Talde jeltzalearen esanetan, gizarteak eta ahoz defendatzen dituzten taldeek bizkarra eman diete greba deitu dutenei, bereziki ELA eta LAB-i, sindikatu bietako buruek autokritika sakon eta zintzoa egin beharko luketela gaineratuz
Erabateko porrota. Horixe da ELA eta LAB sindikatuek eta beste erakunde batzuek gaurko deitu zuten grebaren aurrean EAJ-PNVk egiten duten balantzea. Protestaren jarraipena oso mugatua izan da sektore publikoan eta pribatuan, eta euskal hiritargoaren gehiengo nagusi bat lanera joan da gaur, esandako sindikatuek beren ahalegin guztiak egin arren eta era guztietako estrategiak baliatu dituzten arren “Euskadi geldiarazteko”, aurreko egunetan iragarri zuten bezala. Helburu hori ez dute lortu deitzaileek, ezta urrunetik ere. Izan ere, gizarteak berak eta defendatzen omen zituzten kolektiboek bizkarra eman diete, argi eta garbi.
Porrotaren aurrean, EAJ-PNVk ELA eta LAB sindikatuei exijitzen die hausnarketa serio eta sakona egin dezatela, gaurko protestarekin defendatu nahi omen zituzten kolektiboek ez dutelako, gehiengo nagusi batez, greba babestu, dela argi eta garbi ulertu dutelako hauxe ez dela modurik egokiena planteatzen dituzten helburuak lortzeko, dela beren lehentasunak ez direlako sindikatu deitzaileen lehentasun berberak .
Euskal gizartearen gehiengo zabal batek ulertu du gaurko greba erabat politikoa dela, aldarrikapen ekonomiko eta sozialaren itxura eman nahi izan zaion arren, besteak beste pentsioen igoera aldarrikatuz, EAE edo Nafarroako Gobernuen eskuetan ez dagoen zerbait. Hiritargoaren gehiengo horrek ere ez du ulertu greba hori une honetan egitea, Euskadi krisialdiaren unerik latzenak atzean uztekotan dagoenean. Gaurkoa moduko egunek arriskutan jartzen dituzte jarduera ekonomiko bera, enpresa eta denden martxa ona eta enpleguak sortzeko eta finkatzeko ahalegina. EAJ-PNVk ildo beretik salatu ditu eguneroko bizimodua gaiztotzeko eta, hertsapenaren bidez, Euskadiko herritarrei lanera joatea eragozteko xedez eragin diren gertakariak .
ELAk eta LABek gaur Gasteiz eta Iruñeko Gobernuekin egin dutena ez bezala, EAJ-PNVk ez du arduragabekeriaz edo lotsagabekeriaz jardungo eta ez du eperik ezarriko ezta ultimatumik planteatuko ere, baina erakunde sindikalei eskatu nahi diegu autokritika sakon eta zintzoa egin dezatela beren aldarrikapenen eta metodoen inguruan.
Amaitzeko, EAJ-PNVk lasaitasuna eta konfiantza adierazi nahi die Euskadiko langile guztiei. Alderdi honek beren eskubide guztiak defendatzen jarraituko du hemen, Madrilen eta Bruselan. Halaber, EAJ-PNVk Madrilen hasi berri den legealdian bultzatuko du pentsioen etorkizuna eta urtero KPIaren arabera igotzea bermatzeko sistema berria. Era berean, irmotasun osoz eutsiko diogu Euskadiko lan-esparru propioa lortzeko aldarrikapenari. Eta bide horretan jarraituko dugu baina gatazka edo krispazioa bilatu gabe, baizik eta elkarrizketa sozialaren bidez eta akordio zabalak ahalbidetuaz.