urte honetan 200 urte beteko dira Gernikako Arbolaren sortzailea Urretxun jaio zenetik, eta urteurrena behar den moduan ospatzeko jardueraz beteriko programa aurkeztu zuten atzo.

Iparragirre 2020ren aurkezpena 14Urtarrilak
2020
2020 UrtarrilaK 14 |
URRETXU

PARTEKATU

Programa anitza, orekatua eta partehartzailea osatu dutela azpimarratu zuten udal ordezkariek. Anitza diziplina ezberdinak lantzen dituelako, musika, antzerkia, literatura, turismoa,…; orekatua arlo ezberdinetan, haur eta helduentzako ekitaldiak, erderaz eta euskaraz, herrikoiak eta profesionalak, herrian egingo direnak eta kanpoan…; eta amaitzeko partehartzailea, behin baino gehiagotan aipatu den moduan proiektuen gehiengoa talde edo norbanakoek proposatutakoak direlako, eta udalak eurekin batera landu dituenak eta gauzatuko dituenak.

Aipatu dute gainera Iparragirre2020 ez dela urtebeteko proiektua, egitasmoaren helburua 2020tik haratago joango den ondare bat sortzea dela, eta hau Urretxun gelditzea. Hala nola “3 herri bizitza bat” proiektua, herrira turismoa erakarri nahi duena eta gerora, beste urretxuar batzuren bizitza ere lantzeko erabili daitekeena; Iparragirreren figuraz gain Urretxu ezagutarazi nahi du proiektu honek, Iparragirre2020 egitasmo osoak bezala.

Bigarren mendeurren hau ez da Iparragirreri egiten zaion lehen omenaldia, aurretik ere Estatua eraiki zenean, jaiotzaren 100 urte bete zirenean  edo heriotzaren 100 betetakoan ere egin izan dira; betiere herrialde, herritar eta instituzioen arteko koordinazio eta elkarlanean.

Jarraian, egutegia aurkeztu dute; ekintza bakoitzaren azalpen labur bat eskainiz.

  • Urtarrila: Bertsoaren Harria liburuaren aurkezpena (Urt.14)
  • Otsaila: 3 herri bizitza bat ruta turistikoaren aurkezpena (Ots.2), Angelita Iparragirreren bertso askea antzezlanaren estreinaldia (Ots. 28)
  • Martxoa: Iparragirre literatur sariak (Mar.6), Iparragirre, bihotzeko Jose Mari antzezlanaren aurrestreinaldia (Mar.10) eta Haur abesbatzen topaketa (Mar.29)
  • Apirila: Iparragirreren arbola . Gernikako Arbolaren kimua landatuko da hiltokian (Apir.6)
  • Maiatza: Al encuentro de Iparragirre hitzaldi sorta (Mai. 6,13,20,27)
  • Ekaina: Unitate didaktikoa aurkezpena (Eka. 12) eta Musika Sinfoniko korala kontzertua, “Urretxutik Mundura” obraren estreinaldiarekin eta gonbidatu bereziekin (Eka. 14)
  • Abuztua: Musika aitzaki programaren barruan Urretxu bisitatuko du Musika Hamabostaldiak eta herritik kanpo hainbat kolaborazio ere egingo dira arlo musikalean bereziki. Jaiotzaren egunean (Abuz. 12) Lora eskaintza egingo da mausoleoan.
  • Iraila: Angela erraldoiaren aurkezpena egingo da, Angela Kerexetaren  eta garaiko emakumeen omenez eta Iparragirre kantuz  ekimenean kale antzerki herrikoia ospatuko da (Ira.5). Iparragirreren herriak  folklore jaialdia (Ira. 12) eta Iparragirre eta Santa Anastasia jai bereziak (Irailak 18-21)
  • Urria: Iparragirre Balerdi kantuan banda eta haur abesbatzaren kontzertua (Urr. 17)
  • Abendua: Wikipedian egindako lanaren aurkezpena (Aben 1) eta Film dokumentala ren estreinaldia ( 11)

Hauez gain urte osoko proiektuak, jarraipenekoak deitu dietenak ere izango dira; hala nola Iparragirreren abestien bertsio lehiaketa, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren omenaldia, Donostiako kontzertua, edo Iparragirreren aste kulturala Madriden

Informazio hau guztia esku-orri batean bilduta dago eta aurki Urretxuko etxe guztietan banatuko da, baina itxaron nahi ez duenak, dagoeneko Udalaren web orrialdean, Iparragirre atalean topatuko ditu proiektu bakoitzaren inguruko xehetasunak.

Aipatu zuten gainera, urtean zehar aldaketa txikiak egon daitezkeela datekin eta proiektu edo partehartzaileekin, Iparragirre bera bezala, Iparragirre2020 ere proiektu bizia delako.

Interesatu Zaitez