Bayón arkitektoek auditoriumaren proiektuaren ahalmen teknikoak azaldu dizkiete udal ordezkariei.
Gorka Urtaran alkateak Gasteizko lau kultur azpiegitura handiak (auditoriuma barne) garatzeko ituna eskaini die udal taldeei. Gasteizko alkateak Gasteiz Antzokia, Principal antzokiaren eraberritzea, Iradier Arena eta auditoriuma garatzearen alde agertu da: “Gasteizek kulturarekin duen zorra kitatzeko aukera bat da, eta adostasunez egin behar dugu.
Horren ildotik, Gorka Urtaranek “hausnarketa eta analisi sosegatua” eskatu die talde politikoei. “Hitzek mugatu egin gaitzakete. Argitu ditzagun auditoriumaren proiektuari buruz ditugun zalantzak, eta eman diezaiogun aukera bat, horri buruz hausnartuz“, nabarmendu du alkateak.
Gorka Urtaranek udaleko talde politikoekin eta Bayón arkitektoekin egin duen bileran azaldu du bere proposamena. Bayón arkitektoek duela hamarkada bat landu zuten Gasteizerako auditoriumaren proiektua, eta Euskaltzaindiaren plazarako pentsatutako proiektua Senda ibilbidetik gertu dagoen Musikaren ibilbideko lursailera egokitzeko egindako proposamenaren ahalmen teknikoak eta moldagarritasuna azaldu dituzte.
Jatorrizko proiektuaren ezaugarriak labur gogorarazi ondoren, Mariano eta Pablo Bayón arkitektoek Euskadin “lehen mailako musikako kultura-establezimendu bat” eraikitzea defendatu dute. “Bokazioz, Gasteiz da Espainiako musikaren hiriburu handia, hain ezaguna ez bada ere. Historikoki lehen mailako musika tradizioa izan du. Gure inguruan musika-auditorium handi bat izateko hiri bereziki prestaturik eta egokirik bada, eta horren behar handiena duenik, Gasteiz da. Horregatik, beti iruditu zaigu bereziki egokia “bikaintasun akustikoaren” printzipioan oinarritutako musika-auditorium handi bat hemen eraikitzeko erabakia, eta egokia iruditu zaigu, halaber, arkitektura akustikoaren alorrean mundu mailako pertsona gailenengana jotzeko erabakia laguntza teknikoa jasotzeko, hau da, Yasuhisa Toyota eta haren Nagata Acoustics. Dagoeneko gertatu da hori. Potentzial hori hiriaren jabetzakoa da jada”.
Mariano eta Pablo Bayonek aretoaren akustikari buruzko hainbat xehetasun azaldu dituzte, baita soinuaren bikaintasuna bilatzeko aretoak dituen beharrei buruzkoak ere, eta proiektua lursail berrira egokitzeko beharretako batzuk zehaztu dituzte. Ildo horretatik, birdoitzeak honako hauek hartu beharko ditu kontuan: hirigintza-baldintzak; azpiegiturak (hartuneak, sarbideak, nola txertatu hirian); aireko zarataren azterketa; trenaren bibrazioen transmisioa, gaur egun eta etorkizuneko lurperatzea egin ondoren; lurraren eta lurpearen ezaugarriak egitura eta zimenduak egokitzeko. Gainera, arkitektoek azaldu dutenez, proiektu berriak bolumena txertatzearekin lotutako alderdiak konpondu behar ditu eta, 12 urte igaro direlarik, iraunkortasun material eta energetikoari buruzko irizpideak eguneratu behar ditu, argiztapen sistema berriak (led) eta energia berriztagarriak erabiltzeko, eta passivhaus irizpideak kontuan hartzeko, besteak beste.
Azalpen horiez gain, gaur goizeko bileran mahai gainean jarri da hiri-plangintzaren aldaketa baten beharra ere, proiektuari berme juridikoak ematearren. Alkateak bere garaian jakinarazi zuen bezala, lursaila, katalogatuta dagoen bezala, erabilera horretarako erabil daiteke, plangintza aldatu gabe, baina beharren azterketa espezifiko batek —altuera eta bolumetriei dagokiena— plan berezia berrikustea eskatzen du.
Horren harira, Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik zehaztu du gobernuaren asmoa dela auditoriumerako plan berezi bat idaztea, beharrezko alderdi guztiak arautuko lituzkeena.
“Hiri honek bere garaian ordaindu zuen proiektua daukagu. Kokapena daukagu, zeina hutsik geratu baitzen desadostasun politikoen ondoren. Beste erakunde batzuen babesa dugu, eta bilatuko dugu. Arduraz joka dezagun denok, bai kokapenari bai diseinuari dagokienez aurreko korporazioetatik eta aurreko alkateengandik heredatu dugun proiektu hori errealitate bihurtzeko, egungo asmoei erantzuteko guztiz baliagarria baita “, adierazi du alkateak.
fuente iturria: vitoria-gasteiz.org