Proiektuko argazkietan 19 herrialde eta 33 hiritako ia 4.000 boluntariok hartu dute parte
Angélica Dass argazkilari ospetsuak erakusketa bat dauka ikusgai gaurtik aurrera Goiuri jauregian. Migratzaileen Nazioarteko Egunaren harira, Udaleko bi zerbitzuk (Bizikidetza eta Aniztasuna batetik, Gazteria bestetik), indarrak batu dituzte Zurrumurruen aurkako Estrategiaren eta Gazte Klik Klak lehiaketaren bitartez, eta Angélica Dass gonbidatu dute, Humanae proiektua Gasteizen erakustera.
Gazteriaren eta Bizikidetza eta Aniztasun alorretako zinegotzi Miren Fernández de Landa eta Angélica Dass bera izan dira gaur goizean proiektuaren aurkezpenean, zeinak gonbite egiten duen hausnartzera –azal koloreen aniztasun ikaragarria erakusten duen erretratu bilduma baten bidez– “nola azal-tonuaren alde txikiak arrazari buruzko kontzeptu oker handi eta estereotipo bihurtu daitezkeen”. Ekimena sei kontinenteetako 49 hiri baino gehiagotan izan da dagoeneko, Davoseko Munduko Ekonomia Forotik National Geographiceko orrialdeetaraino, azalaren koloreari eta identitate etnikoari buruz pentsatzen dugun modua kolokan jartzen duen eztabaida bati ekiteko asmoz.
Proiektuko argazkietan 19 herrialde eta 33 hiritako ia 4.000 boluntarioak ageri dira. Erretratu bakoitzean, boluntarioaren sudurraren 11 x 11 pixeleko lagin bat hartzen du, eta haren kolore berberaz tindatzen du hondoa, Pantone® paleta industrialaren arabera hondo horren kodea aurkitzeko; Erreferentzia horren neutraltasunak kolokan jartzen ditu arrazari esleitzen dizkiegun kontraesan eta estereotipoak.
Proiektuak ez ditu partaideak hautatzen, eta ez da datarik aurreikusi hura amaitzeko. Denetik dago bertan: Forbes zerrendako norbait, baina baita Mediterraneoa itsasontziz gurutzatu duten errefuxiatuak, Suitzan ikasten ari diren batzuk eta Rio de Janeiroko favelak. Era guztietako sinesmen, adin, jatorri, genero-identitate… Pertsona guztiek sortzen dute Humanae. Denak batera, etiketarik gabe.
Gaur arratsaldeko 19:00etan Goiuri jauregian egitekoa den topaketaz gain, argazkilaria ikasleekin bildu da Montehermoso kulturunean, Haur eta nerabeentzako parte hartzeko foroan. Ramón Bajo eta Santa Maria ikastetxeetako DLHko 6. Ikasturteko ikasleek zenbait proposamen egin zituen 2018-2019 ikasturtean zehar foro horretan, gero Haur eta nerabeen elkargunera eraman zirenak. Horietako batzuk arrazakeriaren aurkako kanpaina bat egitea eta arrazakeriaren aurkako mezuak osatzea ziren. 2019-2020 ikasturtean, ikastalde horiek jarraitu egiten dute Foroan parte hartzen, eta arrazakeriaren aurkako saio horietako batzuk abiarazi dituzte. Testuinguru horretan kokatzen da ikasle-taldeek Angélica Dass artistarekin izango duten elkartze-jarduera, ikasleei aurrez aurre azaltzeko Humanae argazki-proiektua.
Horrez gain, Angélica Dassek Arte eta Diseinuko Goi Mailako Eskolako ikasleei ere aurkeztuko die Humanae; izan ere, zentro horretan erakusten diren ikasketak aintzat hartuta, interes bikoitza izango du ikasleentzat: teknikoa batetik –zuzenean argazki-proiektuari dagokiona–, eta kontzeptuala –Humanaek arrazakeria, azalaren kolorea eta antzeko beste gai batzuen inguruan eragiten duen hausnarketa sakona–.
iturria - fuente: vitoria-gasteiz.org